Andoni Ortuzar EAJren EBBko egungo lehendakariak uko egin dio EAJren hurrengo lehendakaria hautatzeko bigarren fasean aurkezteari. Lehen itzulian ezustea izan da; izan ere, Aitor Estebanek babes handia jasotzeak zabaldu zuen bi hautagaitzaren aukera. Azkenean, Ortuzarrek itxi du polemika: ez da aurkeztuko. Horrenbestez, egungo Espainiako Kongresuko eledunak, Aitor Estebanek, bidea libre izango du EAJren Euzkadi Buru Batzarreko lehendakaria izateko. Estebanek onartu egin du bigarren itzulirako izendatua izateak dakarren ardura, sare sozialetan jakinarazi duenez.
Ortuzarrek lortu du babesik handiena lehen itzulian, «gainerako proposamenen batura adina babes lortuta», eta erakutsitako konfiantza hori eskertu du, sare sozialetan zabaldu duen mezu batean. Baina berak aitortu duenez, «argi geratu da ere gure militantziaren parte esanguratsu batek, nahiz eta txikiagoa izan, aldaketa sustatzen duela».
Esan duenez, hasieran aldaketaren aldeko jarrera hartu zuen, baina «konbentzitu» egin zuten: «Konbentzitu egin nintzen beste agindu bat emateko aurkeztu behar nuela neure burua, militantziak hala nahi izanez gero». Baina azaldu du lehen itzuliko emaitzak ikusi ostean hartutako jarrera berriz aztertzea erabaki duela.
Ikusi du EBBko buruzagitza hartzeko beste hautagaitza bat dagoela, «anbizio nahikoarekin», Estebanenari erreferentzia eginda. «Beste hautagaitza bat sortu da anbizio nahikoarekin EBBko presidentetza gidatzeko. Horiek horrela, eta bigarren itzuliko prozesua ahalik eta ondoen egin nahi bagenu ere, bi hautagaitza aurrez aurre egonda, alderdiaren barruan zatiketa izateko arriskua handia litzateke. Arduragabekeria litzateke». Horregatik, batasunerako deia egin du. «Alderdian eta haren etorkizunean pentsatu behar dut, beste edozeren gainetik».
«Beste hautagaitza bat sortu da, anbizio nahikoarekin, EBBko presidentetza gidatzeko. Bi hautagaitza aurrez aurre egonda, alderdiaren barruan zatiketa izateko arriskua handia litzateke. Arduragabekeria litzateke»
ANDONI ORTUZAR EAJren EBBko lehendakaria
Eta gaineratu du: «Nire barru-barruko lehen uste sendora itzuli behar dudala uste dut, hau da, berritzeari tokia uztea». Izan ere, laugarren agintaldira aurkeztu edo ez ebazteko aztertu dituen aldagaietatik alderdi barruan sumatzen zituen bi joerak aipatu ditu: batzuek erabateko berrikuntza defendatzen dute, baita EAJren EBBko lehendakaria ere; beste batzuek, Ortuzarrek jarraitzea defendatzen dute, «orain arte izandako aldaketek behar duten denbora izan dezaten», lurralde batzar guztietan berritu baitituzte buruak, Nafarroakoan salbu. Eta lehen itzuliko emaitzen argitara, bi iritzi korronte horiek antzeman dira. Halere, proiektuaren norabidea ez dago auzitan, belaunaldi eta norabide bertsuko bi buruzagi baitira Esteban eta Ortuzar.
Ortuzarrek esan duenez, erabakia, batez ere, alderdian eta haren etorkizunean pentsatuta hartu du. «Batasunerako garaia» dela gehitu du, eta militantziari eskatu dio orain arte baino «gogotsuago» parte hartzeko bigarren itzulian. Izan ere, lehen itzuliko parte hartzearen datu ofizialik eman ez badute ere, iturri jeltzaleek onartu dute oso apala izan dela.
Berrituko den taldearentzat ere izan du mezurik: «Presidente berriari eta burukide berriei zera opa diet: asko asmatzea eta zorte ona izatea haien kudeaketa arrakastatsua izan dadin eta alderdia mantendu ahal izan dezaten orain dugun ordezkaritza instituzionalaren maila altuan edo, are gehiago, maila altuago batean. Helburu horretan beti izango dituzte nire laguntza eta babesa».
Esteban, lekukoa hartzeko prest
Ortuzarren mezuaren ostean zabaldu du Estebanek berea, sare sozialetan. «EBBko lehendakari hautatuko baninduzue, nire onena emango dut alderdi honek, mende berri batek eta belaunaldi berriek eskatzen dizkiguten erronkei aurre egin diezaien». Estebanek onartu egin du bigarren itzulirako izendatua izateak dakarren ardura. Eta Ortuzarrek egin duen moduan, Estebanek ere dei egin die militanteei bigarren itzulian parte hartzera.
«EBBko lehendakari hautatuko baninduzue, nire onena emango dut alderdi honek, mende berri batek eta belaunaldi berriek eskatzen dizkiguten erronkei aurre egin diezaien»
AITOR ESTEBANEAJren EBBrako lehendakaritzarako hautagaia eta diputatua Madrilen
Azpimarratu nahi izan du Ortuzar laguna duela, «harekin partekatu ditut lan, etsipen eta pozez beteriko jardunaldi asko».
Azaldu du militanteek erakutsi dutela barne demokraziaren maila alderdi barruan. Gehitu du harro dagoela EAJ delako «alderdi bakanetakoa» aintzat hartzen duena bere afiliazioaren partea hartzea eta balioa ematen diona elkarrizketari.
Estebanek gaztetatik militatu du alderdi jeltzalean. 2004an, Espainiako Kongresuko EAJko diputatu hautatu zuten, eta, geroztik, Madrilen egin du ibilbide politikoa. 2012tik EAJren eleduna da Kongresuan.
Ezustea lehen itzulian
Ortuzarrek 2013tik dauka alderdiaren lema, eta Ortuzarrek berak piztu zuen zalantza laugarren agintaldirako aurkeztuko ote zen. Adierazi zuen San Sebastian egunerako jakinaraziko zuela erabakia, eta, orduan, jarraitzeko prest zegoela esan zuen.
Dena den, lehen itzuliak ekarri zuen ezustea. Urtarrilaren 22an hasi ziren EAJko militanteak alderdiko hurrengo lehendakaria hautatzeko bozkatzen. Gipuzkoan, Markel Olano diputatu nagusi ohiak eta legebiltzarkideak lortu zuen babesik handiena. Ortuzar Iparraldean, Nafarroan eta Araban nagusitu bazen ere, Estebanek uste baino babes handiagoa lortu zuen, eta lehia irekia zegoen Bizkaian, Estebanek batzoki esanguratsu askotako babesa irabazi ostean.
Prozesu honetan guztian Ortuzarrek bestelako adierazpenik egin ez badu ere, Estebanek bi adierazpen mugarri egin ditu: batetik, urtarrilaren 16an Espainiako telebista kate batean esan zuen EAJko lehendakari izatea «ohore» bat izango zela, eta alderdiak eskatu izan dionean beti eman izan duela pauso bat aurrera. Hor erakutsi zuen prestasuna. Hurrengo adierazpena urtarrilaren 25ean egin zuen: «Hunkiturik eta eskertuta jasotako konfiantza eta babesagatik. Alderdikideen garaia da. Alderdia. Aberria», idatzi zuen sare sozialetan. Geroztik, irekita egon da bi hautagaitzen aukera.
Horrenbestez, hiru batzokitan baino gehiagotan babesa lortu zuten hautagaiek otsailaren 9ra arte dute aukera bigarren itzulira aurkezteko, behin EAJren Aberri Berme eta Zaingo Batzordearen onespena jaso ostean. Olanok jakinarazi du ez dela bigarren itzulira aurkeztuko, «afiliazioaren eta batasunaren» garaia dela argudiatuta. «Esteban alderdiko lehendakari bikaina izango da», gaineratu du. Bigarren hautespen aldia otsailaren 10etik 26ra izango da.
«Ez dut zalantzarik: alderdia indartuta aterako da bere ildo politikoan; ideologikoki berrituta eta batuta»IMANOL PRADALES
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Pradalesen eskertza
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere antzera mintzatu da. Ortuzarrek lehendakaritzari uko eginda erakutsi duen «eskuzabaltasuna» goratu du, eta alderdiaren mesedetan jardun izana eskertu dio. Eskertu egin dio, halaber, orain arte alderdian egindako lana. Ortuzar EAJren buru zela iritsi zen Pradales lehendakaritzara iaz, alderdiak hala erabakita, Iñigo Urkullu orduko lehendakaria alboratu ostean. Afiliatuen eta alderdiaren garaia dela gaineratu du: «Ez dut zalantzarik: alderdia indartuta aterako da bere ildo politikoan; ideologikoki berrituta eta batuta».
EBBko presidentea eta beste zazpi burukideak martxoaren 29ko eta 30eko Batzar Nagusian izendatuko dituzte. Dagoeneko jakina da Ortuzarrek alboan izan dituen buruzagi historikoetako batzuek ez dutela jarraituko; hasteko, Koldo Mediavilla. Ortuzarrekin eta Mediavillarekin batera EBBko hiruko sendoa osatu zuen Joseba Aurrekoetxeak, baina argitu gabe dago segituko ote duen. Ikusi beharko da nola geratzen diren lurraldeen arteko orekak ere zazpiko horretan. Lehendakariak eta beste zazpi kide horiek ez ezik, lurraldeetako zuzendaritzetako bost buruk ere osatuko dute datozen urteetan EAJ gidatuko duen mahaia.