Andueza: «EAJk eta EH Bilduk gehiengoa daukate, baina ez dute ordezkatzen herri honen pluraltasuna»

PSE-EEko idazkari nagusiak EAJri eskatu dio argitzeko ea estatutua berritzeko eztabaidan «obsesio subiranistak» lehenetsiko dituen.

Eneko Andueza, Eusko Legebiltzarra eratzeko bilkuran, maiatzean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Eneko Andueza, Eusko Legebiltzarra eratzeko bilkuran, maiatzean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jon olano
2024ko irailaren 10a
13:05
Entzun

Euskal Autonomia Erkidegoko estatutua eguneratzeko eztabaida gero eta maizago dabil azkenaldian ordezkari politikoen ahotan. Atzo, Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak esan zuen aste gutxi barru abiatuko direla alderdien arteko bilerak, «estatus berriari buruz» hitz egiteko. Gaur, ordea, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak oharra egin du: «Batzuek eztabaida hori zabaldu nahi badute euskal gizartearen lehentasunen artean ez dauden bideak ibiltzeko, PSE-EEk ez du denborarik galduko». Hortaz, «argi» jarduteko eskatu dio EAJri: «PSE-EEk beti utzi du argi bere lehentasuna zera dela, akordio bat lortzea ja lortutako eskubideak babesteko eta euskal herritarrei interesatzen zaizkien gaietan zentratzeko. EAJk argitu behar du zer nahi duen: PSErekin duela bi legealdi sinatu zuen akordioari berriro heldu, edo  EH Bildurekin sinatu zuen akordioa hartu, zeina nagusiki oinarritzen zen erabakitzeko eskubidean, autodeterminazioan eta independentziarako bidean».

Anduezaren ustez, EAJk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean «gehiengoa izateak ez du esan nahi gehiengo hori bat datorrenik euskal gizartearen parterik handienak gai honetan pentsatzen duenarekin. Ikerketa soziologikoek adierazten dute sentimendu independentista inoizko apalena dela. Gehiengoa daukate, baina ez dute ordezkatzen herri honen pluraltasuna».

«Aukera handi bat dugu estatutuari buruzko akordio zabal bat lortzeko baldin eta denok argi badugu zeintzuk diren euskal gizartearen lehentasunak»

ENEKO ANDUEZAPSE-EEko idazkari nagusia

Beraz, Anduezak goretsi egin du 2019an EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek proposatutako adituek osatutako dokumentua: «Oinarri ona da. Beste ordezkari politiko batzuk kabitzeko moduko akordio bat da, hala nola PP eta EH Bildu, baldin eta banantzen gaituzten gaiak kanpoan uzten baditugu». Orduko hartan, hiru alderdiek izendatutako adituek testu artikulatu baten bizkarrezurra taxutu zuten, baina, desadostasunetan bat egin ezinik, elementurik esanguratsuenetan gai berari buruzko bertsio alternatiboak jaso zituzten: erabakitzeko eskubidearen formulazioan, eskumenak bermatzeko ereduan, estatutuaren erreforma prozesuan egin nahi zen kontsulta gaitzailean, eta eskumenen ataleko xedapen orokorretan.

EH Bilduk eta PPk testu artikulatu propioak aurkeztu zituzten. Aurrez, 2018an, EAJk eta EH Bilduk estatus berriaren oinarri eta printzipioei buruzko testu bat hitzartu zuten, eta Elkarrekin Podemos akordiora batu zen eskubideen atalean.

Hala ere, akordio bat posible dela nabarmendu du Anduezak: «Aukera handi bat dugu estatutuari buruzko akordio zabal bat lortzeko baldin eta denok argi badugu zeintzuk diren euskal gizartearen lehentasunak: osasungintza, etxebizitza politika, hezkuntza, garraio publiko onak izatea. Horretarako, gure estatutua babestu behar dugu, 45 urte geroago berritu gabea. Berriro obsesio subiranista eta independentistez eztabaidatzea porrota izango da. Ikusi genuen Lizarrako akordioan, Ibarretxe planean».

Gasteizen alde

Anduezak AHTaren lotunearen inguruan ere hitz egin du, eta zer jarrera duen argitu: Iruñea eta euskal Y-a Gasteiztik lotzea. PSE-EEko kideak esan du ez duela baztertzen «beste alternatiba batzuk» aztertzea, baina gehitu du sozialistek «ingurumena arloan, ekonomikoki eta teknikoki jasangarria» den aukera baten alde daudela, eta alde horretatik Gasteizko lotunearen baldintzak Ezkio-Itsasokoak (Gipuzkoa) baino hobeak direla: «Gaur-gaurkoz, argi dirudi horrek, eta [Garraio] Ministerioak ere hala adierazi du». Arabako eta Gipuzkoako erakundeetako ordezkarien arteko talka eremu bilakatu da gai hori azken asteetan, eta Eusko Jaurlaritzak ez du baten edo bestearen alde egin nahi izan Espainiako Garraio Ministerioak aferaren inguruko txosten bat osatzen duen arte.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.