Anduezak EAJri ohartarazi dio «ez jolasteko» Jaurlaritzaren gehiengoarekin

Jeltzaleek jarrera aldatu eta horrek Espainiako Gobernuari ematen dioten babesari eragingo balio, Jaurlaritzako bi bazkideen harremana «aztertu» beharko litzateke, Anduezaren esanetan.

Ortuzar eta Andueza, Pradalesen hitzaldia entzuten, Forum Tribuna Euskadin. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Ortuzar eta Andueza, Pradalesen hitzaldia entzuten, Forum Tribuna Euskadin. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
xabier martin
2024ko irailaren 17a
11:30
Entzun

PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza bete-betean sartu da EAJ Espainiako Kongresuan egiten ari den politikan, ohartarazteko Madril eta Gasteiz loturik daudela babes politikoei dagokienez ere. Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Anduezak adierazi du «nabaria» dela azken asteotan jeltzaleak EH Bildutik «aldentzeko eta bereizteko» ahaleginean dabiltzala Madrilen, eta ohartarazpen argia egin dio EAJri: jeltzaleen jarrera aldatuko balitz eta horrek Pedro Sanchezen gobernuari ematen dioten babesari eragingo balio, aldaketak «eraginak» izango lituzke Eusko Jaurlaritzan ere, «logikoki».

EAJk PPrekin eta Voxekin batera bozkatu du berriki Venezuelaren inguruko legez besteko proposamen baten harira, eta Edmundo Gonzalez herrialde horretako presidente gisa aitortua izan dadin babestu; bada, Anduezak alderdi bakoitzaren «estrategiaren barruan» sartu du jeltzaleen urrats hori, baina ohartarazi du Sanchezi ematen dioten babesari eutsi ezean Eusko Jaurlaritzako bi bazkideen harremana «aztertu» beharko litzatekeela. «Harremana ezberdina litzateke», esan du, eta ezohiko abisu bat eman dio EBBri, Eusko Jaurlaritzari dagokionez: «Ez da komenigarria horrekin jolastea, espekulatzea».

Ziurtatu du «Euskadin» egonkortasuna dagoela «erakunde guztietan», eta hori «onuragarria» dela herritarrentzat. Egonkortasun horri PSEk bide ematen dioela ere erantsi du, azken hauteskundeetan «EAJk behera egin ondoren».

Sanchez eta Pradales, elkarrekin

Nolanahi ere, Jaurlaritzako bazkideen, hau da, EAJren eta PSEren arteko tirabiren jatorria ez da Venezuelaren inguruko bozketa. BBBko presidente Itxaso Atutxak ohartarazi du EAJ «haserretu» egingo dela «kontzertu ekonomikoa eta hitzarmena zalantzan jartzen badira aurrerantzean ere». Kataluniako finantzaketa sistema berriaren harira, Espainiako erkidego guztietan eztabaida ireki da, eta, ostiralean, Pedro Sanchezek Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakaria hartuko du Moncloan. «Egokia litzateke Kataluniarekin sinatu duen horri buruzko informazioa ematea guri», esan zuen Atutxak, eta, hala, aditzera eman Hego Euskal Herriko zerga sistemak ez direla zertan mahai gainean jarri: «Gureak eztabaida horretatik kanpo geratu behar du».

Andueza bera ere aritu da Sanchez eta Pradalesen arteko bilerari buruz. Pradalesek kontzertu politiko bat egitea proposatu berri du Araba, Bizkai eta Gipuzkoak bestelako harreman bat ezartzeko Espainiarekin, eta, proposamen hori hizpide hartuta, Anduezak garbi utzi du ez dela PSEren gustukoa. «Gobernuaren barruan, ez gatoz bat hausnarketa horrekin». Andueza oso gogor aritu da Hegoaldeko hiru lurralde horiek Madrilekin aldebiko harremana izateko proposamenaren inguruan: «Orain dugun hori da aldebikotasuna. Kontzertu ekonomikoa Gernikako Estatutuak eta Konstituzioak aitortzen dute; beste harreman hori ez dago aitortua, eta legearen aurkakoa da».

Areago, PSEko buruaren ustez, «Euskadi Espainiatik eta Europatik kanpo uztea» dago Pradalesen proposamen horren atzean, eta PSEk ez du halakorik «onartuko».

Entzutera bakarrik

Moncloako bilera dela eta, BBBko buru Atutxak uste du «ondo» dagoela «entzutea», baina nahiago du Hegoaldeko sistema bereziak ez «berresten» hastea, «ez delako beharrezkoa». Atutxak ontzat jo du Kataluniak finantzaketarako lortu duen akordioa, «orain artekoa ez zelako egokia», baina ohartarazpen oso argia egin dio Sanchezi: «Kontzertua eta hitzarmena zaku honetan sartzen badituzte berriro, eta zalantzan jartzen badira, erabat haserretuko gara. Ez gara berdinak; finantzaketan ezberdinak gara, beste hainbat gauzatan bezala». Eta Sanchezi gogorarazi dio, besteak beste, EAJren babesari esker dagoela gobernuan.

PSEko buru Eneko Anduezari ere erantzun dio BBBko presidenteak, estatus berriaren inguruan egitekoa den negoziazioa ahoan hartu baitzuen hark aurreko astean. Abertzaleek «parlamentuan gehiengoa» dutela esan, eta zera erantsi zuen: «Horrek ez du esan nahi bat datorrenik gehiengoak nahi duenarekin». Gogoratu zuen inkesten arabera independentzia nahia inoiz baino apalago dagoela. «Ez dute herrialdearen pluraltasuna ordezkatzen».

Horiek horrela, batzuek eta besteek adierazpenak egin dituzte azken egunetan estatus berriaren inguruan, legealdi honetan estatutua berritzeko helburua finkatua baita. EBBko buru Andoni Ortuzarrek bilera sorta bat egingo du alderdiekin luze gabe, eta Andueza kezkaturik mintzatu zen abertzaleek akordio bat egingo ote zuten erabakitzeko eskubidearen harira.

Bada, Atutxak esan dio EAJ leiala dela sinatzen dituen «akordioekin». Jaurlaritzako itunean sozialistekin sinatutakoaren arabera, estatus berriaren inguruko negoziazioa alderdien artean egingo da hasieran, Eusko Legebiltzarretik kanpo. Anduezak ohartarazi zuen ezin dela «gehiengo batzuen alde egin erakundeen gobernuak osatzeko eta gero beste gehiengoen alde egin beste bide batzuk egiteko».

«Ez dut ulertzen Andueza kezkatzea guk beste alderdiren batekin akordioak egiteagatik», erantzun dio Atutxak, «batez ere gure arteko akordiotik at geratzen diren edukien ingurukoak badira». Bestalde, gogorarazi du Sanchezekin ados jarri izan direla autogobernuari dagozkion gaietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.