EITBk atzo egin zuen administrazio kontseilua, eta, Maddalen Arzallusen bertsoen auzia lantzearekin batera, hedabidearen euskarazko eduki eskaintzaz eta 2023ko aurrekontuez ere aritu ziren. BERRIAk jakin duenez, EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak komunikabideak egun duen eredua defendatu du: «EITB euskarazko ereduak lehenesten ari da, eta, politika horri jarraituz, lanean ari da euskal gizarteari alternatiba bat eskaintzeko zinema eta fikzio kontsumo masiboaren arloan, batez ere, plataformetan».
Ikusi gehiago:«Zentsura» dago EITBn, taldeko enpresa batzordeek salatu dutenez
Euskarazko filmen emisioaz galdetuta, erantzun du «emisio leiho digitala» lehenesten ari direla eta «emisio lineala erreserban» dutela aldi baterako: «EITB euskal fikziozko eta zinemako edukien liburutegi bat osatzen ari da, 2023an plazaratu nahi duen Primeran plataforman eskaintzeko». Azaldu duenez, iaz 506 ekoizpeni eman zien lizentzia plataforma horretarako.
Serieei erreparatuta, jakinarazi du 2021ean 25 serie erosi zituztela; horietatik bederatzi bikoiztu dituzte euskaraz —%36 ,alegia—. Aurten, berriz, 23 serie erosi dituzte, eta zortzi bikoiztu dituzte euskarara; %35, beraz. Film luzeei dagokienez, zazpi ekoitzi dituzte euskaraz, eta zortzi gazteleraz. Euskaraz ekoitzi gabekoei dagokienez, komunikazio publikoko eskubideak eskuratu dituzte euskaraz, baita bikoiztutako bertsioa ere.
Hedabide publikoaren aurrekontuak ere izan dituzte hizpide administrazio kontseiluan. BERRIAri azaldu diotenez, proposatu dute EITBk 183 milioi euroko aurrekontua izatea 2023rako, aurten baino 21 milioi euro gehiagokoa. Baina administrazio kontseiluak ez du proposamena onartu, horretarako ordezkarien bi herenek bozkatu behar baitute alde. Hain zuzen ere, hamahiru bozka izan dira aldekoak —EAJ (zazpi bozka), PSE-EE (bi), Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartea—; sei aurkakoak —EH Bildu (lau), ELA sindikatua eta PP— eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak abstentziora jo du.
Dena den, administrazio kontseiluaren esana ez da loteslea, ez da beto bat. Ezezkoa eman arren, Eusko Legebiltzarrak onartzen baditu, aurrekontuak balekoak izango dira.
EH Bildu, kontra
EH Bilduk aurrekontu proposamenaren aurka bozkatzeko arrazoiak ezagutarazi ditu ohar batean. Koalizio abertzaleak administrazio kontseiluan duen ordekari Unai Urruzunok. Bozkaren arrazoia ere azaldu du. EITBko zuzendaritzari egotzi dio komunikazio taldea «politikoki» erabiltzea, «batzuen interesak babesteko». Alabaina, bestelako «kezka» batzuk ere baditu. Hala nola uste du «atzerapauso larriak» gertatzen ari direla euskaran, «euskal agendan» eta «esparru komunikatiboan»: «EITB ez da erabiltzen ari herria egiteko. Mimetismo joera kezkagarria dago telebista estatalekin». Horretaz gain, iruditzen zaio aurrekontuen bidez ez dietela gabezia horiei bueltarik emango.
EITB
Andoni Aldekoa: «EITB euskarazko edukiak lehenesten ari da»
EITBrentzat, 183 milioiko aurrekontuari ezekoa eman dio administrazio kontseiluak: hamahiru baiezko, sei ezezko eta abstentzio bat jaso dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu