Anduezaren ustez, sozialistek erabakiko dute Jaurlaritzaren norabidea bozen ostean

PSE-EEren lehendakarigaiak esan du sozialistak «independentismoaren kontrako dikea» direla, Bilbon egindako ekitaldi batean.

PSE-EEren ekitaldia. Ezkerretik, Patricia Campelo, Felix Bolaños eta Eneko Andueza. MIGUEL TOÑA / EFE
Ezkerretik, Patricia Campelo, Felix Bolaños eta Eneko Andueza. MIGUEL TOÑA / EFE
gotzon hermosilla
2024ko martxoaren 14a
20:45
Entzun

PSE-EEk ekitaldi politikoa egin du Bilbon Eneko Andueza lehendakarigaiarekin eta Patricia Campelo Bizkaiko hautagaiarekin, eta gonbidatu berezia izan dute: Felix Bolaños Espainiako Justizia, Presidentetza eta Gorteekiko Harremanetarako ministroa. Andueza baikor agertu da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen inguruan, eta esan du «Euskadiko hirugarren lehendakari sozialista» izan nahi duela Ramon Rubialen eta Patxi Lopezen ostean: «Sozialistak erabakigarriak izango gara gobernua osatzerakoan; erabakia gure eskuetan egongo da».

Anduezaren esanetan, lehendakaritza eskuratzea ez da «bete ezinezko ametsa», eta hori lortzeko bi tresna aipatu ditu: sozialisten «kudeaketarako gaitasuna» eta hauteskunde programa: «Sozialistak gara proposamen zehatzak aurkezten dituzten bakarrak, herritarrak benetan kezkatzen dituzten arazoei irtenbideak emateko». Gainerako alderdiak kritikatu ditu: EAJri eta EH Bilduri dagokienez, esan du «elkarren arteko lehia bizian» daudela «ikusteko nor den independentistago», eta erantsi du PSE-EE «independentismoaren kontrako dikea» izango dela; Sumarri eta Ahal Dugu-ri dagokienez, Anduezak esan du oraindik euren arteko eztabaidan ari direla hauteskundeetara elkarrekin ez aurkezteagatik.

Bolañosek, berriz, gogora ekarri du hogei urte bete direla Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako hauteskundeetan gailendu eta presidente izendatu zutenetik, eta esan du sozialisten jardueraren ezaugarriak «bizikidetza, eskubideak eta ongizate estatua» izan direla beti. Azaldu duenez, Zapateroren agintaldian gobernuburua gogor kritikatu zuten «esparru publikoan bakea lortzen saiatzeagatik», eta kritika horiek alderatu ditu Pedro Sanchezen gobernuari amnistia legea hitzartzeagatik egiten dizkioten kritikekin: «Urte batzuk barru, hain gogor eraso egiten digutenek aitortuko dute bizikidetza lortzeko berebiziko urratsa izan dela».

Amnistia legearen harira, bere gobernuak egindako ahalegina goraipatu du Bolañosek: «Desberdin pentsatzen duenarekin esertzea ariketa positiboa da, eta ausardia behar da hori egiteko». Euskal Herriari dagokionez, baina, oso bestelako diskurtsoa erabili du Bolañosek, eta esan du sozialistak Jaurlaritzan baldin badaude ez dela «inolako eztabaidarik» irekiko, «ez bada herritarrei benetan axola zaizkien arazoen ingurukoa».

Zaintza eredua

Campelok ere sozialisten jarduteko modua eta hauteskundeetara aurkezten duten programa goraipatu ditu. Bereziki nabarmendu du PSE-EEk proposatzen duen zaintza eredua, Gizakidetza izenez bataiatu dutena, eta esan du «proposamen berritzaile eta eraldatzailea» dela: «Sozialistok egonkortasuna ekartzen dugu gobernatzen dugun tokietan, eta herritarren benetako arazoetan jartzen dugu arreta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.