Andoni Ortuzarrek «Laudioko ezbeharra manipulatzea» egotzi dio EH Bilduri

Osakidetzarekin «demagogia merkea» egiten ari da koalizioa, EAJko buruaren arabera. Joseba Egibarrek «diskurtso abertzalea» eskatu dio alderdiari, «aberria eta giza eskubideak» lotuz.

EAJ
EAJren ikasturte hasierako ekitaldia, atzo, Zarautzen. MONIKA DEL VALLE / FOKU
xabier martin
Zarautz
2024ko abuztuaren 31
05:00
Entzun

EAJk bere ordezkaritza gorenarekin abiarazi du urte politikoa, Zarautzen (Gipuzkoa), alderdiko eta erakundeetako buruzagi nagusiak elkartuz: Andoni Ortuzar EBBko presidentea, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza. Eta irudi indartsu horren hauspoaz mezu oldarkorra helarazi zuen EH Bilduren aurka: «Betikoak dira», «arduragabeak» eta «Maduroren garaipena txalotu dute». 

EAJn ez dute ondo hartu koalizio subiranistak Osasun sailburuaren agerraldia eskatu izana, bihotzekoak jota hildako laudioar baten heriotzaren harira, eta Pradalesek herenegun mahairatutako itunarekin, politika gizalegez egiteko proposamenarekin lotu du Ortuzarrek EH Bilduren eskaera eta Legebiltzarrean martxan jarri dituen 225 ekimenak.

«Ilusioa egin zidan Otxandianori entzuteak Osakidetza lehia politikotik atera behar zela. Otegik ere ideia hori helarazi zuen. Baina txankleta atera dute; 225 ekimen planteatu dituzte, horietako asko Osakidetzari buruzkoak, tonu zakarrean, Laudiokoaren moduko egoerak arduragabeki manipulatuz, eta demagogia merkea eginez». Hitz eta tonu gogorrarekin aritu zen Ortuzar EH Bilduren aurka: «Hor dago oraindik jo eta ke», erantsi zuen. 

Erabakigunea errespetatu

Aurretik, GBBko buru Joseba Egibarrek «EAJ zokoratu nahi izatea» aurpegiratu zion koalizioari. Kontatu zuen Ezker Abertzalea Espainiako ezkerrarekin batera soluzio baten bila ibili dela beti; «Arnaldok» eta «Antxonek» hitz egiten ei zuten hortaz. Bada, EAJrentzat «diskurtso eta praktika abertzalea» eskatu zuen, «arazoa ez baita gu nola sartzen garen Espainian, baizik eta Espainiarekin akordioa egitea, nazio gisa aitortuak izan gaitezen eta gure erabakigunea errespeta dezaten».

GBBko buruzagitza hilabete gutxi barru utziko duen politikari zaildua luze-zabal aritu zen, estatus berria abiapuntu gisa jarrita. EAJk aurrerantzean egin beharko lukeen bideaz aritu zen, «aberria eta giza eskubideak» hitzetik hortzera ibiliz. «Hori da gure altxorra», ziurtatu zuen. 

Eta askorik aipatu gabe ere, Osakidetza gatazka politikoaren erdian jarraitzen duela islatu zuen ekitaldiaren erdian, Egibarren etenaldia eragin zuen Zarauzko hondartzako zerbitzuek bozgorailuetatik egunero 20:00etan ematen duten abisuak: «Osasun eta zaintza zerbitzuak hemen bukatzen dira».

EBBko presidenteak hartu zion txanda Egibarri. Ohartarazi zuen EAJk «gaurkotu» egin behar duela, eta hau esan zien alderdikideei: «Hemen zuek erabakitzen duzue». Irailaren 29ko Alderdi Egunean jarriko dute martxan jeltzaleek martxo-apiriletako Batzar Nagusia. «Euzkadi Buru Batzarrean nor egongo den erabaki behar dugu», jarraitu zuen, «eta bi aldagaien ondorio izan beharko du hori: proiektua eta erakundea». 

Ortuzarrek berak EAJren buruzagitzan jarraituko ote duen edo ez du jakinarazi gaur arte, eta Zarautzen ere ez zuen argitu: «Ulertzen ditut kazetariak, baina gauzak ez dira horrela: nor egongo den EBBn azken ondorioa da; gidaririk egokiena Batzokietan erabakiko da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.