Ane Elordi: «Euskara indartuta atera da Korrikatik»

Amaitu da 23. Korrika, eta AEK-ko kideek balorazioa egin dute. Euskal Herriaren luze-zabaleko txoko guztietan Korrikak izan duen babesa nabarmendu dute.

korrika
Korrikaren balorazioa egiteko prentsaurrekoa, gaur. OLI ARTOLA
Irati Urdalleta Lete.
2024ko martxoaren 25a
11:30
Entzun

Hamar gau eta 11 egun igarota, atzo amaitu zen 23. Korrika, Baionan. Eta gaur balorazioa egiteko eguna izan da. Behin betiko datuak izan gabe ere, AEK-rentzat positiboa izan da, eta euskarari egindako ekarpena ere nabarmendu dute.

Hain zuzen, Korrika amaitu eta biharamunean egin du AEK-k hura baloratzeko prentsaurrekoa. Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak hartu du hitza, artezkaritza kontseiluko kideak alboan zituela. Elordik Korrikan izandako parte hartzea goretsi du, herriak eman duen erantzuna: «Argi gelditu da zenbat jende bildu den Euskal Herriko kale guztietan eta errepideetan, izan leku populatuetan, izan hain jendetsuak ez direnetan; toki guztietan izan dugu babesa, eta hori eskertzekoa da». Parte hartzea hainbestekoa izaki, lekukoarekin ezusteko bat izan dela ere aipatu du Elordik: «Lekukoak pixka bat sufritu du: zatitxo bat apurtu da, baina eskuz esku joaten da, eta normalak dira horrelakoak». Ikusteko dago zer egingo duten orain: «Bederatzigarren Korrikatik daukagu, eta ikusi beharko da zer egin aurrerantzean».

Baina indar erakustaldi bat izan delakoan dago, parte hartze hutsetik harago: «Argi dago badagoela herri gogo bat euskararen alde egitekoa, eta 22. Korrikan Donostian metatu zen indar horrek jarraitu du 23.ean ere, bai Irunen, bai Baionan». Alegia, Korrikak euskarari berari ere egin diola mesede: «Euskara indartuta atera da Korrikatik».

Eta, orain, zer? Indar hori aprobetxatu baharra dagoelakoan dago Elordi: «Orain dagokigu indar hori aprobetxatzea datozen hilabeteetan lanean jarraitzeko». Erronkak bata bestearen atzetik zerrendatu ditu: «Bihartik aurrera ere lanean jarraituko dugu, besteak beste, hizkuntza eskubideen aldarrikapenean, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioan eta doakotasunaren aldeko borrokan».

Zuzeneko emakizuna

Korrikak babes handia jaso du eta, beraz, handia izan da herritarren parte hartzea. Baina Korrikan parte hartzeko eta hari jarraitzeko modu asko daude, eta zuzeneko emankizuna da horietako bat. Arrakastatsua izan da; ostegunean pasatu zuten milioi bat ikustaldiko langa, eta hiriburuetan-eta 3.000 pertsona inguru egon dira aldi berean ikusten. «Datuak izugarriak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.