Martin Azpilikueta kalearen erdialdean zegoen Angel Berruetaren okindegia. Han izaten zen goizean goizetik arratseraino. Toki berean, gaur arratsaldean, omenaldia egin diote ehunka auzokide eta herritarrek, hil zuteneko 20. urteurrenean. Gogoan izan dute, halaber, Kontxi Sanchiz —Berruetaren hilketa salatzeko Hernanin egindako manifestazio batean hil zen, bihotzekoak jota, Ertzaintzaren oldarraldi baten ostean estututa—.
2004ko martxoaren 11ko atentatuen ondotik garaiko Espainiako Gobernuak erabilitako estrategiaren biktima izan zen Angel Berrueta. PPren gobernuak hasiera-hasieratik zabaldu zuen ETA zegoela atentatuen atzean. Tesi hura zalantzan jartzen zuten zantzuak ugarituz joan baziren ere, gobernuak eutsi egin zion bereari. Martxoaren 13an Valeriano de la Peña poliziak eta haren semeak hil egin zuten Berrueta, tiroz eta labankadaz. Berruetak okindegian ETA ez zioen kartela jarri nahi ez izateak piztu zuen hiltzaileen haserrea.
Hogei urte pasatu dira geroztik, eta urtero legez, Donibane auzoko bizilagunek eta omenaldian bildutako guztiek babesa adierazi diete bi familiei. Lore sorta alboan zutela, han izan dira Mari Carmen Mañas Berruetaren alarguna, haren seme-alabak eta Sanchizen senideak. Iruñeko Udalaren izenean, Joseba Asiron alkatea eta Garbiñe Bueno EH Bilduko zinegotzia bertaratu dira.
Zintzarrien dilin-dalan hotsarekin hasi da omenaldia. Angel Berruetaren eta Kontxi Sanchizen bi argazki erraldoiei eutsiz heldu dira joaldunak. Mintxo Astiz eta Martin Berrizbeitia bertsolariek hiruna bertsorekin gogoratu dituzte 2004ko gertaera lazgarri haiek. Astizek lehen bertsoan kantatu du «tamalez labana luzea baina justizia motza» izan zela Berruetaren kasuan. «Guk badakigu nork tirokatu zuen gezurrezko bala», abestuz amaitu du Berrizbeitiak bere lehen bertsoa.
Ikusi gehiago
Aitortzarik ez oraindik
«Hemen gaude, M-13 oro bezala. Aurten zer esan pentsatzen ari ginelarik ohartu ginen ez dagoela ezer berririk esateko. Lehen urteurrenean bezala jarraitzen dugu. Hogei urtez eskatu dugun aitortza ez da oraindik iritsi», azpimarratu du Aitziber Berrueta alabak. Horregatik, bere hitzaldia baliatu du bildu diren guztiei eta azken hogei urteotan alboan izan dituztenei eskerrak emateko: Sanchizen sendiari, urtero omenaldia antolatu ohi duen Angel Gogoan plataformari, Donibane auzoari, Gurasoak elkarteari eta Egiari Zor fundazioari, motibazio politikoko biktimei... Ama eta anaia aipatu dituenean, hunkitu egin da. «Zuei esker merezi du bizitzak».
Gurasoak elkarteko kide zen Angel Berrueta, eta talde horren izenean hitz egin du Jose Miguel Olzak. «Zu gabe hogei urte iragan dira. Boladarik zailenetan inoiz huts egin ez zuen laguna izan zinen. Zuk utzitako lorratza handia izan da», mintzatu zaio Berruetari.
Bi abeslarik aurreskuaren doinua kantatu dute, eta haren erritmoan dantza egin dute Berruetaren semeetako batek eta iloba batek. Amaieran, elkar besarkatu dute, eta ama eta senideak agurtzera joan dira. Omenaldiko tarterik hunkigarrienetakoa izan da.
Egiari Zor fundazioko Ainara Gorostiagak gogora ekarri du inork ez duela erantzukizunik hartu M-11ren bertsio ofizial «gezurtiaren» aurrean. Fundazioak azaldu du euskal gatazkaren testuinguruan gertatu ziren giza eskubideen urraketaren harira guztiek dutela egia, justizia, aitortza eta erreparazioa izateko eskubidea, «bereizketarik eta salbuespenik gabe».
Azkenik, Angel Gogoan plataformako kideek gogora ekarri dute 2004ko martxoko «egun tragiko» hura. «Bi hamarkadatan Angelen oroitzapena gordetzen eta justizia lortzen ahalegindu gara. Axolagabekeriari eta zigorrik ezari aurre egin diogu, eta ahotsa altxatu dugu indarkeria instituzionalaren eta haren heriotza erraztu zuten hedabideen eraginaren aurka».