EAJk esan du sozialisten aldetik ez dela Andueza erabaki behar duena estatusari buruz

EAJko bozeramaileak ziurtatu du jeltzaleek harreman ona dutela PSE-EErekin.

Joseba Diez Antxustegi, artxiboko argazki batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Joseba Diez Antxustegi, artxiboko argazki batean. RAUL BOGAJO / FOKU
xabier martin
2025eko otsailaren 20a
13:30
Entzun

«Estatus berri bati buruz ez, baina estatutu berri bati» buruz negoziatuko duela esan zuen atzo PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak, eta «proiektu independentista» aurkezteko erronka bota zien alderdi abertzaleei, erantsita haiek badakitela ez dutela «babes sozial nahikorik» horretako. Bada, EAJk erantzun egin dio gaur bertan. Joseba Diez Antxustegi Eusko Legebiltzarreko eledun jeltzaleak esan dio, Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa baten bidez, akordio politiko bat dagoela sinaturik, EAJko buru Andoni Ortuzarrek eta PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezek izenpetu zutela, eta idatzi horrek ezartzen duela zein den «jarraitu beharreko bidea».

2023ko azaroaren 10ean egindako akordioari erreparatu dio modu horretan Diez Antxustegik, eta  garrantzia kendu estatus berriari Anduezak egindako ukoari: «Haren buruzagiak erabaki du, nire buruzagiak erabaki du, eta buruzagiek erabakitzen dutenean, indiarrek egin behar duguna da hori onartu eta bide horretan lan egin».

EAJko bozeramaileak ziurtatu du jeltzaleek harreman ona dutela PSE-EErekin; Imanol Pradales lehendakariaren eta Mikel Torres lehendakariordearen artekoa «bikaina» ei da. «Egonkortasun giro batean lan egiten ari gara». Ikusteko dago PSE-EEko buruzagiari «indiar» esateak egonkortasun horri lagunduko dion ala ez, argiro adierazten baitu burujabetzari dagokion edukian ez duela PSEk erabakiko, baizik eta Ferrazek, Sanchez presidenteak alegia.

««Ez zaio garrantzi handirik eman behar Anduezak estatus berriaren edukiaz esaten duenari; lehenik, asko hitz egiten du; bigarrenik, argi dago mahai gainean zer dugun»

JOSEBA DIEZ ANTXUSTEGI EAJko legebiltzarreko eleduna

Estatus berriaren edukiari dagokionez, «ez zaio garrantzi handirik eman behar Anduezak esaten duenari», Diez Antxustegiren esanetan; «lehenik, asko hitz egiten duelako; bigarrenik, benetan uste dudalako ez duela merezi arreta berezirik jartzea Anduezak zer esaten duen, argi baitago orain zer dagoen mahai gainean». Egoera zein den zehaztu du, Ortuzarrek eta Sanchezek sinatutako akordio politikoari erreparatuz. Anduezak eduki horretan zein rol jokatuko duen are garbiago helarazteko, Diez Antxustegik zuzenean azaldu du zein den haren gaitasuna eta zein ez: «Ez du hark erabaki behar gai horri buruz».

EAJko presidente Andoni Ortuzarrek eta PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezek azken horren inbestidurarako egindako akordioan, jasota dago Espainiako Gobernuak eta Alderdi Sozialistak urratsak egingo dituztela «autogobernuaren alorrean»: bai Gernikako Estatutua osorik betetzeko, bai «etorkizuneko autogobernuaren» inguruko akordio bat erdiesteko. Hamar orrialde eta sei atal ditu testuak: autogobernua, segurtasuna, ekonomia eta fiskalitatea, kultura, Nafarroa eta Europa. Haien artean, baina, autogobernuaren ingurukoak nabarmendu dira, afera horrek biltzen baititu gainerako ataletako asko ere. Gainera, Ortuzarrek berak azpimarratu zuen afera horretan «aurrerapen argi bat» egiteko balioko duela.

Otegiren eskaintza

Diez Antxustegik ez dizkio PSEren buruzagiari bakarrik esan hitz gogorrak. Orain bi aste, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik zerrenda bateratuak egiteko eskaintza egin zien EAJri eta ezker konfederalari, Europako eta Espaniako Gorteetarako hauteskundeetan «herri gisa» azaltzeko helburuz. Diez Antxustegirentzat, «Otegiren beste bat» da eskaintza hori. «[Otegik] Gehiago pentsatzen du hedabideen izenburuetan, herri honen beharretan baino».

EAJko bozeramaileak erantsi du ez diola sinesgarritasunik ematen EH Bilduren eskaintza horri: «Alderdi desberdinak gara, iritzi desberdinak ditugu ekonomia bultzatzeko moduaz, industria defendatzeko moduaz, zerbitzu publikoen kudeaketaz, nahi dugun polizia sistemaz eta Osakidetza hobetzeko dugun moduaz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.