Angel Berrueta Poliziaren indarkeriaren biktima gisa aitortu du Nafarroako Gobernuak

Haren emaztea eta lau seme-alabak biktimatzat jotzeko eskaera ere onetsi du. Berrueta 2004ko martxoaren 13an erail zuten polizia batek eta bere semeak. Hogei urtez ez du jaso babes instituzionalik.

Angel Berruetaren aldeko omenaldia, aurten, martxoaren 13an, Iruñeko Martin Azpilikueta kalean. IÑIGO URIZ / FOKU
Angel Berruetaren aldeko omenaldia, aurten, martxoaren 13an, Iruñeko Martin Azpilikueta kalean. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2024ko ekainaren 28a
17:30
Entzun

Nafarroako Gobernuak polizia indarkeriaren biktimatzat aitortu ditu Angel Berrueta eta haren familia. Poliziaren eta eskuin muturreko taldeek eragindako biktimen Aitortzarako eta Erreparaziorako Batzordeak aztertu du Berruetaren kasua, eta aldeko ebazpena eman du. Hala, Ana Ollo presidente bigarrenak eta Martin Zabalza Bake eta Bizikidetza zuzendari eta batzordeko presidenteak berretsi egin dute erabakia.

Konfidentzialtasun arrazoiengatik eta zerbitzu juridikoek aholkatuta, Nafarroako Gobernuak ez ditu publiko egiten ebazpenak. Asmoa da urte amaieran aitortza ekitaldi bat egitea —aitortutako lehen hamabi biktimei maiatzean egin zitzaien ekitaldi ofizial bat—. Dena den, erabakiaren berri ematen zaienean senideei, Nafarroako Jauregian ekitaldi xume bat egiteko aukera proposatzen zaie. Gehienek baiezkoa ematen dute, eta Berruetaren senideek hala egin dute goizean. Ana Ollo presidenteorde bigarrenak eta bere lantaldeak egin diete harrera.

Angel Berrueta 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo atentatuen testuinguruan erail zuen Espainiako polizia batek —Valeriano de la Peñak— eta haren seme Miguel Josek. Garai hartan, Jose Maria Aznarren gobernuak eta bere ingurune mediatikoak atentatu haren egilea ETA izan zela zabaldu zuten, eta denbora aurrera egin ahala tesi hari eutsi zioten. Iruñean, Martin Azpilikueta kalean zuen okindegia Berruetak, eta martxoaren 13an, ETA ez zioen kartela jartzeko presio egin zion poliziaren emazteak, Maria Pilar Rubiok. Uko egin zion eskaera hari Berruetak, eta handik gutxira, senarra eta semea okindegia sartu eta tiroka zein labankada hil zuten Berrueta. 

Epaiketa egin zitzaien polizia hari eta haren semeari, baina, hogei urte geroago, Aitziber Berrueta alabak salatu du bere aitak ez zuela justiziarik izan. Urtero herri aitortza egin diote Berruetari Donibaneko auzokideek, baina aitortza ofizialik ez du izan. 

2015era arte, Nafarroako Gobernuan eta Iruñeko Udalean, UPNk bizkarra erakutsi zion Berruetaren sendiari. 2015etik aurrera, gobernuan zein udalean aldaketa politikoa egon da, eta senideek babesa jaso badute ere, administratiboki ez dute aitortza ofizialik jaso. 2015ean Nafarroako Parlamentuak onartutako motibazio politiko legearen aurka jo zuen PPk, eta Konstituzionalak baliogabetu egin zuen lege hura. 

2019tik aurrera, segurtasun indarren eta eskuin muturreko taldeen indarkeriaren biktimen bigarren legea atera zen aurrera, eta hark egoera aldarazi du. Lege hark Konstituzionalaren oniritzia jaso ostean, aitortzarako bide luzea hasi zen. Haren aterkipean sortu zen Aitortzarako eta Erreparaziorako Batzordea, eta iazko urtarriletik aurrera biktimen eskaerak jasotzen eta aztertzen dihardu.

32 biktima, oraingoz

Hala, iaz Berruetaren biktima izaera aitortzeko eskaera egin zuen familiak. Gainera, emazteak eta lau seme-alabek eskaera bana egin zuten ere. Aitziber Berruetak aitortu du prozesua bera gogorra dela, duela hogei urteko bizipenak kontatu behar izan zutelako berriz. Azkenik, orain heldu da ebazpena.

Berruetaren kasua gehituta, gaur-gaurkoz, gobernuak 32 biktima aitortu ditu. Horien artean daude Mikel Zabalza, eta Mikel Arregi Lakuntzako zinegotzia, baita 1978 sanferminetan balaz zauritutako hiru lagun ere. Eskaeren artean, torturak jasan dituzten pertsonak egon dira, eta oraingoz bederatzi lagunen kasuak aitortu ditu gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.