Andreentzat pentsatua, andreek egina

Feminismoa eta politika izan zituzten hizpide atzo alderdi politikoetako ordezkariek. Sabino Arana fundazioak antolatu zuen hitzaldia

EAJren EBBko kide Mireia Zarate, mahai inguruaren parte hartzaileak aurkezten, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Feminismoa eta politika. Horixek ziren Sabino Arana fundazioak antolatutako mahai inguruaren gaiak, eta horietaz aritu ziren atzo Itxaso Atutxa (EAJ), Izaskun Duque (EH Bildu), Idoia Mendia (PSE-EE), Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos-IU) eta Laura Garrido (PP). Bi norabideko eztabaida bat izan zen: emakume gisa politikagintzan eta erakundeetako lanean izandako bizipen, oztopo eta trabak aletu zituzten; baina, era berean, instituzioetatik berdintasuna lortzeko egiten den lana ere mintzagai izan zuten. Iritzi kontrajarriak izan zituzten zenbait kontutan, baina genero bazterketaren kontra sarean lan egiteko egokitasunaz bat etorri ziren guztiak.

Duquek aitortu zuen azken urteotan gauzak «asko» aldatu direla, baina ez behar bezainbeste: «Gakoa ez da bakarrik emakumeak boterean egotea, botere horrekin zer egiten den baizik: beharrezkoa da politika feministak egitea», esan zuen. Bat etorri ziren horretan Mendia eta Atutxa, eta euskal erakundeetatik egiten ari diren politikak goraipatu zituzten. Mendiaren esanetan, genero ikuspegia «Jaurlaritzaren sail guztietan eta politika guztietan» eragiten duen aldagaia da, eta Atutxak Emakunderen jarduera goretsi zuen, «hastapenetan, haren kanpaina batzuk mespretxuz hartu baziren ere».

Emakumeen agenda

Ba al dago emakumeen agenda politiko propio bat? Horixe galdetu zuen moderatzaile lanetan aritu zen Eva Domaika kazetariak. PPren Laura Garridoren ustez, agenda hori xede bakar batean laburbil daiteke: «Emakumeei nahi duten lekuetara iristea galarazten dieten oztopoak kentzea» da gakoa, esan zuenez.

Duquek «mugimendu feministaren aldarrikapenetan» kokatu zuen emakumeen agenda, eta Gorrotxategik ohartarazi zuen, gai espezifikoez gain, politika orokorreko gaiek ere osatzen dutela agenda hori: «Aurrekontuak onartzea eta horiei norabide jakin bat ematea ere politika feminista egitea da», azaldu zuen.

PSE-EEko idazkari nagusia izateaz gain, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu sailburua ere bada, eta talaia horretatik esan zuen beharrezkoa dela enpresatako administrazio kontseiluetan ere egun dauden baino emakume gehiago egotea. Mugimendu feministaren eta erakundeen arteko harremana beharrezkoa dela erantsi zuen: «Egia da instituzioak askotan atzetik goazela, baina politika publikoetatik gauza asko alda daitezke. Benetako iraultza aldizkari ofizialean egiten da».

Baieztapen horri ñabardurak egin zizkion Izaskun Duquek: «Ez nau kezkatzen enpresa handietako zuzendaritzan emakumeak dauden ala ez, emakumeen lan prekaritateak baizik». Instituzioen eta mugimendu feministaren arteko harremanari dagokionez, gogorarazi zuen pandemiaren karietara mugimenduak deialdia egin zuela zaintzaren auziari buruzko mahai bat osatzeko: «Batzuek ez zuten proposamena aintzat hartu».

Kuoten gaia ere aztertu zuten mahai inguruan. Ordezkari politiko guztiak bat etorri ziren esatean oraindik ere beharrezkoa dela neurri hori: «Ezinbestekoa da, baina tresna bat da; irtenbidea beste nonbaitetik etorriko da», azaldu zuen Gorrotxategik. Garrido izan zen horretan salbuespena: esan zuenez, bere alderdian emakumeak Espainiako ministro ere izatera iritsi dira kuotak ezartzeko beharrik gabe, eta erronka jo zuen: «Ea hemen ere noiz ikusten dugun emakumezko lehendakari, ahaldun nagusi edo hiriburu bateko alkate bat».

Itxaso Atutxa ere kuoten alde agertu zen, eta bere eskarmentutik berba egin zuen: «Udal hauteskundeak datozenean, Bizkaian 110 zerrenda osatu behar izaten ditugu. Hautagai askorekin berba egin behar izaten dugu, eta ezezkoa, normalean, emakumeena izaten da». «Bikainak ez izateko eskubidea» aldarrikatu zuen emakumeentzat.

Etorkizunari begira, denek nabarmendu zuten sarean lan egiteko eta adostasuna dagoen arloetan batera ekiteko aukera badagoela. Mendiak agintaldi honetan onartzekoa den Berdintasun Legean jarri zuen «aurrera egitekobenetako aukera». Gorrotxategi, berriz, zehatzagoa izan zen, eta bi gaitan ados jartzeko proposamena egin zien gainerakoei: GAS Gurasoen Alienazioaren Sindromea ezabatzea eta indarkeria matxista pairatu duten emakumeak berriro biktima ez bilakatzeko neurriak hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.