Anduezak «proiektu independentista» aurkezteko erronka bota die alderdi abertzaleei: «Badakite ez dutela babes sozialik»

PSEk ez du estatus berri bat negoziatuko, baina «nazio aitortzan bat egin» dezaketela esan du; berehala azaldu du aitortza horren «idazteko moduaz» ari direla sozialistak, «terminologiari buruz».

Eneko Andueza, igandeko PSE-EEren Kongresuan, kargua berritu ondoren. JUAN HERRERO / EFE
Eneko Andueza, igandeko PSE-EEren Kongresuan, kargua berritu ondoren. JUAN HERRERO / EFE
xabier martin
2025eko otsailaren 18a
12:00
Entzun

PSE-EEko idazkari nagusi kargua berritu zuen Eneko Anduezak igandean egindako kongresuan, eta gaur bertan esan du alderdi abertzaleek orain arte ez dutela eraman subiranismoan aurrera egiteko egitasmo zehatzik Eusko Legebiltzarrera, «badakitelako ez dutela babes sozial nahikorik» hori egiteko. Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Anduezak berretsi du PSEk ez duela «estatus» berri bati buruz negoziatuko, baizik eta «estatutua berritzeaz». Euskal Autonomia Erkidegoko sozialisten buruak jakin badaki Eusko Legebiltzarrean «gehiengo independentista» dagoela, «batzuek esaten duten moduan», eta uste du EAJ eta EH Bildu «batuketa horretara» doazela; «horrek banaketa baizik ez du ekarriko», haren ustez, «Euskadi ez baitago egoera horretan».

Anduezak ez daki, azkenerako, alderdi abertzaleek urrats zehatzak egingo ote dituzten subiranismoan aurrera egiteko, baina uste du badagoela hori gertatzeko «arriskua»: «Batuketa hori gertatu da orain baino lehen, eta, euren helburua independentzia bada, logikoa da berriro gertatuko dela pentsatzea». Horrela gertatuko balitz, PSEk bere proiektua jarriko luke euskal herritarren «zerbitzura».

Izan ere, PSEko buruak ez du ulertzen EAJko eta EH Bilduko buruek «higatutako autogobernu bati buruz aritzea». Anduezak ziurtatu du PSOEri esker ari dela azken urteotan Gernikako Estatutua betetzen, eta ogasunek jasotako 100 eurotik 97 euro kudeatzen dituztela EAEko erakundeek.

Nazio aitortzaren letra txikia

Estatus berri bat negoziatzeko ez, baina zer eduki negoziatzeko prest dago PSE estatutu berri bati begira? «Euskal nazioaren aitortzan bat egin dezakegu», azaldu du, baina oso garbi utzita aitortza horren «idazteko moduaz» ari dela PSE, «terminologiari buruz», alegia. Ez alferrik, Andueza sinetsita dago Espainiako Konstituzioak euskal aberria aitorturik daukala jadanik: «Ez dugu arazorik hori beste era batera idazteko». Edonola ere, estatutu berri baten proiektuari esker «euskal gizarte osoa aitorturik» geratuko litzateke, Anduezaren irudiko, «eta proiektu independentistaren bidez, ez».

«Gardena naiz, garbi esaten dut Espainia herrialde plurinazionala dela, baina gai hori ez da funtsezkoa estatutua berritzeko»

ENEKO ANDUEZAPSE-EEko Idazkari nagusia

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten zenbait alderdi estatua berritzeko aukeraren inguruan hizketan ari dira azken hilabeteetan, PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi duenez. EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek abiatu zituen elkarrizketa horiek iaz, eta, aurrerantzean, Aitor Estebanek hartu beharko du jeltzaleen ordezkaritza; martxo amaieran, afiliatuek babesa eman ondoren, EBBko presidente izendatuko dute Esteban, Donostiako Batzar Nagusian.

Bada, Anduezak kartak agerian dituela esan du, «gardena» dela, eta argi esaten duela «Espainia herrialde plurinazionala» dela. Baina, harentzat, estatutua berritzeko funtsezkoena ez da gai hori jasotzea, «gizarte eskubideak» jasotzea baizik.

EAJ eta EH Bildu, berriz, bat datoz honetan: «erabakitzeko eskubidea» modu batera edo bestera jaso behar dela estatutu berrian; idatzi berri posible baten bidez estatus berri bat gauzatzea nahi dute, eta, hala, erabakitzeko eskubidea «instituzionalizatu». Eta hor dago PSEren muga, Anduezak berretsi duenez: «Hori da nazioaren aitortza erabiltzea independentismoari ateak irekitzeko. Gu oso urrun gaude hortik».

Erantsi du abertzaleek sarritan esaten dutela «gehiengo zabala» dutela Eusko Legebiltzarrean, baina gogoratu du orain arte ez dutela proiektu jakinik jarri mahai gainean, norabide horretan. Zergatik? Anduezaren arabera, «badakitelako ez dutela babes sozial nahikorik» horretarako: «Independentismoa inoiz baino ahulago dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.