Andueza: «Gidoia aldatu dugu; Euskadiren etorkizuna guk erabakitzen dugu»

PSE-EEko buruak berriro kargua hartuko du bihar, alderdiaren hamargarren kongresuan, eta Sanchezen babesa jaso du gaur, Donostian. Espainiako gobernuburuak ohartarazi du «politika aurrerakoiak» direla ultraeskuina garaitzeko bidea.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea (ezkerrean) eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia (eskuinean), gaur, PSE-EEren kongresuan, Donostiako Kursaal jauregian. JUAN HERRERO / EFE
Pedro Sanchez Espainiako presidentea (ezkerrean) eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia (eskuinean), gaur, PSE-EEren kongresuan, Donostiako Kursaal jauregian. JUAN HERRERO / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko otsailaren 15a
15:35
Entzun

DONOSTIA— Azken hiru urteak «gogorrak» izan dira Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiarentzat, gaur goizean alderdiaren hamargarren kongresuan aitortu duenez, baina «harro» agertu da denbora horretan alderdiak lortu dituen emaitzengatik. Anduezaren esanetan, PSE-EE indartsuagoa da orain, 2021eko urrian berak alderdiaren gidaritza hartu zuenean baino. «Soilik hiru urteren ondoren, esan genezake beste hasiera bat eman geniola geure buruari, herrialde honen gidoia aldatu dugula, eta Euskadiren etorkizuna guk erabakitzen dugula». 

PSE-EEko idazkari nagusiak bihar hartuko du berriz kargua, alderdiaren kongresuaren azken egunean. Hautagai bakarra da, eta ziurtatua du bera izango dela hautatua. Ostiraletik, kongresua hasi zenetik, PSOEko zenbait buruzagiren babesa jaso du Anduezak: alderdiaren zuzendaritzarena eta Espainiako ministro batzuena, besteak beste. Gaur, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea izan du ondoan.

Anduezak bere agintaldiaren balantzea egiteko hartu du hitza —ia ordu erdikoa izan da hitzaldia, eta minutu bat eskas egin du euskaraz—, eta goraipatu egin ditu PSE-EEk tarte horretan lortu dituen hauteskunde emaitzak. «Hain denbora laburrean bost hauteskunde prozesuri aurre egitea, azkenean, aukera ona izan da euskal sozialismoa zer den frogatzeko, zenbateko balioa duen frogatzeko, eta hazteari ez uzteko».  

«Bost hauteskunde prozesuri aurre egitea aukera ona izan da euskal sozialismoa zer den frogatzeko» 

ENEKO ANDUEZAPSE-EEko idazkari nagusia

Anduezaren iritziz, PSE-EEk modu esanguratsuan handitu ditu erakundeetan dituen erantzukizun politikoak. Nabarmendu du Eusko Jaurlaritzan hiru sail izan beharrean bost sail dituztela orain. «Baina, batez ere, egin dugun jauzi kualitatiboari aitortu behar diogu garrantzi gehien, horrek ahalbidetzen baitigu ardura askoz ere handiagoa izatea euskal herritarrentzat hain funtsezkoak diren arloetan». Besteak beste aipatu ditu ekonomia, enplegua, mugikortasuna, azpiegiturak eta etxebizitza.

PSE-EEk «egonkortasuna» eta «aurrerabidea» bermatzen dituela ziurtatu du, bestalde. Egonkortasuna, erakundeetan «inoiz baino beharrezkoagoa den gehiengo parlamentarioa» bermatzen duelako, baina baita ere «atea ixten» diolako «inork abenturaren bat hasteko gogoa izateari». 

Anduezak PSE-EEren negoziazio ahalmenari lotu dio Osakidetzarako baliabide gehiago «bidean» izatea, Ertzaintzarentzako «hitzarmen duin bat» lortzeko negoziazioak hasi izana, 12 urtetik beherakoentzako garraio publikoa doakoa izatea eta Lanbidek «baliabide gehiago» jaso izana.

Eusko Jaurlaritzan ez ezik, PSE-EEren eragina PSOEren barruan ere areagotu egin dela esan du. «Zutabe bat gara sozialismo espainiarrarentzat». PSE-EEk PSOEren Batzorde Federal Exekutiboan ordezkariak irabazi dituela nabarmendu du. «Hamarkadak igaro dira halako pisua eta ordezkaritza izan genuenetik batzorde exekutibo horretan».

Sanchezek PPri egin dio dei

Andueza zoriontzeko egin ditu Sanchezek lehen hitzak Donostian, eta sozialdemokrazia aldarrikatu du, «Euskadin, Espainian eta Europan» egungo erronkei erantzuteko politika eraginkor gisa. Sanchezen ustez, «etorkizunak beti ematen dio arrazoia aurrerabideari», eta horren adibide gisa aipatu ditu Espainiako Gobernuak onartu zituen zenbait neurri. Besteak beste, Genero Indarkeriaren Aurkako Legea, Heriotza Duinerako Legea, lan erreforma eta merkatu energetikoan esku hartu izana. 

«Ultraeskuinak Europa suntsitu nahi du barrutik, eta huts historiko bat da PPk ultraeskuinari giltza ematea»

PEDRO SANCHEZEspainiako presidentea

Horren inguruan, eskuineko oposizioa Espainian galduta dagoela dio, eskuin muturrarekin «koalizio negazionista» bat osatuta. «Ultraeskuinak Europa suntsitu nahi du barrutik, eta huts historiko bat da PPk ultraeskuinari giltza ematea». PPri exijitu dio apurtu ditzala Voxekin dituen akordio guztiak.

Sanchezen esanetan, argia da eskuin muturrari aurre egiteko bidea zein den. «Modurik onena da politika aurrerakoiak egitea, frogatzeko horiek direla jendearen beharrei erantzuten dietenak, bidezko irtenbideak ekartzen dituztenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.