Ane Muguruza: «Estatu terrorismoa ez da GAL bakarrik izan»

Estatu indarkeriaren «ehunka» biktimei eskaini diete Brouarden eta Muguruzaren omenaldia

Brouardi eta Muguruzari egindako omenaldia, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
«Egia itzaletik argira ateratzeko borrokan jarraitzen duten guztiei, hedabideetan espazio txiki bat ere ez dutenei, efemerideetan aipatzen ez direnei, izen edo historia debekatua dutenei». Estatuaren indarkeria jasan duten «ehunka lagunak» gogoan izan zituzten atzo Bilbon, Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren omenezko ekitaldian, eta, hain justu, haiei ere hedatu zieten bi politikari abertzaleen hilketen urteurrenean dozenaka herritarrek agertutako babesa. Estatu indarkeriarekin lotutako auzi guztiak argitzeko eskatu zuen Ane Muguruzak, Josu Muguruza zenaren alaba eta Egiari Zor fundazioko kideak: «Estatu terrorismoa ez da GAL bakarrik izan».

Lorez, dantzaz, kantaz eta bertsoz oroitu zituzten HBko bi buruzagiak Errekalde auzoan. Ekitaldi jendetsua izan zen: han izan ziren EH Bilduko kide eta hautetsi ugari —besteak beste, Maddalen Iriarte, Bakartxo Ruiz, Mertxe Aizpurua eta Jone Goirizelaia—, eta bizikidetzaren alorreko hainbat ordezkari, hala nola Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendaria edota Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramailea.

Brouard 1984an hil zuten, Bilbon zeukan pediatria kontsultan; Muguruza, berriz, 1989an, Madrilen, Kongresuko diputatu akta jaso berritan. «Data ez zen kasualitatea izan, ezta testuingurua ere: biak hil zituzten bi elkarrizketa prozesuk huts egin ostean», adierazi du Tasio Arrizabalaga Egiari Zorreko kideak. «Estatuaren erantzuna izan zen konponbidearen bidea argitzen saiatu zirenak desagerraraztea. Santiren, Josuren eta beste hainbaten proiektu politikoak oraindik aurrez aurre talka egiten du diktadoreak ondo lotuta utzi zuenarekin».

GALek hil zituen Brouard eta Muguruza, baina argi du Ane Muguruzak: harago doa estatu indarkeriaren itzala. Gogoan izan ditu, besteak beste, martxoaren 3an edo Pasaiako segadan hildakoak, German Rodriguez, Mikel Zabalza, Esteban Muruetagoiena eta Txabi Etxebarrieta, ZEN plana eta espetxe politika. Torturaz ere mintzatu da, eta gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak egindako txostenean Ertzaintzaren tratu txarrak ere agertu zirela: «Lehendakariak harro dio ez dagoela Ertzaintzaren aurkako epai bat ere, baina oraindik min ematen digu 300dik gora tortura kasu horiei buruz inork ezer esan ez izanak».

Muguruzak baztertu egin du «errebisionismo historikoa», «kontakizun bakarra eraikitzeko» xedea duelakoan: «Memorial baztertzaileak, ukatzen gaituzten diskurtso instituzionalak, jarrera alderdikoiak dituzten bizikidetza planak... Etengabe jasan behar ditugu estatuaren indarkeria eta terrorismoa goratzeko ekintzak». Hala, krimenok argitzeko eskatu du fundazioak,«milaka pertsonari egindako kaltea behingoz aitortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.