Andueza: PSE-EE berme da «herritarren beharrak» erdigunean jartzeko

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sozialisten buruak uste du etorkizunak aurreikusi ezin diren aldaketa ugari ekarriko dituela, eta bestelako politikak beharko direla. «Euskadiren gidoia aldatuko dugu», adierazi du.

Andueza, atzo. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko otsailaren 22a
19:55
Entzun

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetarako irteera postuan kokatu du bere alderdia, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak bozetarako data zehaztu eta gutxira. Anduezaren esanetan, PSE-EE «indartsu bat» berme izango da «herritarren beharrak» politikaren erdigunean jar daitezen. «Garaia iritsi da erabakitzeko onenen artean egon nahi dugun, gizarte politikak egin nahi ditugun, ongizate handiagoa duen gizarte justuago bat eraiki nahi dugun. Erabakiko dugu gure nagusiak babestu nahi ditugun, txikienentzako etorkizun hobe bat nahi dugun, eta herrialde plural eta ireki batez gozatu».

Alderdi Sozialistako buruaren iritziz, mundua azkar ari da aldatzen, eta teknologiaren garapenak aurreikusi ezin diren ondorioak ekarriko ditu enpleguaren, hezkuntzaren, osasunaren edota mugikortasunaren arloetan. Hori dela eta, bestelako politiken beharra aldarrikatu du. «Euskadiren gidoia aldatuko dugu», adierazi du, PSE-EEren kanpainako leloari erreferentzia eginez.

Anduezaren esanetan, EAJk eta PSE-EEk koalizioan eratu duten gobernuaren emaitza «oso emankorra» izan da. Hurrengo legealdiari begira, adierazi du PSE-EEk bere orain arteko ildoari eutsiko diola. «Konpromisoa hartu nahi dugu sozialistok beti defendatu ditugun balioekin».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.