Andreen zahartzaroak «eredu berriak» behar ditu, adituen arabera

Emakundek antolatuta, jardunaldi batzuk egin dituzte Bilbon. Adineko emakumeen inguruko «estereotipoak» gainditzera deitu dute. «Ikasi egin nahi dugu, ez inork gu entretenitzea»

Anna Freixas, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Emakume zaharren errealitatea, edo horren inguruan gizartean dagoen pertzepzioa, topikoz, estereotipoz eta aurreiritziz beterik dago. Baina feminismoaren indar eraldatzailea esparru horretara ere iristen ari da, eta gero eta nabariagoa da emakume nagusiek pairatzen dituzten injustizia eta desberdintasunen kontra egin eta, aldi berean, zahartzaroa bera berriro pentsatzeko beharra. Helburu hori izan dute Emakumeak eta zaharrak: botere eraldatzailea eraikitzen izeneko jardunaldiek. Bilbon egin dituzte, Emakundek antolaturik.

Zenbait adituk eta eragilek gaia jorratu dute, eta gako batzuk eman dituzte emakume nagusiak «ahaldundu» eta «eraldatzeko gai bilakatzeko» prozesu horren inguruan, ekitaldiaren aurkezle Pilar Kaltzadaren hitzetan esanda.

Emakumeen bizi itxaropena handitu izanak adineko emakume gehiago egotea ekarri du, eta zahartzaroa luzatzea. Hori, berez, positiboa da, Anna Freixas Farre idazle eta unibertsitate irakasle izandakoak esan duenez: «XX. mendearen erdialdean baino 30 urte gehiago oparitu dizkigu bizitzak, eta hori ona da». Baina arazoak ere ekarri ditu: «Zahar berriok ez dugu eredurik. Zahartzaroa endekatze prozesu bat balitz bezala saldu digute, baina guk dotore, osasuntsu eta egitasmoz beterik zahartu nahi dugu, eta horretarako eredu berriak behar ditugu».

Feminismoa «lanabes»

Eredu berriak bilatzeko zeregin horretan, emakumeek badute «lanabes indartsu bat»: feminismoa. «Feminismoak balioa eman die harremanei», azaldu du Freixasek, «eta emakumeen bizitza hobea eta interesgarriagoa izatea ekarri du».

Adinkeriak, berriz, «arazo» bilakatzen du zahartzea, «lorpen» gisa hartu beharrean: «Ikusmolde horretan, zaharrok itsusiak gara, gaixo gaude, ez dugu ezer balio. Zahartzea ez da garatzea, galtzea baizik».

Adinkeriaren ajeak areagotu egiten dira sexuaren araberako lan banaketak sortutakoekin gurutzatzen direnean. Freixasi «deigarria» begitantzen zaio emakumeei bizitza osoan sozialki zaintzaren ardura ezarri ondoren «gizarteak zama baten moduan hartzea» zahartzen direnean. Eta arlo ekonomikoa ere ez dago sexuaren araberako diskriminaziotik libre: «Emakumeak ez gara pobretzen 65 urte betetzen ditugunean; bizitza osoa irauten duen prozesu bat da, emakumeak baliabide ekonomikoetatik aldentzen gaituzten zenbait erabakik osatua».

Edonola ere, Freixasek uste du «beste zahartzaro batzuk posible» direla, eta horien inguruko zenbait zertzelada eman ditu: «Ez dugu nahi inork antolatutako atsoentzako jarduera txatxurik; guk ikasi egin nahi dugu, eta ez inork gu entretenitzea; diruz independenteak izan nahi dugu; ez dugu laguntzan oinarritutako planteamendurik, justizia nahi dugu; geure burua asmatu nahi dugu; atso xelebreak izateko eskubidea izan nahi dugu».

Maria Enriqueta Vazquez Albertino Espainiako AMES Zahartze Osasungarrirako Emakumeen Elkarteko presidentea da. Esan duenez, bere belaunaldiko emakumeek bi iraultza ezagutu dituzte: iraultza feminista eta demografikoa. «Lehenengoan protagonista izan gara, baina bigarrena isila izan da, eta, askotan, oharkabean igaro da».

Vazquezek ere, Freixasek bezala, «zahartzeko beste modu batzuk asmatzeko beharra» azaldu du. Horretarako, kalitatezko zerbitzu publikoen beharra nabarmendu du, eta, horrekin batera, komunitatearena, adineko emakumeei lagunduko dieten gizarte zibileko elkarte eta erakundeena: «Gizarte erakundeak gara demokraziaren indarra», esan du.

Jardunaldien hastapenetan, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek dei egin du «emakumeen zahartzaroari buruzko estereotipoak» gainditzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.