«Ni ez naiz GALeko burua, baina, izango banintz eta zuk jakingo bazenu, zure bizitzak bi pezeta bakarrik balioko lituzke». Hala esan zion Andres Casinello Espainiako armadako teniente jeneralak kazetari bati 1984an. Ordurako, GAL hasia zen gerra zikina deitu zutena garatzen —esaterako,Santiago Brouard hil zuten urte hartan—, eta Cassinello GAL berdea deiturikoaren arduraduntzat jotzen zuten hainbat informaziok; hau da, GALen Guardia Zibilaren adarraren erantzule nagusia. Atzo hil zen, Madrilen, 97 urte zituela; hain zuzen ere, Santiago Brouarden eta Josu Muguruzaren hilketen urteurren egunean.
ErlazionatutaKO EDUKIA
Frankismotik etorri eta zuzenean 1979an abiarazitako erregimen politiko berrirako birziklatu zituzten militar horietako bat izan zen Cassinello, eta, hala diktaduran nola demokrazian, esparru berean jardun zuen beti: inteligentzian eta zerbitzu sekretuetan. 1945ean sartu zen akademia militarrean, eta, 1966an, AEBetan antolatutako ikastaro batean parte hartu zuen, Fort Bragg base militarrean. «Gerra iraultzailea eta kontrainsurgentzia», horixe zen ikastaro horren gaia; urte berean, Operaciones de guerrillas y contraguerrillas izeneko liburua (Gerrillen eta kontragerrillen operazioak) argitaratu zuen, eta laster hasi zen AEBetan ikasitakoa Espainian eta Euskal Herrian praktikan jartzen.
Sedec informazio zerbitzuetako buru izan zen 70eko hamarkadaren hasieran, eta, ardura horretan, Francoren eta Carrero Blancoren kolaboratzaile estua izan zen. Franco hil eta Sedec CESID bilakatu zenean, hor jarraitu zuen Cassinellok, eta, handik, Guardia Zibilaren zerbitzu sekretuen buruzagitzara igaro.
ZEN plana
1982an PSOEk Espainiako Gobernua eskuratu zuenean, Cassinellok rol garrantzitsua hartu zuen ETAren kontrako borrokan. 1983an plazaratutako ZEN planaren egiletzat jo izan dute behin baino gehiagotan; Cassinello, espioitzan eta zerbitzu sekretuetan trebatua izaki, beti izan zen oso zuhurra, eta ez zuen gustuko bere jardueraz jendaurrean hitz egitea, baina inoiz onartu zuen bera izan zela plan horren egile nagusia.
GAL agertzeaz batera hasi ziren argitaratzen GALen Guardia Zibilaren adarra eta Cassinello lotzen zituzten informazioak. Are, informazioak baino gehiago ere bai: 1996an, Baltasar Garzon epaileak Ramon Oñederra, Angel Gurmindo, Bixente Perurena eta Christian Olaskoagaren hilketekin zerikusia izatea leporatu zion, eta Guardia Zibilak Intxaurrondon (Gipuzkoa) duen kuartelean talde bat prestatzea «ETAren kontra indarkeria erabiliz jarduteko». 2002ko otsailean, inputazioa kendu zioten.
Geroztik, GALena «arrakastaz zuzendutako kanpaina irudimentsu bat» izan zela esan zuen militarra arreta mediatikotik urrun ibili zen, jendaurreko adierazpenik apenas egin gabe. Oso elkarrizketa gutxi eman zuen. «Kontu nagusiak [GALi buruzkoak] ezagunak dira, eta ez dakit ona den ezaguna ez den horren berri jakitea», esan zuen 2008an El País egunkariari emandako elkarrizketa batean. Zekizkienak kontatu gabe zendu da.