Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak aitortu du errieta egin diela hainbat alderdikideri, abiadura handiko trenaren inguruan azken egunetan egindako adierazpenengatik. Gaur goizean Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean onartu du, baina ez du zehaztu nori egin dion errieta. Txosten teknikoak idatzi gabe daudenez azkarregi hitz egin dutela esan du, eta lasaitasuna eskatu: «Azter dezagun zer dioten txostenek, eta horren arabera ikusiko dugu nondik joango den».
Javier Hurtado Turismo sailburu eta Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak asteburuan esan zuen euskal Y-aren eta Nafarroaren arteko lotunea «Gasteizen egin ezean» ez dela egingo. Era berean, Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuak esan zuen «mundua ez dela amaituko» AHTa ez bada Nafarroara Gipuzkoatik barrena iristen. PSEko beste zenbait kidek ere egin dute aukera horren alde lehenago, tartean Anduezak berak.
Anduezak esan du erabakia irizpide teknikoetan oinarritu behar dela. Jasangarritasun ekonomikoa, ingurumenean izango duen eragina eta beharrezko baliabideak neurtu behar direla defendatu du, eta hiru irizpide horien arabera «bide jasangarriena» hobetsi behar dela.
Gai «oso serioa» dela adierazi du, eta interes alderdikoiak eta lurraldeen arteko lehiak albo batera utzi behar direla azpimarratu. «Hemen inportanteena da abiadura handiko trenaren konexioa gauzatzea».
Erantzukizunez jokatzea exijitu die alderdikideei eta EAJko agintariei. Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusia izan du ahotan, eta haren azken adierazpenak «arduragabekeria izugarria» izan direla esan du. Mendozak iradoki zuen erabakia jada hartuta dagoela, eta azken egunetako adierazpenak estrategia baten parte direla. Anduezak erantzun dio erabakia ez dagoela hartuta.
Enpresariak, kezkatuta
Gipuzkoako enpresarien ganbarak ere aitortu du kezkatuta daudela loturari buruzko eztabaida dela eta. Ohar bidez iragarri dutenez, hurrengo osoko bilkuran, apirilaren 30ean, Ezkio-Itsasoko aukeraren aldeko adierazpen bat onartuko dute. Gipuzkoaren etorkizunerako «ezinbesteko» geltokia dela defendatuko dute.
Erlazionatuta