Anduezak dio «konformismoaren» eta «politika ausarten» artean hautatu beharko dela

Bilbon egin dute hauteskundeen hasiera ekitaldia sozialistek, eta adierazi dute «sozialisten progresismoa» dela alternatiba.

Eneko Andueza PSE-EEko lehendakarigaia gaur, Bilbon. PSE-EE
Eneko Andueza PSE-EEko lehendakarigaia gaur, Bilbon. PSE-EE
Isabel Jaurena.
2024ko apirilaren 4a
21:00
Entzun

«Autokonplazentzia eta konformismoan jarraitzea» edo «politika eraldatzaile eta ausartak aplikatzea». Hautu hori egin beharko da Eusko Legebiltzarrerako datozen hauteskundeetan, Eneko Andueza PSE-EEko lehendakarigaiak erran duenez. «Euskadik politika sozialak sortu eta abian jarriko dituen gobernu aurrerakoi bat izatea du jokoan. Gutxi batzuentzako gobernu bat edo gehiengo batentzako gobernu bat izatea dugu jokoan», zehaztu du.

Bilbon egin dute hauteskundeen hasiera ekitaldia sozialistek, eta bertan izan dira Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko Ogasun ministroa, eta Arabako eta Gipuzkoako zerrendaburuak Aroa Jilete eta Denis Itxaso. Anduezak erran du badakiela herritar anitzek ez dutela argi noren alde bozkatu, eta herritar horiei eskatzen diela entzuteko: «Hau ez da EAJren eta EH Bilduren arteko bataila bat. Nazionalismoaren alternatiba ezin da independentismoa izan, sozialisten progresismoa da alternatiba». Bide horretatik, gogoratu du PSE-EErik gabe Eusko Jaurlaritzan izan diren «politika progresistak» ez zirela gertatuko: «Ez litzateke etxebizitza politikarik egongo; ez genuke Hezkuntza Legerik izango ikasleen zerbitzura, baizik eta doktrinatzeko lege bat; ez litzateke Lanbideren erreforma integralik egingo erabiltzaileak erdigunean jarriz, eta ez genuke klima aldaketari buruzko lege onik izango».

Jiletek eta Itxasok ere antzeko bidetik egin dituzte adierazpenak, eta erran dute sozialistek «etorkizun progresista eta feminista» ziurtatu dezaketela. Itxasok dei egin die egonkortasuna baloratzen duten horiei: «Dei egiten diegu oraingoan Alderdi Sozialistaren indarraren alde egin dezaten. PSE-EEk ziurtatzen du egonkortasuna eta akordioen politika izatea gure bizitza publikoaren eta politikoaren gidari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.