PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza bere alderdiak eta EAJk egindako erreforma fiskalaren proposamena salbatzeko saioan da buru-belarri. EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Richard Vaquerorekin elkartu da Andueza gaur, eta moreen buruari eskatu dio Elkarrekin Ahal Dugu-ren ezezkoa «berraztertzeko». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiak osatzen dituzten alderdi biek, EAJk eta PSE-EEk, azken proposamen bat egin zioten Ahal Dugu-ri aurreko astean, eta indar politiko horretako zuzendaritzak akordiorako oinarria bazegoela iragarri zuen, zehaztuta afiliatuen onespena beharko zela aurretik. Bada, astelehenean jakinarazi zuten militantziak akordioaren alde egin duela, baina «alde txikiz» eta «parte hartze txikiarekin», eta Vaqueroren zuzendaritzak ez du babes nahikoa ikusi azken akordioa ixteko.
Horiek horrela, zerga erreforma ez aurrera ez atzera dago; batetik, EAJk planto egin duelako Ahal Dugu-ri eskainitako proposamenean; eta, bestetik, oposizioko beste taldeek erreforma beste modu batera egin nahi dutelako: EH Bilduk «sakoneko aldaketak» eskatu ditu, eta «benetako negoziazioa», eta PP ez dago prest Elkarrekin Ahal Dugu-rekin adostutako proposamena babesteko. Aldi berean, PSEk ez ditu «bateragarritzat» jo PPren eredu fiskala eta berea; eta, beraz, zerga erreformaren proiektua katramilaturik dago, Batzar Nagusietan proiektua bidea egiten hasteko bezperan. Gipuzkoan eta Bizkaian babes bat behar dute jeltzaleek eta sozialistek, gutxiengoan gobernatzen baitute; Bizkaian ez dute behar, baina hiru lurralde horietan harmonizazio fiskala egotea nahi dute aldundiek.
Beste proposamen baten zain
Horregatik, gaur, PSEko buru Andueza estu hartzen saiatu da Ahal Dugu-ko buru Vaquero. Moreen buruak ziurtatu du ez direla negoziazio mahaitik altxatu, baina EAJk eta PSEk aldaketak egin beharko dituzte proiektuan, Ahal Dugu-ren babesa nahi badute: «Gure militantziak mahairatu duenaz harago, gure jarrera berriz aztertzeko esan digute. Hasieratik esan dugu aurkeztu zigutena ez zitzaigula nahikoa iruditzen, baina ez gara inolaz ere mahaitik altxatu. Herritarrei mesede egingo dien aldaketa esanguratsuren bat egonez gero, gure jarrera berraztertuko dugu», berretsi du Vaquerok, bileraren ostean.
Anduezak uste du badagoela tarterik akordio baterako, eta Vaquerori eskatu dio helarazteko euren proposamenak. EAJren atzoko plantoa, ordea, oztopo handia izan daiteke negoziazioak aurrera egin dezan. «EAJk proposamena itxitzat eman du, baina guk kontraproposamen bat espero dugu: mahai gainean genuena hobetzea», gaineratu du Ahal Dugu-ko buru Vaquerok.
PSE-EEren kongresuan idazkari nagusi izendatu berri dute atzera Eneko Andueza, eta beste alderdietako arduradunekin abiarazi duen elkarrizketa sorta baten lehena izan da Vaquerorekin gaur egindakoa.
«Ba al da inor nora jo badakiena?»
EH Bilduko Programa idazkari Nerea Kortajarenak ere zerga erreformari erreparatu dio, eta garbi utzi du koalizio abertzaleak prest jarraitzen duela negoziatzeko, baina, EAJk bota duen ultimatumaren aurrean, hau esan du: «EH Bildurekin negoziatzea negoziatzea da». Ahal Dugu-ri eskainitako proposamena norena den galdetu du, halaber: «EAJrena eta PSErena da? Bakarrik PSErena?». Foru aldundiko bazkideen egoera «bitxia» dela erantsi du: «Proposamen bat beste alderdi batekin negoziatu, alderdi horrek ezezkoa eman, eta proposamen horixe ari zaizkigu eskaintzen orain guri?».
EAJk proposamen hori «ultimatum» gisa eskaini duela azaldu du Kortajarenak, eta denei eskaini dietela, «esanez azken minutura arte negoziatzeko prest daudela, baina, aldi berean, garbi utzita hori dela azken posizioa». Egoera horren aurrean, «seriotasuna eta zorroztasuna» eskatu ditu koalizioko eledunak. Gogoratu du gobernu batek ez duenean gehiengo nahikorik bere proiektuak aurrera ateratzeko negoziatu egin behar duela: «EH Bildurekin negoziatzea da negoziatzea». Hala, erreforma fiskal «sakon» batek eskatzen dituen edukiei buruzko elkarrizketa bat zabaltzera deitu ditu EAJ eta PSE. «Horretarako aurkeztu ditugu gure zuzenketak». Erantsi du «herritarren ongizatea bermatzeko eztabaida» bat egin behar dela, «finantza nahikotasuna» gakoetako bat dela, eta ez dela egin oraindik. Eta azken galdera bat egin du: «Ba al da inor nora jo badakiena?».