Igandean hamabi urte beteko dira Angel Berrueta Donibaneko bizilaguna hil zutela. Zer zentzu emango diozue aurtengo omenaldiari?
Urtero bezala, haren denda zenaren aurrean ekitaldi xume bat eginen dugu igandean auzokide eta lagunek. Plataforma bat gara orain, eta izen ofiziala dugu, baina betiko zentzu berean egingo dugu. Halere, aurtengo erronka izan da udalak aitortzea Angel [Berrueta] badela motibazio politikoko biktima.
Zergatik izan da garrantzitsua udalaren aitorpen hori?
Nik uste dut izendapena bereziki garrantzitsua dela familiarentzat. Angel [Berrueta] ez da itzuliko, baina familiak eskubidea du aitortza hori jasotzeko. Beste biktima bat izan da bera; ez da beste inor baino gehiago, ezta gutxiago ere. Auzoan senideek beti izan dute babes handia. Baina uste dut erakunde publikoek aitortza hori egitea urrats handia dela.
Mozioa onartu zuten osoko bilkura hilaren 3an egin zuten. Nolakoa izan zen?
Horrelako batean egon naizen lehen aldia da. Oso erasokorra iruditu zitzaidan. Gure mozioa hamabosgarrena izan zen. Aurretik, haur eskolen ingurukoa eztabaidatu zuten. Oso deigarria da nola alderdi bakoitzak bere eremura eramaten duen gaia.
Zuen kasuan, nola izan zen?
Ia alderdi guztietako eledunek oso hitz onak izan zituzten. UPNko Maria Caballero zinegotziak ere hizketaldi polita egin zuen, nahiz eta ez zuen onartu Berrueta motibazio politikoko biktima denik. Hala ere, bilkura ostean, gugana hurbildu, eta familia agurtu zuen. Gutxienez, eskertzekoa da keinu hori. Okerrena PSNren jarrera izan zen. [Eduardo] Vall dena nahasten hasi zen: ETA, kale borroka eta abar. Erabateko errespetu falta izan zen.
Hala ere, eztabaida ostean, bozkatu eta mozioak aurrera egin zuen.
Boto bakarraren aldearekin egin zuen aurrera mozioak, eta alkateak bi aldiz bozkatu zuen. Berdinketa dagoenean horretarako eskumena du.
Ez al zuten mozioaren alde egin gobernua babesten duten alderdi guztiek?
Bai, hala da. Baina Geroa Baiko zinegotzi batek ezin izan zuen bozkatu. Kasu honen epaiketan, hiltzaileetako baten ofiziozko abokatua izan zelako.
Ez da lehen aldia Berrueta izaera politikoko biktima gisa onartzeko mozioa aurkeztu duzuela.
Lehen aldiz, 2012an saiatu ginen, baina atzera bota zuten. Baina udalbatzak urrian eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako biktimak aitortzeko mozio bat onartu zuen. Hori dela eta, saiakera berri bat egitea erabaki genuen.
Hainbat taldek ez dute mozioa babestu.
Bai, gaur egun oposizioan dauden taldeek Berruetaren hilketa kondenatzen dute, baina ez dute biktima politikotzat jotzen.
Hainbat urtetan udalaren babesik ez izateaz gain, arazo ugari izan dituzue.
Oztopo ugari izan ditugu. Adibidez, auzoak plaka jarri zuen Angelen [Berrueta] omenez, eta kendu egin zuten. Bestelako erasoak izan dira: pintaketak familiaren etxeko atarian, eta antzekoak.
Zergatik uste duzu talde politiko batzuek ez dutela Angel Berrueta biktima politikotzat jo nahi?
Auskalo. Jakingo banu! Ez dakit beldurrarengatik den edo beste zerbaitegatik. Baina azkenean, begiak ireki eta ikusi behar dute biktimak toki guztietan daudela. Mina bera baita.
Aipatu duzu udalbatzak onartu duela eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako biktimak aitortzeko mozioa. Lanean hasi al da udala?
Berehala hasiko dela espero dugu. Asteon, bilera egin dute Berruetaren senideek alkatearekin; ea bide horrek zer ematen duen.
Antzeko ekinbidea aurrera eraman zuen iaz parlamentuak.
Bai, baina Espainiako Gobernuak helegitea jarri zion legeari Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Geldituta dago, erabaki bat hartu arte.
Zergatik uste duzu gai hau horren gatazkatsua dela?
Ez dakit zergatik ez dituzten biktima guztiak onartu nahi. Orain arte pertsona asko ofizialki biktimatzat hartu ez badituzte ere, besteak bezalakoak dira, eta aitortza hori merezi dute haiek ere.