Anduezak Sanchezen babesa jasoko du PSE-EEren Kongresuan

EAEko sozialistek X. Kongresua egingo dute Donostian, bihartik igandera, eta egungo idazkari nagusi Anduezak karguan segituko du.

Pedro Sanchez eta Eneko Andueza, Donostian, kanpainako ekitaldi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Pedro Sanchez eta Eneko Andueza, Donostian, kanpainako ekitaldi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
xabier martin
2025eko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Eneko Anduezak PSOEren babes osoa du PSE-EEko idazkari nagusi gisa jarraitzeko, eta hala berretsiko dute EAEko sozialistek alderdiaren X. Kongresuan; bihar hasi eta igandera bitarte egingo dute, Donostian. Pedro Sanchez alderdiko buru eta Espainiako Gobernuko presidentea Anduezaren alboan izango da, barne prozesuak eman duen hautagai bakarraren ondoan, alegia. Kongresuan, Sanchez ez da izango PSOEko buruzagi bakarra Anduezari babesa agertzen, han izango baita, besteak beste, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohia ere.

PSEren karguak berritzearekin batera, afiliatuek txosten politikoak onartuko dituzte: barne antolakuntzari eta ildo politikoari dagozkien idatziak dira. Euskadi hemen eta orain lelopean egingo dute kongresua. Miguel Angel Morales Antolakuntza idazkariak aurreko egunetan azaldu duenez, sozialisten lehentasuna «Euskadi» dela irudikatu nahi dute, eta lanean ari direla haren «gidaritza hartzeko». Izan ere, «euskal erakundeak eta bereziki Eusko Jaurlaritza gidatzeko helburua» du alderdiak.

Biharko lehen jardunean, eztabaidak izango dituzte. Kongresua ofizialki hasi aurretik, etxebizitzaz eta garraioaz ariko dira, besteak beste, Denis Itxaso eta Susana Garcia Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta Isabel Rodriguez eta Oscar Puente Espainiako Gobernuko ministroak; eta, arratsaldean, «Euskadiren aniztasunaren» inguruan hitz egingo dute Zapaterok, Kataluniako Generalitateko presidente Salvador Illak, Gasteizko alkate Maider Etxebarriak eta Anduezak berak. Euskadi plural eta anitza Espainia moderno eta kohesionatuan izenburupean ariko dira guztiak.

Sanchezen itzalean

Larunbatean hasiko da, berez, batzarra, eta bertan Anduezaren lidergoa berretsiko dute. Kongresua hasteko ekitaldian, Donostiako Kursaalean, Sanchez izango da protagonista. Sanchezek Anduezaren kudeaketa txalotuko du, baina litekeena da, era berean, Espainiako politikagintzako gaiei ere heltzea. Kursaalean izango dira, halaber, EAEko CCOOko eta UGTko buruzagiak ere: Raul Arza eta Loli Garcia.

Goizeko txanda horretan, PSEko idazkari nagusi Anduezak kudeaketa txostena aurkeztuko du. Arratsaldean, berriz, mahai inguruak egongo dira. Idoia Mendia europarlamentaria, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta Carlos Cuerpo eta Oscar Lopez Espainiako Gobernuko ministroak «ekonomia berritzaileaz» ariko dira. Bistan da: PSOEk ahalegin handia egingo du Andueza berriro idazkari nagusi izendatuko duen Kongresuari garrantzia emateko.

Cristina Gonzalezek ez du jarraituko Arabako PSE-EEko idazkari nagusi gisa, eta litekeena da Javier Hurtado izatea haren ordezkoa.

Igandean amaituko dute sozialisten topagune handia, eta, itxiera horretan, Santos Cerdan ariko da, PSOEko Antolakuntza idazkaria, Sanchez Moncloara eramateko Juntsen botoak negoziatu zituen politikaria, alegia.

Eztabaida «identitariorik» ez

Kongresuan, Andueza idazkari nagusi berriro izendatzeaz aparte, gainerako kargudunak nor izango diren zehaztu beharko dute. Hau da, EAEko Batzorde Exekutiboko, Berme Batzordeko, Batzorde Nazionaleko eta Batzorde Federaleko kideak aukeratu beharko dituzte. Dagoeneko jakina da Cristina Gonzalezek ez duela jarraituko Arabako PSE-EEko idazkari nagusi gisa, eta Jose Ignacio Asensio hautagai izango dela Gipuzkoan. Gonzalez ordezkatzeko, hedabideetan izen bat zabaldu dute: Javier Hurtado, Turismo sailburua.

Era berean, Pau Blasi Ikerketa eta Programa idazkariak azaldu du alderdikideek 198 zuzenketa aurkeztu dizkiotela Alderdi eredua eta Estatutuak dokumentuari, eta 779 txosten politikoari. Txostenean, besteak beste, honako lehentasun hauek ezarri dituzte: etxebizitza, enplegua, mugikortasun jasangarria, Osakidetza, hezkuntza eta zaintza. Txostenei aurkeztutako zuzenketa gehienek lehentasunetan sakontzea izan dute xede. «Albo batera utzi dituzte hainbeste urtez euskal politikagintza baldintzatu duten eztabaida identitario horiek», azaldu du PSEk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.