Lekuko aldaketa egin du Korrikak, eta koordinatzaile berria izango du: Ane Elordi (Zornotza, 1991). Hala erabaki zuen AEK-k, azken batzar nagusian. 2013tik karguan egon den Asier Amondo (Laudio, 1969) ordezkatuko du Elordik. AEKn jarraituko du Amondok, «beste eginkizun batzuetan», AEK-k berak jakinarazi duenez.
Kazetaritzan lizentziaduna da Elordi, eta 2015etik dabil AEKn. Hainbat lan egindakoa da bertan, irakasle izateaz gain: barnetegietan, Berbalagun egitasmoan, komunikazioan. Esaterako, Korrikaren azken aldian komunikazio lantaldeko kide izan zen, eta furgoneta gidaria aurrekoan.
Gogotsu hartu du ardura berria Elordik, aldaketaren berri emateko publikatutako bideoan adierazi duenez: «Korrika da Euskal Herriak daukan egitasmo handienetako bat. Zergatik? Bada, euskararen mugak baino ez dituelako, eta kolore eta iritzi askotako jendea biltzen duen egitasmo bakarrenetakoa delako. Ni neu horren gidari izatea ohorea da. Talde handia dago atzetik, eta gogotsu heltzen diot erronka honi». Korrikara «haize freskoa, gaztetasuna eta beste ikuspuntu bat» eramaten ahaleginduko dela ere nabarmendu du.
2024ko martxoaren 14tik 24ra egingo dute 23. Korrika. Aurtengoak izan duen «dimentsio erraldoia» kontuan hartuta, hurrengoa ere antzerakoa izango dela aurreikusten dutela azaldu du Elorduik, eta erronka nagusia dela horri «tamaina hartzea eta patxadazko antolaketa bat egitea». Hala ere, Korrikak bistaratutako indarra hamar eguneko lasterketatik kanpo ere baliatu beharra azpimarratu du: «Euskal Herri osoa zeharkatzen duen uholde horren indarra balia dezagun Korrika batetik bestera lanean jarraitzeko eta euskara kalean presente egoteko».