Anduezak gobernu programa jarri du akordioetarako oinarri gisa

PSE-EEko idazkari nagusiak gogorarazi du, autogobernuan nahiz Osakidetzari buruzko eztabaidan, EAJ eta PSE-EE bat datozela oinarri batzuetan. Anduezaren esanetan, «beste alderdiak» batu litezke akordiora «ildo horretan badaude».

Eneko Andueza eta Imanol Pradales, gaur. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Eneko Andueza eta Imanol Pradales, gaur. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko uztailaren 12a
17:00
Entzun

Gernikako Estatutuaren erreforma hizpide izan du gaur Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin. Alderdien bilera sorta dela-eta elkartu dira, eta sozialistak adierazi du erreforma hori «alderdien esku» dagoela, baina «Euskadik aukera handia» duela alderdien arteko akordio bat lortzeko. Anduezak gogorarazi du gobernua partekatzen duten alderdiek jada badutela «oinarri argi bat» estatutuaren erreformak jaso beharreko edukien inguruan, baina adierazi du Eusko Legebiltzarra dela eztabaida horretarako lekua, ez Eusko Jaurlaritza: «Protagonismo hori bi alderdioi dagokigu», esan du.

Anduezak eskatu du alderdiak «batzen» dituen edukiei erreparatzeko, eta erantsi du «beste alderdiak» batu ahalko direla akordiora «ildo horretan badaude». Horrela, akordioak Eusko Legebiltzarrean dauden talde «ia guztien babesa» izanen luke: «Gutxienez, gobernuko bi alderdien artean ados gaude prozeduran, legeriak ezarritako markoan eta beste indar politiko batzuekin ehuneko handi batean bat gatozen edukietan. Utz diezaiegun alderdiei lan egiten, eta saia gaitezen akordio zabal bat lortzen».

Osasun arloaz ere mintzatu dira, eta, Anduezak zehaztu duenez, jeltzaleek eta sozialistek duten gobernu akordioan oinarritu behar da arlo horri buruz nahi den «akordio zabala», zeinak «lehentasunak eta konponbideak» zehazten dituen. «Gogoratu nahi dut bi alderdiek adostu dugula beharrezkoa dela sistema publikoaren kudeaketa indartzea, eta guneen eta zerbitzuen titulartasun publikoa mantentzea», gehitu du. Aurreratu du aurreikusia dutela plan bat arreta espezializatuko itxaron zerrenden egoera hobetzeko, baita kirurgien zerrendak ere. «Horrela jasota dago gobernu akordioan, eta modu berean jasota dago baliabide guztiak jarri behar direla profesionalak erakarri, mantendu eta kontratatzeko».

Gehitu du akordio horren gainean «adostasun zabalak» landu nahi dituztela: «Hasiera hori errespetatuz gero, elkarlana eta ekarpenak onartuko ditugu».

Datorren urterako aurrekontuei dagokienez, erran du sozialistek «erronka handiei aurre egiteko» modua ematen duten aurrekontuak defendatuko dituztela. «Herritarren interesak etengabe aintzat hartzeko modua ematen dutenak, zerbitzu publikoak eta gizarte politikak indartu eta babestuko dutenak», borobildu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.