Bizkaiko Probintzia Auzitegiak ez dio utzi andre bati bikotekidea zenaren esperma erabiltzen intseminaziorako. Izan ere, gizona istripu batean hil zen, eta ez zuen espresuki onetsi hil ostean bere esperma erabili ahal izatea. Intseminatzeko onarpen judiziala ukatuta ebatzi du Bizkaiko Auzitegiak andre horrek eta hildakoaren aitak jarritako helegitea; Bilboko epaitegiak ere ez zion baimenik eman horretarako. Epaiak ez du beste helegiterik onartzen.
Bizkaiko Probintzia Auzitegiak azaldu duenez, legezkoa da emakume bat hildako gizon baten espermaz intseminatzea, baina bi baldintza bete behar dira horretarako: gizonak bizirik zegoenean onetsi izana, eta hil osteko lehen urtean intseminatzea. Hamabi hilabete pasatu ondoren, legeak ez du baimentzen intseminazioa.
Onespenari dagokionez, Giza Ugalketa Lagunduaren Teknikei Buruzko Espainiako Legearen 9. artikuluak zera dio: gizonak espresuki adierazi behar duela hil ostean ere nahi duela bere esperma intseminatzeko erabilia izatea. Onespen formala era esplizituan egin behar dela gogorarazi du auzitegiak, eta ez duela balio borondate hori era inplizituan adierazi lezakeen agiri batek.
Ezin da frogatu
Bizkaian epaitu duten auzian, gizonak aita izateko gogoa zuen bizirik zegoenean. Izan ere, epaiak dioenez, bikotea haurdunaldia planifikatzeko lanetan ari zen ugalketa osasuneko hainbat espezialistarekin, istripua izan baino lehen. Hala ere, auzitegiak ebatzi du ezin izan dela frogatu gizonak baimena ematen ote zuen hil ostean ere bere esperma erabilia izateko.
Izan ere, gizon hark ez zuen era formal eta esplizituan adierazi onespena. Epaiketan, andreak eta hildakoaren aitak adierazi dute gizonak aita izateko desira zuela, baina, epaileak nabarmendu duenez, ingurukoen adierazpenek ez dute balio: onespen esplizituak pertsonala izan behar du. Bestela, pertsonen autodeterminaziorako gaitasuna urratuko litzateke, auzitegiaren arabera.