Denbora luzez gaixorik egon ostean, gaur hil da Andoni Unzalu politikari eta idazlea (Abadiño, Bizkaia, 1956) 67 urte zituela. Besteak beste, ezaguna da Patxi Lopezek gertuko aholkularia izan zuelako, bai Eusko Jaurlaritzan, baita Espainiako Kongresuan ere. Hainbat hedabidetan ere ohiko kolaboratzailea zen Unzalu, besteak beste, EITBn.
ETA politiko-militarreko kide izandakoa zen Unzalu, eta 1990eko hamarkadan EAJtik gertu ibili zen, baina 2000ko hamarkadaren hasieran urrundu zen jeltzaleengandik, Juan Jose Ibarretxe lehendakaritzan zela. Haren nazionalismoarekin eta Lizarra-Garaziko akordioarekin kritikoa zen Aldaketa plataformaren parte izan zen, eta 2009. urteko hauteskunde autonomikoetan, lehen aldiz, PSE-EEren zerrenda batean agertu zen.
Lopez Jaurlaritzako lehendakari izan zenean (2009-2012), bere lantaldean eduki zuen Unzalu, eta, besteak beste, Herritarren Partaidetzarako eta Dokumentazioko idazkari nagusi izan zen, aurretik aste batzuez legebiltzarkide izan ondotik. Askoren arabera, itzalean, hura zen lehendakariaren estratega.
Lopez sozialista Espainiako Kongresuko presidente jarri bezain azkar ere deitu zion taldean sartzeko eskatuz. 2016ko urtarrilaren 13an izendatu zuten lehendakari ohia Kongresuko Mahaiko buru, PSOEren eta Ciudadanosen botoekin, eta astebeterako Madrilen zen Unzalu, hari laguntzeko. Aholkulari lanetan aritu zen, Lopez Kongresuko presidente izan zen zazpi hilabeteetan. Eusko Jaurlaritzara itzuli zen gero, turismoaren alorreko aholkulari.
Ordutik, hedabideetan izan du jardun publiko nagusia. Joan den urrian Mario Onaindia saria jaso zuen.
Lagun handia
Unzaluren heriotzak hainbat erreakzio eragin ditu, nagusiki PSE-EEren inguruan. Lopezek «lagun handia» zuela esan du, eta haren ibilbidea goraipatu du.
Ha muerto mi gran amigo @AndoniUnzalu
— patxilopez (@patxilopez) June 25, 2023
Colaborador insustituible del gobierno del cambio; referente imprescindible para una izquierda obligada a repensarse; socialista de profundas convicciones; intelectual accesible y divulgador; maestro de las ideas y polemista infatigable.… pic.twitter.com/sGBop6PP25
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, berriz, «terrorismoaren aurkako urte gogorretan» Unzalurena «ezinbesteko ahotsa» izan zela azpimarratu du, baita «Euskadirentzat proiektu sozialdemokrata bat eraikitzera» bideratu zituen pentsalaria izan dela ere: «Gaur egun, horrenbeste zalantza ditugun garaiotan, zaila izango da haiei aurre egitea haren ikuspunturik eta indarrik gabe», adierazi du amaieran.
Nos ha dejado Andoni Unzalu. Fue un gran referente en la defensa de las libertades y la democracia frente a la violencia terrorista y el nacionalismo excluyente.
— Fundación Fernando Buesa Blanco (@Fundacion_Buesa) June 25, 2023
Desde la @Fundacion_Buesa queremos hacer llegar a su familia y amigos todo nuestro cariño y cercanía. pic.twitter.com/YSOMJaBKkX