De Andres, Martinez eta Larrea izango dira PPren hiru zerrendaburuak

Alfonso Alonso Gasteizko alkate ohiak itxiko du Arabako zerrenda.

De Andres, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
De Andres, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko martxoaren 13a
13:05
Entzun

Gaur hasi da alderdiek zein koalizioek Eusko Legebiltzarrerako bozetarako zerrendak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskunde batzordeei aurkezteko epea, eta PPk egun hau baliatu du bere zerrendak publikoki argitaratzeko. Alderdiak esana zuen Javier de Andres EAEko PPko presidentea izango dela lehendakarigaia, eta, hain zuzen, hura izango da Arabako zerrendako lehena.

Arabako zerrendan, Laura Garrido legebiltzarkidea eta Ainhoa Domaica Gasteizko Udalean duten eleduna ageri dira De Andresen atzetik. Alfonso Alonsok ere lekua izango du zerrenda horretan, modu sinbolikoan bada ere. Izan ere, Gasteizko alkate ohi eta alderdiko presidente izanak Arabako zerrenda itxiko du. Alonsok 2020an utzi zuen politikako lehen lerroa, Madrildik erabaki zutenean hura ez zela izango lehendakaritzarako hautagaia.

Araban alderdiko presidentea izango da zerrendaburua, eta Bizkaian, berriz, idazkari nagusia. Esther Martinez Bilboko Udalean Alderdi Popularrak duen eleduna da egun. Hark ordezkatuko du Carlos Iturgaiz, 2020ko bozetan lehendakarigai izana eta azken urteetan Eusko Legebiltzarrean alderdiaren eledun lanak egin dituena. Zerrendako bigarrena Alvaro Gotxi izango da, EAEko Ciudadanosen Antolakuntza idazkari ohia; egun, PPko Ikerketa eta Programa idazkariordea da. 

Gipuzkoan, berriz, ez da aldaketarik lehen postuan, alderdiak Muriel Larrea Gipuzkoako PPko presidente eta legebiltzarkidearen aldeko apustua berretsi baitu. Bigarren lekua, berriz, Joana Arcek beteko du. Hura Alderdi Popularraren Gipuzkoako hautagaia izan zen Espainiako Kongresurako bozetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.