De Andresek dio «neurri identitarioak» alde batera utziz gero Jaurlaritzarekin elkarlanean arituko dela

PPk uste du Osakidetzan euskara eta gaztelania eskatzea «traba bat» dela.

Javier de Andres, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Javier de Andres, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko uztailaren 12a
14:55
Entzun

Javier de Andres PPko burua Imanol Pradales lehendakariarekin elkartu da gaur. Esan du prest dagoela akordioak egiteko osasun arloan eta autonomia estatutua erreformatzearen inguruan, baina gehitu horretarako Jaurlaritzak alde batera utzi beharko dituela «neurri identitarioak». De Andresek zehaztu duenez, bilkuran landu duten gai nagusia Osakidetzarena izan da: zehazki, Pradalesek alor horretan akordioak lortzeko duen proposamena.

PPko ordezkariak adierazi du prest daudela alor horretan elkarlanean aritu eta hala Osakidetzaren «gainbehera» konpontzeko. Gogora ekarri du euren proposamenetako bat ere: Osakidetzan lan egiteko baldintzetan, balioa apaltzea euskaraz jakiteari. Izan ere, euskara hizkuntza ofiziala den arren, De Andresi iruditzen zaio hizkuntza eskakizun hori «ideologikoa eta identitarioa» dela. Uste du gaztelania eta euskara eskatzea «traba bat» dela osasun sisteman lana finkatzeko. 

Gernikako Estatutuaren erreformari dagokionez, adierazi du PPk ez duela «oztoporik» jarriko. Halere, argitu du erreformak haien oniritzia izateko «gizartearen interesei» erantzun beharko diela, eta ez «obsesio identitarioei» . «Askatasunean sakontzen duen estatutu bat egitea bada asmoa, gu hor egongo gara; baina hertsatzailea izateko bada, interpretatzeko, lan egiteko eta ikusteko gure modua mugatzeko bada, gu hor ez gara hor egongo», borobildu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.