Sexu eraso bat salatu dute Andoainen, eta beste bat Tolosan

Erasoak arbuiatzeko elkarretaratzeak egin dituzte arratsaldean.

Andoaingo sexu erasoa salatzeko kontzentrazioa egin dute gaur arratsaldean. BERRIA
Andoaingo sexu erasoa salatzeko kontzentrazioa egin dute gaur arratsaldean. BERRIA
Isabel Jaurena.
2025eko ekainaren 23a
19:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Tolosaldeko Itaiak jakinarazi duenez, joan den larunbatean gizon batek emakume bati eraso egin zion, Tolosako (Gipuzkoa) kuadrilla egunean: bere etxean giltzapetu eta hura bortxatzen saiatu zen. Babesa eta elkartasuna adierazi dizkiote eraso egin ziotenari, eta gertatutakoa salatzeko kontzentrazioa egin dute gaur, 19:30ean, Eraso matxistei aurre egin! lelopean.

(ID_17507027507005) ITAIA KONTZENTRAZIOA
Tolosaldeko Itaiaren kontzentrazioa gaur arratsaldean. ITAIA

Ohar bidez egin dituzte adierazpenak, nabarmenduta larunbatekoa ez dela kasu bakan bat, kontrakoa baizik: «Azkenaldian ugaritzen ari den erasoen normalizazioaren eta eraso eta erasotzaileen inpunitatearen adierazpen bat gehiago». Horren aitzinean erantzun kolektiboa antolatzearen beharra aldarrikatu dute: «Batetik, indarkeria jasan duen emakumea defendatzeko eta babesteko baldintzak bermatu behar ditugu; bestetik, eraso ororen aurrean irmotasunez eta eraginkortasunez erantzun behar dugu».

Eraso matxista Andoainen

Eraso matxista bat izan da Andoaingo bestetan (Gipuzkoa), herriko asanblada feministak salatu duenez. Erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean, eta udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin dute. Ez Andoainen, ez inon! Eraso matxistarik ez lelopean egin dute kontzentrazioa, ehunka herritarren babesarekin.

Andoaingo Udalak erasoa gaitzetsi du ohar bidez, eta biktimari eta ingurukoei babesa helarazi: «Haien eskura jarriko ditugu behar dituzten baliabide psikologiko eta juridikoak eta osasun eta babes arloko baliabideak, eta behar duten informazio guztia izan dezaten bermatuko dugu». Halaber, jakinarazi du protokoloa martxan jarri dutela, erakundeen erantzuna eta erasoa jasan duenari eta haren ingurukoei eman beharreko arreta koordinatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du udalaren adierazpen instituzionalarekin, eta erasoa gaitzetsi du. «Emakume guztiek dute aisialdiaz eta gizarte harremanez askatasun osoz gozatzeko eskubidea, eta, horregatik, berriz ere adierazi nahi dugu indarkeria sexistarik gabeko kaleak, auzoak, udalerriak eta hiriak nahi ditugula», adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.