Berruetaren omenezko plaka jarri dute Iruñean, eta motibazio politikoko biktimak aintzat hartu

Poliziaren indarkeriaren biktima gisa aitortu zuen Nafarroako Gobernuak ekainean, eta, orain, Iruñeko Udalak egin dio aitortza.

Ekitaldian izan diren ordezkari politikoak eta Angel Berruetaren senideak, plaka ondoan dutelarik. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ekitaldian izan diren ordezkari politikoak eta Angel Berruetaren senideak, plaka ondoan dutelarik. IDOIA ZABALETA / FOKU
inaki rubio
Iruñea
2024ko urriaren 11
15:29
Entzun

Jende andana bildu da Iruñeko Martin Azpilikueta kaleko 18. zenbakian. Oraingoa, ordea, ez da urtero martxoaren 13an Angel Berruetaren erailketa salatzeko eta hura omentzeko egiten duten ohiko ekitaldia. Izan ere, Nafarroako Gobernuak polizia indarkeriaren biktimatzat aitortu zituen Berrueta eta haren familia iragan ekainaren 17an, eta, gaur, Iruñeko Udalak Berrueta omentzeko plaka bat mustu du bertan. Angel Berrueta 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo atentatuen testuinguruan erail zuen polizia batek, bere okindegian «ETAri ez» zioen kartela jarri nahi ez izateagatik.

12:00etan hasi da ekitaldia. Han izan dira Mari Carmen Mañas Berruetaren alarguna eta hiru seme-alaba. Iruñeko Udalaren izenean, Joseba Asiron alkatea eta hainbat zinegotzi izan dira, UPN eta PPkoak izan ezik, eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako kontseilaria ere bertan egon da.

«Azkenean, bazen garaia!», esan du Asironek, irmo. «Hogei urtez itxaron dugu momentu hau; minak eta erresistentziak markaturiko zirkulu bat itxi dugu ekitaldi honetan», jarraitu du. Halaber, Donibane auzoko bizilagunen laguntza eskertu du alkateak: «Hogei urte hauetan erakunde batzuen hoztasunaren aurrean askoz indartsuagoa den beste zerbait izan duzue: Donibaneko bizilagunen laguntza».

Biktima «guztiengatik»

Errezel batez estalitako plaka hatzaz seinalatu, eta jarraitu du: «Plaka honek argi eta garbi erakusten du gaurko Iruñea ez dela orain dela hogei urte izan zena». Ondoren, biktima guztiak berdinak direla azpimarratu du: «Gaur motibazio politikoko biktima guztiak omendu ditugu, Angelek bezala euren historia kontatzerik izan ez duten pertsona guztiengatik». Azkenik, Berruetaren memoria mantendu duten horien kemena eta indarra goraipatu ditu Asironek. «Zure egia grabaturik gelditu da plaka honetan, baina, bereziki, gure bihotzetan: Angel, gaur inoiz baino gehiago, gogoan zaitugu!»

Atrila utzi eta Mari Carmen Mañasen ondora joan da Asiron; biek batera kendu diote errezela plakari, txalo artean. Honako hau irakur daiteke: Hemen erail zuen poliziako funtzionario batek Angel Berrueta Legaz, motibazio politikoko testuinguru batean, 2004ko martxoaren 13an. Egia, memoria, duintasuna eta justizia.

Jarraian, Asier Mañasek, Angel Berruetaren ilobak, aurresku bat dantzatu du, negarrari eutsi ezinik, eta hala hartu du hitza Aitziber Berruetak ere: «Aurten, azkenean, motibazio politikoko biktima gisa aitortu dute aita, eta, horregatik, ekitaldi hau ofizialki eta publikoki egin izana eskertu nahi diogu Iruñeko Udalari». Hunkiturik jarraitu du: «Angel erail zutela dioen plaka bat izatea oso garrantzitsua da familiarendako eta baita auzoarendako ere, honela memoriak eta oroitzapenek luzaroan iraunen baitute».

Amaitzeko, Angel Gogoan plataformako Itsasne Zabalza eta Irati Vidal kideek hartu dute hitza. «Eskerrik asko, bazen garaia», esan dute horiek ere. «Orain historiaren parte izanen da Angel; plaka hau jartzea mugarri bat da tokiko historian». Halaber, omenaldi hori justiziak eta elkartasunak gizartean duten garrantziaz hausnartzeko aukera bat dela azpimarratu dute. «Azkenik, era batera edo bestera plaka hau jartzea posible egin duten guztiei aipamen berezia egin nahi genieke, baita justizia sozialaren alde eta biktima guztien errekonozimenduaren alde borrokatu diren, borrokatzen ari diren eta borrokatzen jarraituko duten guztiei ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.