Andrazko batek Poliziari kontatu dio Muniainek sexu abusua egin ziola

Torbe pornografia ekoizlearen aurkako polizia operazioan irten da Athleticeko jokalariaren izena

Iker Muniain, artxiboko irudi batean, Athleticeko jarraitzaileak inguruan dituela. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2016ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Ikertzaileek TP3 izena jarri diote, lekuko babestu bat delako. Andrazko bat dela: hari buruzko deus gehiago ezin izan da jakin oraino. Baina haren hitzak izan ziren atzo gai nagusietako bat. Izan ere, Eldiario.es hedabideak argitara emandako informazio baten arabera, sexu abusuekin lotu du Iker Muniain Athleticeko jokalaria, Poliziaren aurrean egindako deklarazioetan: kontatu du sexu harremanak izatera behartu zuela 2012an, Madrilgo hotel batean, hura beste futbolari batekin zegoela —ez da izena argitu—. Azaldu du bi futbolariek agindutako sexu jarduera guztiak egitera derrigortu zituztela bera eta beste andre bat, eta ezetz esaten bazuten eraso egiten zietela. Bortxazko harremana amaituta bi futbolariek mehatxu egin zietela erantsi du: jazo zena inori konta ez ziezaioten. Andreak emandako lekukotasunaren arabera, bi kirolariek neurri gehiago ere hartu zituzten jazoera tapatzeko; eskatu zuten ez deus grabatzeko, beren «kirol ibilbidean» eraginik izan ez zezan. Baina zabaldu da albistea. Polizia iturrien arabera, «sinesgarritasun handia» du testigantzak, eta biluzik utzi du mundu ilun bat, kirol albistegietako eguneroko goiburu errepikakor eta hanpatuen ifrentzua.

Emakume horrek hitza hartudu Ignacio Allende Torbe pornografia ekoizlearen kontra —bizkaitarra da sortzez, Portugaletekoa; zineman eta beste hainbat euskarritan ibilitakoa— apirilean abiatutako polizia operazioaren barruan. Izan ere, azaldu duenez, bi futbolariengana Torbek eraman zituen bera eta beste andrazkoa, modu txarrean. Kontatu duenez, esan zion diru asko irabaziko zuela bi jokalariei gura zuten guztia egiten bazien. Besotik indarrez helduta eraman zuen futbolariengana, kontra egiteko biderik eman gabe. Azaldu duenez, beste jokalari ezagun batek egin zuen Torberen eta bi jokalarien arteko lotura: Manchester United taldeko jokalari David de Geak.

Aspaldiko harremana

Lekukotasunean agertzen diren izenen sona handiaren ondorioz, hedabide guztietako goiburuak berehala bete zituen atzo albisteak, eta sare sozialetan ere jende askok izan zuen hizpide. Aintzat hartu behar da Torbe zinetan delitu larriekin lotu dutela berriki: besteak beste, andreak salerosteko sare bateko burua izatea egotzi diote, eta neska adingabeak sexu harremanak izatera derrigortzea. Horrek larriagotu egin du albistea. Munianek Torberekin zuen harremana ezaguna zen lehendik, eta sare sozialetan badira hori erakusten duten mezuak. Aurretik ere polemika iturri izan da bien arteko harremana.

2012an, hain zuzen ere, pornografian diharduten hainbat andre aktoreren eta Torberen ondoan agertu zen argazki batzuetan, festa batean. Jende talde handi batekin batera egindako topaketa bateko irudiak zirela argudiatu zuten orduan jokalariak eta haren ingurukoek, eta garrantzia kendu zieten. Portaera zinetan larriagoak egozten zaizkio orain Poliziak jaso duen testigantzan, eta nekezagoa izango du adierazpenak egitea. Atzo arratsaldean ohar labur bat atera zuen, eta esan zuen dena «faltsua» dela, eta bere «ohorearen» alde egingo duen abokatu bat hartuko duela. Babesa eskatu zien jarraitzaileei.

Athletic, isilik

Athleticeko informazio iturriek ez zuten ia ezertxo ere esan. Azaldu zuten jokalariak ez duela jaso justiziaren inolako jakinarazpenik, eta eranstekorik ez dutela. Epaitegietara heltzen bada, auzia hantxe argituko dela; horixe guztia. Lekukoak jokalariak identifikatu baditu ere, ez Poliziak eta ez epaileak ez dute jo haiengana; ez diete leporatu inolako deliturik. Oraingoz.

De Geak ere hitz egin zuen atzo. Oro «gezurra» dela esan zuen hark ere. Eldiario.es hedabideak ateratako informazioaren arabera, ordea, jokalariek Torberekin izandako telefono bidezko mezuak eta elkarrizketak lortu dituzte ikerketan, eta horietan oinarritzen dute lekukoaren hitzei ematen dioten «sinesgarritasuna». Ikerketan lekuko adingabe bat ere ari da parte hartzen; 17 urte zituela Torbek drogatu egin zuela kontatu du, eta bideo bat grabatzera behartu zuela era horretan, gero De Geari eta Athleticeko jokalari batzuei igortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.