Mugimendu feministako zenbait emakume, itzalean dauden zenbait andrazkoren izenean mintzatzen. Gordin: «Gure eskubideak urratu dira, eta zabarkeriaz tratatu gaituzte». Donostian izan zen atzo agerraldia, indarkeria matxista jasan duten andreentzako harrera zentro bateko funtzionamendu okerra hizpide hartuta. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapeko zentro bat da: Bidean. Atzo plazaratu zuten salaketaren arabera, 2014tik 2018ra tratu desegokia nozitu dute han egon diren hainbat emakumek eta haien seme-alabek, eta ondorio larriak izan ditu horrek haiengan. «Indarkeria egoeratik suspertu beharrean, atzera egin dugu prozesuan, eta kalte nabarmenak izan ditugu osasunean». Donostiako Feministak mugimenduko hainbat andrek hartu zuten salaketa plazaratzeko ardura; azaldu zuten hainbat testigantza ere jaso dituztela; EAEko Arartekora helarazi dituzte, azter ditzaten.
Agerraldian salatu zutenez, zentroko langileek «jarrera» okerra erakutsi dute behin baino gehiagotan. «Emandako tratua arduragabea izan da». Onartezina: «Testigantza batzuetan jasota dago zenbait langilek esaldi laidogarriak eta iraingarriak esan dizkigutela». Zentroan «osasunaren kalterako» diren baldintzak daudela ere jakinarazi zuten, eta langileen utzikeriaren ondorio dela hori: ez dituzte planifikatu etxean egin beharreko lanak, ez dute egin etxeko martxaren ikuskaritzarik, eta ez dira arduratu altzari hautsiak konpontzeaz. Salatzaileen arabera, zentroan harreran hartutako emakumeak gaixo egon direnetan ere, langileek bazter utzi izan dituzte.
Eta baliabiderik gabe ere bai hainbatetan. «Diru iturririk ez duten emakumeei ez diete eman diru laguntzarik garraiorako eta aisialdirako jarduerak antolatzeko». Zer jana ere, urri: «Elikagaien eskasia nabarmena baita, bai emakumeentzat, bai adingabeentzat. Gainera, janari iraungia ematen dute: arrautzak, haragia, jogurtak...». Zentroa diputazioaren ardurapekoa bada ere, enpresa batek kudeatzen du.
Eskakizunak
Orain aste bi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak hizpide izan zuen zentro horren funtzionamendua; EH Bilduren galdera bat erantzunez, adierazi zuen txikia zela zentroa, eta bazirela egiturazko arazoak. Orain zenbait erabiltzailek salatutako moduko egoerarik ez zuen jakinarazi, ordea, eta kontra egin diote orain horregatik andreek, esplikatuz arazoa hark adierazitakoa baino larriagoa dela. «Guri kalte egin diguna izan da etengabe urratu dituztela gure eskubideak». Horregatik, oinarrizko aldaketak eskatu dituzte: zentroa berehala ixtea, langileen taldea berregituratzea, arta emango duen zentroaren kudeaketa aldatzea, aldundiak halako zentroen ikuskatzea bermatzea, eta laguntza izateko beste aukera bat eskaintzea baliabidea utzi behar izan duten eta oraindik errekuperazio fasean dauden emakumeei. Erreparazioa eta kalte-ordainak ere eskatu dituzte.
Gogora ekarri dute zein den indarkeria matxista jasan duten emakumeei harrera egiteko zentroen xedea: «Segurtasuna eta erabat oneratzeko bidea ematea». Kasu honetan, ez da bete; diotenez, hainbat andrek, egoera zailen ondorioz, atzera egin dute. Horietako hainbatekin solastatuta jaso dituzte egoeraren berri emateko bidea ireki duten testigantzak. Atzean dozenaka andre daudela adierazi dute.
Andreei arreta emateko zentro bateko tratu «arduragabea» salatu dute
Gipuzkoako Diputazioak indarkeria matxistaren biktimak artatzeko duen zentro bat da. Mugimendu feministak hainbat testigantza bidali dio Arartekoari. Okerren artean, langileek iraindu izana dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu