Anduezaren ustez, «oso erraza» izango da beste estatutu bat lortzea legegintzaldi honetan

PSE-EEko eledunaren arabera, EAJrekiko negoziazioak aurrera doaz, eta, dagoeneko, adostuak dituzte puntu batzuk, baina ez du zehaztu zeintzuk.

Ekain Rico, Eneko Andueza PSEkoak eta Imanol Pradales EAJkoa.
PSE-EEko Ekain Rico eta Eneko Andueza, EAJko Imanol Pradales Eusko Legebiltzarrean, maiatzaren 16an. ADRIAN RUIZ HIERRO/EFE
Iñaki Etxeleku.
2024ko maiatzaren 22a
11:02
Entzun

Eneko Andueza PSE-EEko eleduna Euskadi Irratian mintzatu da Eusko Jaurlaritza osatzeko EAJrekin dituzten negoziazioei buruz. Adierazi du «oso erraza» izango dela EAEko beste estatutu bat lortzea legegintzaldi honetan, «batzuek alde batera uzten badituzte azken momentuan aldiro sortzen zaizkien obsesio subiranistak». Gehitu du estatutu horri buruz «ibilbide luzea» eginda badagoela, «testuaren %90etik gora adostua baitago».

Horrez gain, Anduezak jakinarazi du EAJrekiko negoziazioak ondo doazela aurrera: «Badoaz, eta ez da gutxi». Esan du puntu batzuk, dagoeneko, adostuta dauzkatela: «Bloke batzuk itxita eta adostuta daude».

EH Bilduk EAJri eta PSE-EEri biltzeko eta hitz egiteko egin proposamenari buruz, honako hau erantzun du Anduezak: «Esan dugu garai politiko honetan gure ahalegin guztiak EAJrekin hitz egitera bideratuta daudela, erakunde guztiei egonkortasuna emango dien gobernu bat osatzeko». Prest agertu da EH Bildurekin eta beste alderdiekin hitz egiteko negoziazioak bukatu ondoren. «Behin hori eginda, nik ez dut inolako arazorik EH Bildurekin biltzeko, baina iruditzen zait EH Bilduk ez duela ulertu zein garai politikotan gauden, eta protagonismoa nahi duela haiek halakorik ez duten une batean», adierazi du Anduezak.

Osakidetza

Gobernua osatzeko bi alderdien arteko solasetan Osakidetzari buruz bidean dutenaz ere aritu da buruzagi sozialista. Besteak beste, sozialistek hauteskunde programan 2.000 osasun langile gehiago jartzeko egin zuten proposamenari buruz. «Ziurrenik programan aurkituko dugu Osakidetzari behar diren langileak emango dizkiogula arazoei erantzuteko», ihardetsi du Anduezak, eta hori «Osakidetzak eta profesionalek beharrezko langileak hornitzeko erabiltzen dituzten txostenen ondorioz» etorriko dela gehitu du. Hain zuzen, «txosten horien arabera, 2.000 profesional behar dira Osakidetzan», zehaztu duenez, eta «2.000 profesional horiek gobernu programa horretan egongo dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.