«Informatu, trebatu eta hezi»: horiek dira gizartean ausazko jokoak modu egokian lantzeko gakoak. Hala baieztatu zuten atzo Bilbon, Emakumea eta ausazko jokoak jardunaldietan egin zuten mahai inguruan. Gaia etorkizunean nola jorratu aztertu zuten, jokoaren inguruko genero desberdintasunak kontuan hartuta. Izan ere, adituen arabera, uste den baino emakume gehiago aritzen dira jokoan, baina «ezkutuan eta bakarrik» ibiltzen dira. Arlo horretan ere estigma sozialak pisu handia duela ohartarazi zuten.
EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, Eusko Jaurlaritzak eta Jokoaren Euskal Behatokiak antolatu zuten jardunaldia. Bost andrek parte hartu duten mahai inguruan: Irune Suberbiola, Aguimar Joko Makinen Enpresen Gipuzkoako Elkarteko kidea; Laura Macia, Deustuko Unibertsitateko ikerlaria; Aide Baranda EHUko soziologoa; Pilar Urra Etorkintza fundazioko ordezkaria; eta Sonia Gonzalez, Emakundeko kidea.
Jokoan ere desberdin aritzen dira gizonak eta emakumeak, Baranda soziologoak azaldu zuenez, eta «sozializazio prozesuei» egotzi zien. Gizonezkoek erabiltzen dituzten jokoetan, «arriskua» da nagusi; adibidez, pokerrean. Emakumeek, ordea, «ausan oinarritzen» diren jokoen alde egiten dute; bingoa eta loteria, erraterako. Gizarteak gizonei eta emakumeei esleitu dien izaerarengatik dela argudiatu zuen: «Beren erabakiak hartzen irakasten zaie gizonei, baina emakumeei ez: esaten zaie besteren esku utzi behar dutela. Jokoan ere hala gertatzen da: ausaren gain uzten dute irabazia».
Aldi berean, nabarmendu zuten jokoaren merkatua gizonendako prestatuago dagoela, baina poliki-poliki emakumeengana moldatzen ari dela. Izan ere, arloko ikerketek bidea ireki diote emakumeendako jokoaren publizitateari. Gonzalezek adibide bat eman zuen: «Kiroletan emakumeak ahalduntzea lortu dugu, eta hori arrasto bat izan da jokoaren publizitaterako. Aurrera goaz, baina, aldi berean, aurrerapen horiek arrisku bihurtzen dira».
Jokoan aritzen diren emakumeen kopuruaz solastatzean, bat etorri ziren hizlariak: uste den baino emakume gehiago ibiltzen dira. «Estigma sozialaren» ondorio izan daiteke, Barandaren ustez: gaiari buruz gutxi solastatzen denez, emakumeek lotsa sentitzen dute jokoarekin arazo bat dutela onartzean, eta, gainera, ezkutuan ibili ohi dira. Azalpen horrekin ados agertu zen Urra: jokoarekin arazoak dituzten emakumeak «bakarrik eta ezkutuan» joaten dira laguntza eskatzera ere. Gehitu zuen andreek tratamenduak hasten dituztela, baina berehala alde batera uzten dituztela.
Hemendik aurrera egin beharrekoez mintzatzean, Maciak adierazi zuen ezinbertzekoa dela gaiaren inguruan informatzea eta heztea. Detekzio goiztiarra ere garrantzitsua dela erantsi zuen Urrak.
Txostena
Jardunaldian, Iraide Fernandez Soziologian doktoreak txosten bat aurkeztu zuen: Emakumeari eta jokoari buruzko panoramika. Haren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako txanpon makinen %65ek baino gehiagok emakumeen irudi sexualizatuak dituzte. Horrekin lotuta, erran zuen gizonen presentzia ugariagoa dela jokoaren arloan. Laguntza elkarteetara jotzen dutenen artean ere, gehien-gehienak gizonak dira: %89.
Andreak «bakarrik eta ezkutuan» aritzen dira ausazko jokoetan
Txanpon makina ugarik emaztekien irudi sexualizatuak erabiltzen dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu