Anbulantzietako langileek bertan behera utzi dute greba, aurreakordioa lortu eta gero

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako anbulantzietako langileak greba mugagabean zeuden otsailaren 19tik. ELAk, UGTk eta CCOOk sinatu dute akordioa; langileen iritziz, ez da «kasualitatea» hauteskundeetarako bi egun geratzen direnean adostu izana.

Anbulantzietako langileek greba mugagabearen hasieran egindako protesta. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Anbulantzietako langileek greba mugagabearen hasieran egindako protesta. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko apirilaren 19a
17:05
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako anbulantzietako langileek bi hilabete eman dituzte greba mugagabean. Gaur, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek akordiorako oinarri bat sinatu eta gero, erabaki dute bertan behera uztea. «Oro har, pozik gaude sinatutako akordioarekin; sektorearekin jorratu nahi dugun norabidean aurrera egiteko lehenengo pausoa da», nabarmendu du Maria Uria ELAko ordezkari sindikalak. Orain, langileek berretsi beharko dute aurreakordioa.

2021ean amaitu zen anbulantzietako langileen lan hitzarmena, eta 2022ko urtarriletik ari ziren hitzarmen berria negoziatu nahian. Greba mugagabea hasi baino lehen, 29 bilera izan zituzten enpresekin, baina ez zen emaitzarik izan. Hortaz, ELA, LAB, UGT, CCOO, LSB-USO eta ESK sindikatuek greba mugagabera deitu zuten. 1.700 langile inguru aritzen dira sektore horretan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Lan gatazka luzea eta konplikatua izan da», aitortu du Uriak. Izan ere, iazko urritik otsailera bitarte, beste 23 greba egun egin zituzten.

Hitzarmen berria 2028ra arte egongo da indarrean. Uriaren ustez, «salto handi bat» egin dute lan baldintzetan. Guztira soldatak %30,64 handituko dituzte, 2028ra bitartean: 2022an eta 2023an, %5; 2024tik 2026ra, %3,5 urtero; 2027an, KPI gehi %1,5; eta, 2028an, KPI gehi %4. Horrez gain, lanaldia 124 ordu murriztuko dute 2029rako. «Urtean 1.712 ordu lan egin beharrean, 1.588 ordu egingo ditugu», zehaztu du Uriak.

Beste adostasun batzuk ere jaso dituzte; besteak beste, errelebo kontratuari bere hartan eutsiko zaio, antzinatasunean %1eko igoera jasoko da, eta kategoria profesionalak zehaztuko dira. Bestalde, inaplikazio klausula eta ultraaktibitate klausula jaso dituzte: adostutakoa beteko dela ziurtatzen du horrek; hitzarmena amaitzean, gainera, besterik sinatu ezean, egungoa aplikatzen jarraituko dute.

«Pozik gaude emaitzarekin, lan handia egin dugulako eta borrokak balio duela erakutsi dugulako», azpimarratu du Uriak. Hala ere, gogoratu du orain arte patronalak eta administrazioak ez dutela euren ardura bete, eta ez dutela «irtenbiderik eman» hitzarmen berria lortzeko. Era berean, zehaztu du ez dela «kasualitatea» hitzarmena gaur sinatu izana, noiz-eta hauteskundeetarako bi egun falta direnean. «Orain arte, Osakidetzan utzikeria onartu behar izan dugu, eta, hain justu, gaur lortu dugu akordioa».

Osasun Sailak ohar bidez adierazi du «pozik» dagoela akordioarekin, gatazka «behin betiko» konpondu dutelako eta gizartearentzat «erabakigarria» den zerbitzu bat «normaltasunera» itzuli delako. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak erantsi du kontratatuta dauzkaten enpresek negoziatu behar dituztela langileen lan baldintzak —zerbitzu ia osoa pribatizatuta dago, eta bi enpresak eramaten dute», eta Osasun Sailak «hasieratik» lagundu duela gatazka konpontzen, «betiere enpresekin duen kontratu harremanaren esparruan».

LAB, akordioaren kontra

LAB sindikatuak ez du sinatu aurreakordioa, eta kritikatu egin du ELAren, UGTren eta CCOOren erabakia. Ohar bidez azaldu duenez, akordioak ez du bermatzen erosahalmenik ez galtzea eta «hobekuntza apurrek» arlo ekonomikoari baino ez diote eragiten.

Sindikatuaren ustez, akordioak ez du kontuan hartu langileen eskaera nagusietako bat: «Osakidetzako kideekiko homologazioa ekarriko lukeen prozesu bat abiatzeko aukera itzela galdu da gaur, Lan berdina, soldata berdina lelopean hainbeste borroka egun eta bi hilabeteko greba mugagabea egin ondoren».

ELAri, UGTri eta CCOOri leporatu diete kalean borrokan dihardutenei «traizio» egitea; erabakia asanbladara eraman beharko litzatekeela erantsi dute, langileek iritzia eman dezaten. Halaber, «harrigarritzat» jo dute  «EAEko hauteskundeetarako bi egun» falta direnean sinatu izana akordiorako oinarria. «LABek ez du ulertzen aurreakordio hau sinatzea, orain baitzen intersindikaletik eragiteko eta homologazioa lortzeko garaia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.