Gerra zikina

Ane Muguruza: «Estatu terrorismoa ez da GAL bakarrik izan»

Estatu indarkeria jasandako «ehunka lagunei» ere eskaini diete Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren hilketen urteurreneko omenaldia.

Lore eskaintza, eguerdiko ekitaldian. ARITZ LOIOLA, FOKU
Maite Asensio Lozano.
2021eko azaroaren 20a
16:44
Entzun

«Egia itzaletik argira ateratzeko borrokan jarraitzen duten guztiei, hedabideetan espazio txiki bat ere ez dutenei, efemerideetan aipatzen ez direnei, izen edo historia debekatua dutenei». Estatuaren indarkeria jasan duten «ehunka lagunak» gogoan izan dituzte Bilbon, Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren omenezko ekitaldian, eta, hain justu, haiei ere hedatu diete bi politikari abertzaleen hilketen urteurrenean dozenaka herritarrek agertutako babesa. Estatu indarkeriarekin lotutako auzi guztiak argitzeko eskatu du Ane Muguruzak, Josu Muguruza zenaren alaba eta Egiari Zor fundazioko kideak: «Estatu terrorismoa ez da GAL bakarrik izan».

Lorez, dantzaz, kantaz eta bertsoz oroitu dituzte HBko bi buruzagiak Errekalde auzoan. Ekitaldi jendetsua egin dute eguerdian: han izan dira EH Bilduko kide eta hautetsi ugari —besteak beste, Maddalen Iriarte, Bakartxo Ruiz, Mertxe Aizpurua eta Jone Goirizelaia—, eta bizikidetzaren alorreko hainbat ordezkari, hala nola Aintzane Ezenarro Gogora institutuaren zuzendaria edota Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramailea.

Brouard 1984an hil zuten, Bilbon zeukan pediatria kontsultan; Muguruza, berriz, bost urte geroago, 1989an, Madrilgo hotel batean, Kongresuko diputatu akta jaso berritan. «Data ez zen kasualitatea izan, ezta kontestua ere: biak hil zituzten bi elkarrizketa prozesuk huts egin ostean», adierazi du Tasio Arrizabalaga Egiari Zor fundazioko kideak. «Estatuaren erantzuna izan zen konponbidearen bidea argitzen saiatu ziren horiek desagerraraztea. Santiren, Josuren eta beste hainbaten proiektu politikoak oraindik ere aurrez aurre talka egiten du diktadoreak ondo lotuta utzi zuenarekin».

GALek hil zituen Brouard eta Muguruza, baina argi du Ane Muguruzak: harago doa estatu indarkeriaren itzala. Gogoan izan ditu, besteak beste, martxoaren 3ko sarraskian edota Pasaiako segadan hildakoak, German Rodriguez, Mikel Zabalza, Esteban Muruetagoiena eta Txabi Etxebarrieta, baita ZEN plana eta espetxe politika ere. Torturaz ere mintzatu da, eta gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak gaiaz egindako txostenean Ertzaintzaren tratu txarrak ere agertu zirela: «Lehendakariak harro dio ez dagoela Ertzaintzaren aurkako epai bat ere, baina min ematen digu oraindik inork ezer esan ez izana 300dik gora tortura kasu horiei buruz».

Ildo horretan, Muguruzak baztertu egin du «errebisionismo historikoa», «kontakizun bakarra eraikitzeko» xedea duelakoan: «Memorial baztertzaileak, ukatzen gaituzten diskurtso instituzionalak, jarrera alderdikoiak dituzten ustezko bizikidetza planak... Etengabe jasan behar ditugu estatuaren indarkeria eta terrorismoa goratzeko ekintzak».

Hala, krimenok argitzeko eta egia azaleratzeko eskatu du fundazioak. «Koherentzia» eta «ausardia» galdegin du Muguruzak «milaka pertsonari egindako kaltea behingoz aitortzeko». Baita ardurak hartzeko ere: «Indarkeria estrategiaren erantzukizuna ez da soilik estrategia hori abian jarri zutenena, ezinbestekoa baitzen gehiengo politikoaren babesa; egun etikaren, moralaren eta politikoki onargarria denaren elite gisa aurkezten diren horiena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.