Behin eta berriz gauza bera errepikatu dute defentsako abokatuek: informazio zerbitzuen oharrek ez dute balio froga elementu gisa. Euskal mugimendu militanteko bost gazte epaitu dituzte Baionako Auzitegian, zenbait andeatze eta bortizkeria ekintza leporatuta. Prozedura akatsak agerian ezarri dituzte abokatuek, eta hainbat elementu baliogabetzeko eskatu dute. Froga elementuen ahultasuna azpimarratuta, puntuz puntu eraitsi dute gazteen kontrako akusazioa, eta errugabe jotzeko eskatu diote epaileari. Urtarrilaren 14an emanen du erabakia epaitegiak.
Martxoan atxilotu zituzten bost gazteak —beste bat ere atxilotu zuten, seigarrena, baina kargurik gabe libre gelditu zen—. Hiru egitatek osatzen zuten akusazioa. Lehena 2022ko uztailaren 14an Donibane Lohizunen (Lapurdi) izandako manifestazioa. U-14 kolektiboak manifestazioa antolatu zuen, eta burua estalia zuten zenbait pertsonak pinturaz betetako arrautzak bota zituzten zenbait higiezin agentziaren kontra. Bigarrena 2023ko martxoaren 23an erretreten erreformaren kontra Baionan egin zen manifestazioari dagokio. Gertatu ziren istiluetan parte hartu eta segurtasun agente bat baino gehiago zauritzea leporatzen diete. Hirugarrena, 2023ko uztailaren 12an Hendaiako tren turistikoaren kontra margoketa bat egin, eta gidaria lurrera erorarazi eta zauritu izana da —auzipetuetako bat akusazio horretatik kanpo utzi dute—.
Prozeduran agertzen diren elementu gehienak Frantziako Krimen Antolatuaren Gaineko Informazio, Inteligentzia eta Analisi Estrategikoko Zerbitzuaren (Sirasco) oharretan oinarritzen direla azpimarratu du Ilazki Ortego defentsa abokatuak. Frantziako Konstituzio Kontseiluaren jurisprudentzia batean oinarrituta defendatu du ohar horiek ezin direla polizia guzientzat eskuragarri izan, eta ez dela legezkoa horiek dosierra osatzeko erabili izana. Erabiltzekotan, Frantziako Estatu Kontseiluari galdea egin beharko lioketela argudiatu du.
Hendaiako gaztetxearen inguruan Sirascok egindako zainketak dira nagusiki. Horrez gain, Ortegok adierazi du ohar horiek ez direla oso-osorik ageri. «Ez digu eztabaida kontrajarri bat izateko aukerarik ematen». Azkenik, atxiloketa egin eta etxea miatzeko fiskaltzaren agindua falta zela ere salatu du; ez da prozeduran ageri. «Nola dakigu egon zela, eta ez zela Poliziaren eskariz egin?». Horiek guziengatik, Poliziaren aktak baliogabetzeko eskatu dio epaileari. Epaiarekin batera emanen du erabakia epaimahaiak.
Akatsak eta irudimena
Ortegorekin batera, Yolanda Molina eta Basile Bodard abokatuak aritu dira defentsa lanetan. Bakoitzak egitate bat hartu du, eta goitik behera eraitsi dute prozedura osoa.
Baionako manifestazioaz Bodard aritu da. Dosierraren arabera, bost auzipetuak identifikatu zituzten manifestazio hasieran. Horrekin, burua estalita istiluetan parte hartu zuen taldearekin lotzen dituzte. Olivier Calia Baionako komisarioaren lekukotasuna dago hor, besteak beste. Uztailaren 14ko segurtasun dispositiboaren ardura izan zuen, eta auzipetuak «formalki» ezagutu zituela dio. Alta, auzipetuetako bat kazetaria zen garai hartan, eta egun hartan bulegoan zegoela frogatzeko ziurtagiria aurkeztu du. Beste auzipetu bat ikastaldi batean zegoela frogatua dago. Horrek besteen identifikazioa ere zalantzan jartzen duela erran du Bodardek. Halaber, ez dago inolako elementurik burua estalia zutenen taldean parte hartu zutela frogatzeko.
Hendaiako tren turistikoaren kasua ere deigarria da. Prozeduraren arabera, Frederic Tranche zauritu zuten margoketa egin zutenek. Baina Tranche ez da trenaren gidaria; Hendaiako Herriko Etxeko auzapezordea baizik. «Ez du inolako bortizkeriarik jasan. Akusazioaren kalifikazioa aldatzeko ere eskatu du, kalte arinak eragin dituen margoketa gisa kontuan hartzeko. «Hendaiako Herriko Etxeak berak erran zuen kalte arina zela; egunean berean ezabatu zuten margoketa». Prozeduran ez dituzte Hendaiako segurtasun kameren irudiak erantsi; Sirascoren oharrean oinarritzen dira. «Ez da froga gisa erabiltzen ahal».
Donibane Lohizuneko manifestazioaren ondoren, hainbat arropa eta poltsa aurkitu zituen Frantziako Poliziak, eta horietan auzipetuetako batzuen aztarnak identifikatu zituzten. Hor ere, egitateen kalifikazioa zalantzan jarri du Ortegok: ez zituzten higiezinen berinak hautsi, pinturaz betetako arrautzak bota zituzten; kalte arin modura kontuan hartzeko eskatu du. Aurkitutako aztarnak egitateekin lotu izana ere zalantzan jarri du. «Funtsean ez dugu inolako elementurik jakiteko nork zer egin duen; prozeduran ez da zehaztua bakoitzari zer egozten zaion. Ezin dugu erran auzipetu guziek agentzia guzietara arrautzak bota zituztenik».
Sirascoren oharretan oinarritzen dira prozeduran hainbat ondorio ateratzeko. Hori salatu du Ortegok. «Ohar batean diote manifestazioaren bezperan auzipetuetako bat Hendaiako Gaztetxetik atera zela zakar poltsa bat eskuan. Beste egun batean, arrautza pakete batekin gaztetxera sartzen ikusten dira. Hortik irudikatzen dituzte hainbat gauza; baina frogak ezin dira irudimenean oinarritu».
Prokuradorea kasik argudio gabe
Baionako Fiskaltzako prokuradoreak ez du kasik argudiorik aurkeztu auzipetuen erruduntasuna frogatzeko, eta «ausardiarik gabe» jokatzea leporatu die, isilik egotea erabaki dutelako. «Jarrera iraingarria» izatea leporatu diote abokatuek. Hondarrean, hamabost hilabeteko zigorra eskatu du hiru auzipeturentzat —horietarik bederatzi gibelapenarekin—, batentzat hamabi hilabetekoa —zortzi gibelapenarekin—, eta bosgarrenarentzat hamar hilabeteko gibelapenezko zigorra.