Andraizen 3.000 andre baino gehiago dago lehen kontsultaren zain

Nafarroako Osasun kontselari Marta Verak agerraldia egin du emakumeak artatzeko zentroetako itxaron zerrenden inguruanOposizioko taldeek salatu dute egoerak okerrera egin duela azken urte eta erdian

Marta Vera Osasun kontseilaria, parlamentuan, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2013ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Gero eta luzeago. Iruñeko emakumeak artatzeko hainbat zentrotan egoerak okerrera egin du azken urtean. Adibiderik aipagarriena da Andraizen gertatzen ari dena. Lehen kontsultaren zain diren emakumeen itxaron zerrendak %130 egin du gora Txantreako zentro horretan, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Marta Verak onartu duenez. 3.000 emakume baino gehiago dago lehen kontsulta horren zain, gobernuak zabaldutako datuen arabera.

Verak Agerraldia egin zuen atzo Nafarroako Parlamentuan, Osasun Batzordearen aurrean. Datuek islatzen duten egoera txarra onartu, eta hainbat neurri iragarri zuen, hari aurre egiteko: ginekologo bat mugitzea, Andraizeko lantaldea osatzeko, batetik; eta erizainek zitologiak egitea ahalbidetzea, bertzetik. Oposizioko talde guztiek ez zituzten iragarritako urrats horiek nahikotzat eman, ordea. Ezkerrak eta Bilduk nabarmendu zuten egoera larria dela eta azken urte eta erdian okerrera baino ez duela egin. «Zerbitzuak gainezka egin du», erran zuen Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizek.

Andraize zentroarekin batera, Zabalguneko biak dira arazo gehien dutenak. Batean lehen kontsultarako itxaron zerrenda 20 pertsonakoa bertzerik ez da, baina, bertzean, berriz, 176koa; iaz baino ia%7 gehiago, hain zuzen ere. Lehena ez diren gainerako kontsultetarako ere, itxaron zerrenda luzea da Andraizen: Txantrean ia 1.600 pertsona daude ginekologoaren deiaren zain, iaz baino %119 gehiago. Ebakuntza egiteko zain diren emakumeen zerrendan, berriz, 294 pertsona dira Nafarroan.

Datuak mahai gainean jarri eta gero, Marta Verak nabarmendu zuen, oraindik ere, «ebidentzia zientifikoak» ezarritako epeak betetzen dituztela. «Ebidentziak zehazten du hiru-bost urtean behin egin behar direla zitologiak, umetoki lepoko minbiziari aurrea hartzeko». Andraizen eta Zabalguneko zentroetan, lau urte baino gehiago itxaron behar dute emakumeek kontsulta baten eta hurrengoaren artean, gaur egun. Ez bakarrik zentro horietan. Azpilagañakoan ere, adibidez, lau urte zain egon behar dute hainbat andrek. «Bost urte baino gutxiago, beraz; ebidentzia zientifikoak esaten duena betetzen dugu», berretsi zuen Verak.

Nabarmentzekoa da lau urteko epe hori ez dela ebidentzia zientifikoak errandakoa betetzeko irizpideen ondorio, baizik eta itxaron zerrendak gora egin izanaren ondorio. Egungo egoera Osasun Departamentuak ezarritako murrizketen esparruan kokatu dute Bilduk eta Ezkerrak, hain zuzen ere. Bakartxo Ruizek erantsi zuen«pribatizaziorako asmoa» dagoela, gainera, egoera horren atzean, «zain ez egoteko esparru pribatura jotzen baitute emakume askok».

Itxitako emakumeak artatzeko zentroak ere gogora ekarri zituen Ruizek. Izan ere, Berriozarko eta Orkoiengo Laira eta Argia jada ez dira martxan. Buztintxurikoan artatzen dituzte orain, zentro horietan ziren emakumeak. Buztintxurikoa Andraizeren osagarri gisa zabaldu zuen Nafarroako Gobernuak. Sarrigurenen ere bada hango emakumeak artatzeko zentroa. Eraikina egina dago, baina oraidik ez da martxan. Egoera horrek Andraize eta Zabalguneko zentroetan ari diren profesionalen lan zamak gora egitea ekarri duela salatu zuen Ruizek.

Azterketa ginekologikoen maiztasunean izan diren gorabeherak ez dira emakumeak artatzeko zentroetan dauden arazo bakarrak. Horixe nabarmendu zuen atzo Aralar-NaBaiko parlamentari Nekane Perezek. Heziketaren esparrua nabarmendu nahi izan zuen Perezek atzo, Veraren agerraldiaren harira.

Arazo horrek egungo zentroen sorreran bertan du hazia. Izan ere, lehen familia plangintzarako eta sexu heziketarako ziren zentroak emakumeak artatzeko unitate bilakatu ziren 1997an. «Emakumearen gainean utzi zuen ardura guztia sistema berriak, eta ia bakarrik azterketak egiteko zentro bilakatu ziren; heziketaren esparruan murrizketak besterik ez dira izan azken urteotan», salatu zuen Perezek atzoko saioan.

Ekainean sexu hezitzaileak Nafarroako Parlamentuan izan zirela gogoratu zuen Aralar-NaBaiko parlamentariak. Agerian utzi zuten haien sarea kolokan dela. Horri buruz galdetu zion Perezek Marta Vera kontseilariari. Baina Osasun Departamentuko buruak ez zuen bat egin parlamentariaren egoerari buruzko interpretazioarekin. «Bi hezitzaile gehiago ditugu», erran zion. Osasun Departamentuaren kontratazio politikari buruz, hain zuzen, Bakartxo Ruizek adierazi zuen gobernuak ez duela kontratu berririk egiten. «Langileak toki batetik bertzera mugitu egiten dituzte».

PSNko Maite Esporrinek eta PPNko Enrique Martinek ere kezka agertu zuten zentroetako egoerari buruz, baina ontzat eman zituzten hari aurre egiteko kontseilariak aurkeztutako neurriak.

Berdintasun teknikariak

Nafarroako berdintasun teknikarien egoerak ere kezka sortu du herrialde horretan. Izan ere, hainbat herriko etxetan jaso dituzten jakinarazpenen arabera, udalek azkenean ez dute teknikariok kontratatzeko aurtengo diru laguntzak jasoko.

Joan den urrian salatu zuten berdintasunaren esparruan ari diren teknikariek diru sail hori jaso gabe zirela, oraindik ere, udalak. Orduan, atzerapena azaltzeko, Ogasun Departamentuak saila «izoztuta» zuela erran zuen. 200.000 ingurukoa zen laguntzaren kopurua, gobernuak ordaintzen baitu berdintasun teknikarien soldataren %75.

Nafarroan, hamalau baino ez daude, udal anitzentzat inbertsioa handiegia delako. 2014rako 211.000 euroko saila zehaztuta daukate, baina teknikariek airean ikusten dute haien etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.