Klima aldaketa Euskadin genero ikuspegitik izeneko ikerketa ondu dute Emakundek eta Eusko Jaurlaritzaren Ihobe sozietate publikoak elkarlanean, klima larrialdiaren eta trantsizio energetikoaren auzia berdintasunarekin eta genero ikuspegiarekin uztartzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Jasangarritasun sailburuorde Amaia Barredok azaldu duenez. Ikerketaren ondorio nagusia da emakumeek eredu jasangarriagoak baliatzen dituztela zenbait arlotan, adibidez, leku batetik bestera mugitzeko edo elikatzeko, eta, beraz, haien aztarna txikiagoa dela klima aldaketan; baina, aldi berean, emakumeak dira klima aldaketaren ondorio negatiboak gehien pairatzen dituztenak.
Ikerketan jasotzen denez, oraindik ere emakumeei zainketak eta etxeko lanak egozten zaizkie, eta, horren ondorioz, ibilbide laburragoak egiten dituzte, eta ibilbide horiek oinez edo garraio publikoa erabilita egiteko joera handiagoa dute. Gizonek, berriz, gehiagotan erabiltzen dute ibilgailu pribatua. Elikadurari dagokionez, emakumeek barazki eta fruta gehiago kontsumitzen dituzte, eta gizonek, berriz, animalia jatorriko elikagaiak. Horren guztiaren ondorioz, emakumeek, oro har, eragin txikiagoa dute klima aldaketan.
Baina horren ondorioak emakumeek nozitzen dituzte eskuarki. «Denok dakigu pobreziak emakume hazpegiak dituela, eta klima aldaketak pobreei eta baliabide gutxien dituztenei eragiten die batez ere». Lehorteak jotako landa guneetan eta alderdi pobreenetan emakumeak nagusitzen dira, eta klima aldaketak eragindako migrazio prozesuetan ere, klima errefuxiatu gehienak emakumezkoak izaten dira.
Beste ondorio bat agertzen da ikerketan: inkesta eta galdetegi guztietan emakumeek agertzen dute ohiturak aldatzeko eta klima larrialdiaren kontrako neurriak hartzeko jarrera positiboagoa, baina, aldi berean, emakume gutxik parte hartzen du horrelako neurriak eta erabakiak hartzeko boterea duten guneetan.
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak nabarmendu du horrelako ikerketak egitearen garrantzia: «Gero eta gehiago dira genero aldagaia kontuan hartzen duten ikerketak. Hori osagai berritzailea da, eta administrazioari oso lagungarri zaio erabakiak hartu behar dituenean».