Bertsio bakarra dago, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiaren esanetan, eta EAJ eta PSE-EE ados daude. Hezkuntza ereduak mantentzearen alde egingo dute. Hala erantzun zion Anduezak Pello Otxandiano EH Bilduko programa zuzendariari. Eta hau gehitu zuen: «Agian interpretazio okerra egin duena Hezkuntza sailburua izan da, Jokin Bildarratz». Bai EAJk, bai Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «interpretazio bera» egiten dutela esan zuen Anduezak atzo. EAJrekin Hezkuntza Legerako zuzenketen harira egin duten akordioa defendatzeko mintzatu zen Andueza Eusko Legebiltzarreko korridoreetan. Familiek eredua hautatzeko modua izatea bermatu izana txalotu zuen.
Hezkuntza itunetik lege aurreproiektura egindako bi urteko bidean ez da jaso hezkuntza eredua. Astearte goizean amaitu zen legeari zuzenketak jartzeko epea, eta gobernuko bazkideek, EAJk eta PSE-EEk, azken unean aurkeztu zituzten zuzenketak, elkarrekin. PSE-EEren eskaera zen ereduei eustea.
Anduezak defendatu egin zuen PSE-EEk zuzenketarekin egindako «ekarpena», «eredu elebakar batera ez joatea bermatu duelako». Galdetu zioten zer iruditzen zaion EH Bilduk legea ez babestea, eta esan zuen «gehiengoak ezartzeko» daudela, baina ahaleginak egingo dituztela EAJk eta PSE-EEk ez ezik EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere babes dezaten. EAJk eta PSE-EEk badute gehiengo osoa parlamentuan legea aurrera ateratzeko: 41 eserleku 75etatik.
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ez zuen eredu linguistikoetan jarri arreta, hura «garatzean eta eguneratzean» baizik. Aitortu zuen egungo ereduak ez datozela bat ikastetxeetako errealitate soziolinguistikoekin, ETB1en egin dioten elkarrizketan. Esan zuen eredu linguistikoak helburu jakin bat lortzeko tresna bat direla; alegia,DBH amaitzerako ikasleek euskaraz eta gaztelaniaz B2 maila eskuratzea eta beste hizkuntza batean B1a izatea lortzeko tresna bat.
Esan zuen hezkuntza sistemak haur asko euskaldundu dituela azken berrogei urteetan, baina gizartea aldatu egin dela, eta aldatzen segituko duela: «Egokitu egin behar dugu». Beraz, haren ustez, «argitu eta hobetu» egin da lege proiektua EAJk eta PSE-EEk adostutako zuzenketarekin. «Orain, legebiltzarraren txanda da, eta legebiltzarkideek eztabaidatu egin behar dute Hezkuntza Lege hobea lortzeko».
Ereduak vs errealitatea
Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzaren hizkuntz politikako sailburuordea «harrituta» azaldu zen hezkuntza ereduek sortu duten polemikaren harira, Bizkaia Irratian egin zioten elkarrizketan. Uste du horietaz ari denak ez duela ikastetxeetako errealitatearen berri. Azpimarra egin zuen legearen beste puntu batean: jasotzen da ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua garatu ahal izango duela, daukan errealitate soziolinguistikoaren arabera. Uste du EH Bilduk lege proiektuari babesa ematen segituko duela.
Otxandianok Euskadi Irratian esan zuen gaur egun ez daudela baldintza egokienak alderdien arteko elkarrizketa baterako, eztabaidak dimentsio publikoa hartu baitu. Hori ona dela esan zuen, alderdi bakoitzak orain jendaurrean azaldu behar baitu bere jarrera. Berretsi zuen, Dobaranek esan zuen moduan, ikasgeletan ereduen auzia gaindituta dagoela, ikasgela berean askotan nahasten baitira elebakarrak eta eleaniztunak, askotariko jatorrikoak, eta egungo ereduak zaharkituak geratu dira errealitate horri erantzuteko. «Arazoa da ez dagoela estrategia eta baliabide nahikorik aniztasun linguistiko horri erantzuteko». Otxandianoren ustez, gutxiengo batek, PSE-EEk, irizpide politiko bat «inposatu» dio gehiengoari. Gogoratu zuen bi urte luzetan legeari lotutako lantalde askotan hartu dutela parte, eta orain arte PSE-EEk ez duela auzitan jarri ereduak gaindituta zeudela. «Zer dela-eta blindatu nahi dituzte ereduak orain?». Uste du hauteskundeei begirako interesak gailentzen hasi direla. «Lege hau estrategikoa da, herri kohesiorako oinarrizkoa, eta eskatzen dugu eztabaida hezkuntza gaiei atxikitzeko». Otxandianoren esanetan, «interes asko» daude ez dezan arrakastarik izan, eta, legealdi honetan ateratzen ez bada, ez du uste bermerik dagoenik hurrengo legealdian utzitako toki berean heltzeko legeari.
Anduezak dio Hezkuntza Legeko zuzenketetan bat datozela EAJrekin
PSE-EEk esan duenez, «agian Bildarratzek egin du ereduen interpretazio okerra». EH Bilduk galdetu du zer dela-eta ereduena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu