Emakume migratuak eta arrazializatuak «giza kapitalaren eta disidentziaren erreferente» dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkarteetan. Hala ondorioztatu dute atzo Emakundek Gasteizen aurkeztu zuen ikerketan. Feminismoa eta intersekzionalitatea hizpide, hainbat emakumeren ahotsa entzun dute egileek, eta ondorioztatu dute andre horiek, besteak beste, berdintasunaren, eta eskubide sozialen, zibilen eta politikoen aldeko borrokan laguntzen dutela jatorrizko herrialdean zein helmugakoan. Erresistentzia «ekintza kolektibo gisa» ulertzen dute, eta diskurtso politiko «indartsua» dute. Feminismoz eta antirrazismoz jarduten dute, eta, batzuetan, dekolonialismoaren eta feminismo zuriari eginiko kritikaren ikuspegitik.
Carmen A.Cares Mardones eta Cecilia Themme Afan ikertzaileek ondu dute ikerketa lana, immigrazioa eta genero desberdintasuna hizpide hartuta. Emakume etorkinen parte hartzea Euskadiko mugimendu migratzaile eta feministetan: narratibak, estrategiak eta erresistentziak izenpean osatu dute lana, eta, horretarako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkarteetan jarduten duten 30 andre elkarrizketatu dituzte. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak ikertzaileen lana goratu du, «emakume migratu eta arrazializatuen parte hartze politiko eta sozialari buruzko prozesu gogoetatsu eta kritiko bat» egiteagatik. Haren arabera, andreen artean dagoen «aniztasuna» islatzea garrantzitsua da; besteak beste, estereotipoak deseraiki ahal izateko.
Elkarrizketatutako pertsonek parte hartzen duten elkarteen ereduei dagokienez, egileek adierazi dute ezberdintasunak daudela lurralde batetik bestera: Araban, emakume migratzaileen gehiengoa kultur elkarteetan biltzen da; Bizkaian, bakarrik andre migratuez osatutakoetan; eta Gipuzkoan, oreka dago migratzaileak direnen eta ez direnen artean. Horietako batzuetan, gainera, genero ikuspegia txertatzen saiatzen dira.
Ahaldundu eta integratu
Talde batean edo bestean jardun, Themmek azpimarratu duenez, emakume gehienek aitortu dute elkarteetako jardunak beraien «ahalduntze prozesuetan» lagundu duela, eta baita tokian tokiko integrazioan ere. «Elkarteak gizarte arrazakeriaren eta arrazakeria instituzionalaren aurkako euskarri izan dira, eta integrazio soziala, kulturala eta politikoa, eta gizarte kohesioa errazten laguntzen dute». Erantsi du prozesu horien helburua «elkar aberastea» dela, eta ez norbere nortasuna galtzea.
Instituzioen parte hartzea ere funtsezkotzat jo dute egileek, eta, beraz, proposamenak egin dizkiete erakundeei, hala nola berdintasunerako politika publikoetan intersekzionalitatea gogoan izan dezaten.
Andre migratuak eta arrazializatuak «giza kapitalaren» erreferente dira elkarteetan
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako taldeetan jarduten duten hainbat emakume migratu eta arrazializaturi elkarrizketak egin dizkiete, feminismoa eta intersekzionalitatea ardatz. Landaidak goraipatu egin du lana, gogoeta bultzatzeagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu