Nafarroako eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen aitortzarako eta erreparaziorako batzordeak berrekin dio biktimekin elkartzeari, eta Angel Berruetaren senideak hartu ditu. Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak espero dute agerraldi hori «abiapuntua» izatea, «behin betikoz, Angel Berrueta eta haren familia motibazio politikoko biktima gisa aitortuak izan daitezen».
Parlamentuak 2019an onartu zuen Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen aitortzarako eta erreparaziorako foru legea. Ordutik, biktimak aitortzeko eratutako batzorde horrek 35 eskaera inguru jaso ditu. Horiek batzordearen aurrean agertzen ari dira; Berrueta-Mañas familia izan da azkena.
Egiari Zorrek eta Torturatuen Sareak salatu dute giza eskubideen urraketa larriak jasandako biktima guztiei ez zaizkiela eskubide berak aitortu oraindik, Espainiako Estatuak sustatutako indarkeriaren biktimak «diskriminatuta» daudelako; horren adibidetzat jo dute Berrueta-Mañas familia.
Hori ikusirik, erakunde publikoei eskatu diete aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea ziurtatzeko: «Egia osoa jakiteko eskubidea». Horretarako, «memoria inklusibo» eta «ez-baztertzaile» baten alde egin dute: «Biktima guztiak aintzat hartuko dituena, kontakizun guztien balioa aitortuko duena, inongo diskriminazio eta asimetriarik gabe».
Hala, «ezinbestekoa» da foru legeak irekita abagunea baliatzea, bi eragileen arabera, «Nafarroan jasandako giza eskubideen urraketak ofizialki aitortzeko». Adierazi dute ezen, bana-banako urratsak izan arren, aitorpen ofizial horiek «balio handiko erradiografia» bat eskain dezaketela: «Memoriaren eremuan duen eraginagatik, gertatutakoaren kontakizuna eta bizi dugun gatazkaren izaera politikoa bistaratzen duelako». Beraz, biktimei laguntza eskaintzeko prest agertu dira, prozesuari ekitera animatuz.
«Urteetako sufrimendua»
Espainiako polizia batek eta haren semeak hil zuten Angel Berrueta, Iruñean, 2004ko martxoaren 13an. Bi egun lehenago, Al-Qaedak atentatu bat egin zuen Madrilen —193 lagun hil ziren, eta milaka zauritu—, baina, hauteskundeen testuinguruan, PPk ETAri egotzi zion hura, nahiz eta frogek kontrakoa adierazi. Horiek horrela, Valeriano de la Peña poliziaren emazteak, Pilar Rubiok, ETA atentatuarekin lotzen zuen kartel bat jarri nahi izan zuen Berruetaren okindegian. Hark uko egin zion, eta, ondoren, De la Peña eta haren seme Miguel Jose de la Peña okindegira joan ziren; labankadaz eta tiroz hil zuten Berrueta. Epaimahaiak ebatzi zuen arrazoi ideologikoengatik hil zutela okina, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak hogei urteko zigorra ezarri zion Valeriano de la Peña poliziari, eta hamabostekoa Miguel Jose de la Peña semeari. 2014ko apirilaz geroztik, baldintzapean aske da Miguel Jose de la Peña.
Gerora, senideek askotariko erasoak pairatu dituzte: beilatokian jendeari oldartu zitzaion Polizia; heriotza mehatxuak jasan zituzten;okindegiaren aurkako erasoak sufritu dituzte; eta etxeko atean pintaketak egin dizkiete. «Eta denbora honetan guztian, Nafarroako erakunde publiko bakar batek ere ez ditu biktima bezala ofizialki aitortu», deitoratu dute Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak, eta «hainbeste urteko sufrimendu eta inpunitatea» amaitzeko exijitu.