PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza bere alderdiko foru eta udal hautetsiekin elkartu da, eta batzar horretan gogora ekarri die zein diren Alderdi Sozialistaren helburuak eta zeintzuk ez. Gasteizen egindako bileran, hiriko alkate Maider Etxebarria egon da, besteak beste, eta hari eta beste alkate batzuei esan die beren kudeaketa «benetan gobernatzea» dela, «desberdintasunaren aurka borrokatzea». Horren bidez helarazten zaie herritarrei «sozialistok garena».
Izan ere, Anduezak nabarmendu du PSEk «herritar guztien interesak» defenditu behar dituela, «salbuespenik gabe» eta «utopia identitarioetan galdu gabe». Horrek esan nahi du, haren esanetan, «zerbitzu publiko gehiago eta hobeak, garraioak, hezkuntza eta osasuna» babestea eta hobetzea. «2015etik Euskadiren aurrerakada errazago» ikus daiteke, PSE-EE EAJrekin batera Eusko Jaurlaritzan dagoenetik, alegia.
«Herritar guztien interesak defenditu behar ditugu, salbuespenik gabe eta utopia identitarioetan galdu gabe»
ENEKO ANDUEZAPSE-EEko idazkari nagusia
Orain, ordea, bide orri hori hautsi egingo ote den kezka adierazi du Anduezak; izan ere, esan duenez, «EAJk eta EH Bilduk ez dute onartu nahi beren helburu independentistek orain arteko dena arriskuan jar dezaketela».