Laura Gomez. Gipuzkoako Berdintasun zuzendaria

«Andreei sinetsi egin behar diegu»

Gomezek uste du berdintasun politikek gizarte egituran eragin behar dutela bestelako eredu sozioekonomikoa eraikitze aldera.

Maite Asensio Lozano.
Donostia
2014ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Berdintasuna sustatzeko 123 neurri abiatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru urtean. Aisialdian, udaletan, enpresetan, partaidetzan eta zaintzan esku hartu du, baina eragiteko esparru «murritzaz» kexu da Laura Gomez Berdintasun zuzendaria (Villabona, Gipuzkoa, 1978): «Gure planteamendu politikoan estrategikoak diren arloetan gaitasun mugatua dugu, adibidez eredu sozioekonomikoaren garapenean eskumenik ez daukagulako».

2012-2020 Berdintasun Planak bere egin zuen ekonomia feministaren leloetako bat: biziaren iraunkortasuna erdigunean jartzea. Zertan datza?

Ekonomia feministak dio egungo eredu sozioekonomikoak lehentasuna ematen diola merkatuari: etekin ekonomikoak pilatzeko logikaren zerbitzura ipintzen ditu pertsonen bizitzak. Horrek ezkutuan uzten ditu lan indarra zaintzeko prozesuak, hau da, andreen lana. Kolektiboa antolatzeko beste eredu baterantz joatea proposatzen dugu, biziaren iraunkortasunarekin lotutako beharrizanak asetzeko, eta merezi duten bizitzak bizitzeko. Dena birpentsatzea dakar horrek; I+Garen arloan, adibidez, ikuspegi horretatik, ezin ditugu diru publikoz sustatu bizia suntsitzen duten jarduerak.

Zer egin du aldundiak, adibidez, soldata tartea gutxitzeko?

Bi bide daude: epe laburrean, premiei erantzutea, diru laguntzen bidez andreen bizi eta lan baldintzak hobetuz; eta epe luzean, bestelako eredurantz urratsak egitea. Iaz obra publikoen foru araua onartu genuen. Lizitazio publikoetara aurkezten diren enpresentzako klausula sozialak txertatu genituen: andreen lan baldintzak hobetzea, gizonentzako erantzukidetasun neurriak sustatzea, jazarpen sexistari aurre egitea... Lehen 32 kontratuk jasotzen zituzten halakoak, eta orain, 71k.

Klausula sozial horiek aldundiarekin harreman zuzenik ez duten enpresei helaraz dakizkieke?

Bai, zergen bidez, baina uneotan ez dago horretarako baldintza politikorik. Enpresen etekinen gaineko zergei buruz aurreproiektua aurkeztu genuen; ez zen Batzar Nagusietan onartu, baina erakutsi genuen alternatiba badagoela.

Garrantzi berezia eman diozue zaintzari. Zein da lehentasuna?

Batetik, andreei zaindu ala ez hautatzeko aukera eman nahi diegu, eta bestetik, zaintzaile profesionalen lan baldintzak hobetu, gure eskumenen barruan. Neurrietako bat izan da Mendekotasun Legearen baliabideak bateragarri bihurtzea; izan ere, Bizkaian ezin dute laguntza ekonomikoa jaso eta aldi berean eguneko zentro batera joan, eta ondorioz, andreek beren gain hartzen dute kolektiboa beharko lukeen ardura bat: zaintza. Zaintzaileentzako Sendian programan ere trebakuntza txertatu dugu, andreei zaintza denboren banaketa negoziatzeko giltzarriak emateko.

Erakunde publikoetatik zein lan egin behar da gizonekin?

Egungo egoeran, berdintasun sailetako baliabideekin egin behar dugu lan hori? Ez dut oso argi. Halere, berdintasun politikak ez dira soilik andreentzat; klausula sozialen bidez, gizonentzako ekintza positiboak txertatzen ari gara. Baina erantzukidetasunak eskatzen du antolakuntza aldatzea eta dirua inbertitzea, adibidez, aitatasun baimenek emakumeenen iraupen bera izateko. Nik egituran eragiteko bide hori hautatuko nuke, gizon taldeen aldeko hain apustu handia baino.

Esan izan duzu erakunde publikoek indarkeria matxistaren aurkako arretaren ikuspegia aldatu behar dutela. Zertan?

Indarkeriari buruzko kontzeptuan: bortizkeriaren kausa gizon eta andreen arteko desberdintasunean badago, zergatik jorratzen dugu soilik genero indarkeria eta sexuala, eta ez lan jazarpena, familia barruko bortizkeria, edo bestelako gorputzek jasaten dutena? Azterketa globala egitea oztopatzen du horrek. Gainera, lehentasunezkoa behar lukeen arlo hori ez da batere zaintzen: aldundira heldu nintzenean harrituta geratu nintzen saileko langileen prekarietatearekin.

Laguntza jasotzeko salaketa jarri beharra kritikatu izan duzu. Salatu ez duten andreentzako baliabiderik ba al du aldundiak?

Denak. Udaletako gizarte langileek indarkeria zantzuak aurkitzen badituzte, laguntzak galdegiten dituzte. Guretzat, txosten horiek nahikoa dira emakumeek baliabideak eskura ditzaten, salaketa edo epaien beharrik gabe. Emakumeen hitza berriro auzitan jartzeko kanpaina bat dago, baina andreei sinetsi egin behar diegu: badakigu zein zaila den norbere buruari bortizkeria jasaten ari dela aitortzea.

Jaien esparrua ere lantzen ari da aldundia. Nondik konponduko da alardeen auzia?

Erakunde arteko mahai bat sortu dugu; gezurra dirudi, baina lehen aldiz, diputazioa, Emakunde eta Arartekoa bilduko gara, lankidetza estrategiak saretu eta bide orri bat sortzeko. Kolektiboek ere estrategia desberdinak dituzte, batzuk normalizatzearen alde, eta besteak gatazka ikusaraztearen alde. Gure asmoa da epe laburrera tentsioa murriztea, alarde parekideek arnasa har dezaten, baina epe luzera berdintasun jokaleku batera heltzeko estrategia garatzea. Baina jokaleku hori zein den ez dakigu; baliteke Hondarribian eta Irunen desberdina izatea; eurek erabakiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.