Udal eta foru hauteskundeotako hizketagai nagusietarikoak izaten ari dira hautagai emakumeen presentzia eta alderdiek egin dituzten proposamen feministak. Orain 25 urte, ordea, instituzioetan apenas zegoen genero ikuspegia txertatzen zuen proiektu politikorik. Giro hartan, Plazandreok taldea sortu zen, 1994an, Donostian, feminismotik eragiteko asmoz. «Orain hitz egiten da transbertsaltasunaz, baina orduan ikuspegi feminista falta zen udal politiketan», dio Juana Aranguren plataformako kideak. 1995ean aurkeztu zuten Donostiako Udalerako hautagaitza lehenengoz, Aranguren buru, eta hogei urtez lehiatu dira bozetan, 2015ean azkenekoz. Aurten, ordea, zerrendabururik lortu ez dutenez, erabaki dute ez aurkeztea.
Mugimendu feministan parte hartzea eta arlo instituzionalean lan egitea, biak uztartu dituzte Plazandreak-eko kideek urteotan, eta, inoiz ordezkaritzarik lortu ez badute ere, haien lana estu lotuta joan da erakundeekin eta mugimendu feministarekin. Besteak beste, Donostiako Feministaldia antolatzeaz arduratu izan dira urte luzetan, Donostiako Emakumeen Etxea osatzeko lanetan aritu dira, eta hiriko puntu beltzen mapa ere osatu zuten.
1995eko lehen hauteskunde haien lema izan zen Ni voz, ni voto —ez hitzik, ez botorik—. «Ikusten genuen alderdiak espazio maskulinizatuak zirela, eta hainbat emakumek pentsatu genuen ikusgaitasuna eman behar zitzaiela andreei eta haien eskakizunei». Hauteskunde horietan lortu zituzten inoizko emaitzarik onenak: 2.287 boto. Ordutik, 2015era arte, Donostiako udal hauteskunde guztietan parte hartu du plataformak. 1999tik 2011ra, berriz, foru hauteskundeetan eta beste udalerri batzuetan ere lehiatu dira.
1999an eman zuten lehen jauzia beste lurraldeetara, Donostian ez ezik Bilbon eta Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundietan ere aurkeztuta. Bizkaian 1.193 boto lortu zituzten guztira. Eta sexua aldatzen badiogu? leloa erabili zuten, espazio politikoaren maskulinizazioari keinu eginez.
Mugimendu feministaren aldarriak aldatu ahala, Plazandreok taldearen aldarri eta leloak ere aldatu dira urteotan, baina beti oinarri berak errespetatuta. Hala dio Arangurenek: «Aldarri feministak bildu ditugu beti, eta udal politika genero ikuspegitik lantzeko ekarpena egitea izan da helburua».
Barne prozesuak ez ezik, kanpotik etorritako legeek ere baldintzatu dute Plazandreok taldearen ibilbidea. Izan ere, 2007ra arte soilik andrez osatutako zerrendak aurkeztu zituzten, baina ordutik aurrera gizon eta emakumez osatutakoak aurkeztu behar izan dituzte, Espainiako Berdintasun Legearen eraginez.
Zerrenda parekideen auzia
Hauteskunde zerrendetan parekidetasuna egoteko, Espainiako Berdintasun Legeak behartzen du zerrenden %40 gutxienez gizonek edo emakumeek osatzea. Plazandreok-ek soilik emakumez osatutako zerrenda aurkeztu zuen 2007an, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuen ez zela legezkoa, «baztertzailea» zelakoan. «Diskriminazioaren ideia faltsua da. Legea sortu zen andreen parte hartzearen ekintza positiboa sustatzeko», ohar egin du Arangurenek. Edonola ere, Gipuzkoako aldundiko bozetan soilik andrez osatutako zerrenda aurkeztea lortu zuten, EAEko Berdintasun Legean babestuta, eta inoiz lortutako boto kopururik handiena lortu zuten orduan: 1.533, Arantxa Olañeta buru zela.
Arangurenek oroitarazi du ondorengo urteetan ere zerrenda mistoak osatu behar izan dituztela, eta, 2015ean, Josebe Iturriotz buru zela, PlaZ! izenarekin aurkeztu ziren Donostiako Udalera. Iturriotzek orduan aldarrikatu zuen feminismoa munduari begiratzeko modu bat dela, «andreen kontua» bainoago, eta, besteak beste, proposatu zuten hiriko aurrekontuek ikuspegi feminista izan zezatela, eta gizarte politikak agendaren erdigunean jar zitezela. Ohartarazi zuten, halaber, berdintasun legea ez dela betetzen.
Egiteko dagoena
Aurtengo bozetan aurkeztu ez arren, Arangurenek balorazio positiboa egin du orain arte egindakoaz: «Ordezkaritzarik lortu ez arren, gauza asko sustatu ditugu, eta eragin politiko nabarmena izan dugu». Edonola ere, uste du «pena» dela aurten ezin aurkeztu izana: «Feministok izen propioarekin aurkeztu beharko genukeela iruditzen zaigu». Haren ustez, belaunaldi aldaketa ez egitea da hautagaitzarik ez lortzeko arrazoietako bat. Hala ere, jakinarazi du lanean jarraitzeko asmoa dutela: «Ez gara aurkezten, baina ez gara desagertu».
Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa
Andreak plazara. Zerrenda feministak
Plazandreok taldea 1995etik aurkeztu da Donostiako Udaleko hauteskundeetara. Ia 25 urteren ostean, aurreneko aldiz ez dute proposatu hautagaitzarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu