Udalen osaketa Gipuzkoan

Andoain. Jakin arren, berretsi beharrekoa

Maider Lainez PSEko hautagaia izango da datozen lau urteetan Andoaingo alkate, EAJren babesari esker. EH Bilduk lortu zuen boto gehien, baina sozialisten eta jeltzaleen arteko ituna gailendu egin da.

Maider Lainez (PSE) Andoaingo alkate berria, atzo, batzar aretoan, aginte makila hartu berri. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Maider Galardi
Andoain
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Kazetari mordoa udaletxe plazan, eta pankarta bat elizako atarian, aldez alde: «Hau al da herriak nahi duena?». Udaletxeko atean, berriz, 155 zenbakia zeramaten hainbat paskin. Ondorengo orduetan biziko zenaren isla zen Andoaingo plaza, inbestidura saioa baino ordubete lehenago. EH Bilduk «inoizko emaitzarik onenak» lortu arren, alkatetza galtzeko arriskua zuen, PSEko Maider Lainez alkate aurkeztu eta EAJk babesa ematea baitzen asmoa. Hala adostu zuten bi taldeek ostiralean, baina, orain lau urte gertatutakoaren ostean —EAJko ordezkari batek abstentziora jo zuen azken unean—, urduritasuna eta ikusmina agerikoak ziren Gipuzkoako udalerrian. Jakina zen Lainez izango zela alkate, baina berrestea falta zen. Jada idatzita zegoena bete zen azkenean: lau urterako alkatetza lortu du PSEko Lainezek, EAJren babesarekin.

Goizeko hamarretarako, lepo zegoen Andoaingo udal batzarretako aretoa. Ia ordezkari guztiak ziren beren lekuan, Lainez alkategai sozialista izan ezik. Aretora sartzen azkena izan zen, nabarmen pozik. Haren kideak, ordea, urduri, orduan bertan jakin baitzen Samaniegon (Araba) PSEk ituna hautsi zuela EAJrekin, EH Bilduren mesedetan. «Lasai, lasai, egon lasai», zioen Lainezek bere aulkitik: «Ongi aterako da».

Bi alkategai ziren buruz buru, alkatetza lortzeko deman: bozetan boto gehien lortutako zerrenda izan zen EH Bilduren ordezkari Andoni Alvarez, eta Lainez. Azken unean, ordea, Elkarrekin Podemoseko Maria Teresa Santanak ere bere burua proposatu zuen alkategai. Ez zen ezustekorik izan, ordea. Bederatzi boto jaso zituen Lainezek —PSEren bost eta EAJren laurak—, zazpi Alvarezek eta bakarra Santanak. Ana Karrere EH Bilduko alkate ohiaren eskutik jaso zuen aginte makila sozialistak.

Txaloz hartu zuten Lainezen alkatetza aretoan ziren hainbat herritarrek. Negarrez ere bai kide sozialistek. Egon zen «Zu ez zara gure alkatea» esan zuen baten bat ere. «Elkarrizketarako prest dagoen udal bat nahi dut», adierazi zuen Lainezek aginte makila hartutakoan: «Konpromisoa hartu nahi dut Andoain on bat egiteko. Zuen alboan aurkituko nauzue». Orain zortzi urte abiatu zuen ibilbidea Andoaingo Udalean: «Bada alkate izateko unea».

Alvarezek, berriz, «eskerrak» eman zizkien EH Bildu babestu dutenei, eta esan zuen jasotako «haserre» mezuak oposizio « zorrotza» egiteko baliatuko dituztela. Orduan ere txaloz lehertu zen aretoa, eta «Andoni alkate» gisako oihuak nagusitu ziren.

EAJko Mari Jose Izagirre izango da alkateorde, PSErekin egindako itunari esker, eta Izagirrek ere azpimarratu zuen «elkarrizketan» oinarrituko dela datorren legegintzaldia. Halaber, nabarmendu zuen espero duela haiek besteko «errespetuz» erantzungo dutela beste alderdiek ere. Izan ere, ostiral goizean akordioa sinatu bazuten ere, ez dute adostu nola banatuko dituzten udaleko ardurak. Alvarezek berak kargu hartu zien PSEri eta EAJri akordioaren proposamen argirik ez izateagatik: «Gu gara udal proiektu bat dugun bakarrak».

Ez EAJkoek eta ezta PSEkoek ere ez zuten argibiderik eman egin duten akordioaren inguruan.

«Gaur ez da eguna balorazioei buruz hitz egiteko; gaur pozik gaudela adierazteko eguna da», zioen Lainezek. Datozen egunetan argituko dute nork hartuko duen zer kargu. Izagirrek ere ez zien erantzun nahi izan galdera horiei.

Udal aretoan ziren oraindik sozialistak eta jeltzaleak, baina EH Bilduko kideak herriko plazara joan ziren han bildutako herritarrekin egotera. Bertan ere Alvarezen aldeko oihuak izan ziren, eta EH Bilduko ordezkariak berriz ere eman zizkien eskerrak herritarrei: «Udal aretoan legeak hala behartuta egin dut zin, baina zuei hitzematen dizuet herri hobeago batentzat lanean segituko dugula». Probokazioetan ez erortzeko eskatu zien han bildutakoei.

Elkarbizitzarako apustua

Lainezek, berriz, eskerrak eman zizkien udal talde guztiei, eta «bereziki EH Bilduko kideei», inbestidura saioa «normaltasunez» egin ahal izateagatik: «Andoain plurala da, eta udal taldearen oinarriak errespetua, bakea eta elkarbizitza izango dira». Azken lau urteetan Elkarbizitza Mahaian egindako lana ere goraipatu zuen alkateak, eta gai horretan Andoainek «erreferente» izan behar duela nabarmendu: «Hau duela zortzi urte ez zatekeen posible».

Eneko Goia izendatu dute berriz Donostiako alkate

EAJren eta PSEren akordioak fruitua eman du Gipuzkoan

Deban eta Orion EH Bilduk lortu du aginte makila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.