Anduezak EAJri argitu dio Sanchezek «eztabaidatzeko» konpromisoa duela, «ez adostekoa»

Jaurlaritzako lehendakari Pradalesek Espainiako presidente Sanchezi gogorarazi dio «Euskadi nazio gisa» aitortzeko konpromisoa duela, eta «behartuta» dagoela hori betetzera.

Imanol Pradales, atzo, EAJren Alderdi Egunean, Sanchezen konpromisoaz ari zela. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Imanol Pradales, atzo, EAJren Alderdi Egunean, Sanchezen konpromisoaz ari zela. ENDIKA PORTILLO / FOKU
xabier martin
2024ko irailaren 30a
12:00
Entzun

EAJren Alderdi Egunean estreinakoz aritu zen atzo Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales, eta, agertoki horretan, Espainiako presidente Pedro Sanchezi erreparatu zion, eta gogorarazi zuen haren konpromisoak «derrigorrez» betetzekoak direla. «Akordio politiko» baten aldeko apustua berretsi zuen, nolanahi ere, eta, hitz horien biharamunean, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza Espainiako Gobernuak dituen konpromiso horien inguruan aritu da, Herri Irratian.

Hasteko, Anduezak EAJri argitu dio Sanchezen konpromisoa dela —haren inbestidurarako akordioa dela-eta— «eztabaidatzeko, eta ez adostekoa», Pradalesek atzo aipatutako «Euskadiren nazio aitortzaren» harira. PSE prest dago eztabaidatzeko, baina Andueza «estatutuaren erreformaz» ariko da «bakarrik». Izan ere, PSEko buruak abertzaleei galdetu die ea «zer esan nahi duten» estatus berria, kontzertu politiko berria eta aldebikotasuna aipatzen dituztenean. «Lehen-lehenik, argiak izan daitezela gurekin eta herritarrekin. Esan dezatela zer nahi duten hitz horiek erabiltzen dituztenean».

Eta, jarraian, Eusko Jaurlaritza osatzeko EAJk eta PSEk adostutako ituna atera du mahai gainera, «gardena» baita, haren arabera. Itun horrek «jasotzen du estatutuaren inguruko edozein akordio legearen barruan egongo dela». PSEko idazkari nagusiak jeltzaleei esan die «beste abentura batzuetan» ibili nahi badute akordio hori «urratu» egingo dutela. Edonola ere, Andueza prest dago «Euskadiren nazio aitortzari buruz« hitz egiteko; izan ere, haren ustez, Espainiako Konstituzioak eta Gernikako Estatutuak  jasotzen dute «Euskadiren nazionalitate kontzeptua». Hori dela eta, PSEko buruak uste du hori bera «beste modu batera idazteko» tartea dagoela. «Nahi beste buelta ematea dago legezko marko horren barruan; horretan adostuko dugu».

EAJren barne prozesua

Anduezarentzat, ez da kasualitatea EAJk orain «hainbeste» hitz egitea nazio aitortzaz. Uste du jeltzaleek martxan duten «barne prozesua estaltzeko» asmoz ari direla, «etxean eduki dezaketen zarata estaltzeko». «Beharbada, tila hartu behar dutenak haiek dira», esan du, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak atzo sozialistei emandako aholkuaren harira.

Hain zuzen, atzo jakinarazi zuen EAJk zuzendaritza berritzeko prozesuaren egutegia, eta, Donostian, martxoaren 29an eta 30ean egingo dute Batzar Nagusian onar daitekeen txostenari begira zer eduki eztabaidatuko dituzten, datozen hilabeteetan. Bost gai nagusi izango dituzte afiliatuek eztabaidagai, eta lehena hau izango da: «Euskadi, Nazio Europan: Burujabetasuna, Nortasuna eta Helburu politikoak».

EBBren berritzearen inguruan badago galdera nagusi bat, ea Ortuzarrek karguan jarraituko duen ala ez. Egungo EBBko buruak ez du argitu zer asmo dituen, eta, atzo, Forondako zelaietan, denbora irabazi zuen berriro, eta apenas esan zuen ezer bere jarraipen posibleaz. «Ez zaitzatela kazetariek kutsa. Ez galdetu niri zer egin behar dudan. Galdetu zeuen buruari, zer egingo duzuen alderdiaren mesedetan». John F. Kennedyren esaera entzutetsuaren aldaera hori erabili zuen, auzia alde batera uzteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.