Anbulantzietako langileak «lur jota» daudela ohartarazi dute sindikatuek Eusko Legebiltzarrean

LSB-USO, ELA, UGT, LAB, ESK eta CCOO Osasun Batzordean izan dira gaur. Salatu dute anbulantzietako langileek enpresaren «presioa, tratu txarrak eta utzikeria» pairatzen dituztela. Zerbitzua publikoa izan dadin exijitu dute, «lehenbailehen».

Anbulantzietako sindikatuetako ordezkarien agerraldia, gaur, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. EUSKO LEGEBILTZARRA
Anbulantzietako sindikatuetako ordezkarien agerraldia, gaur, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. EUSKO LEGEBILTZARRA
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko azaroaren 18a
19:15
Entzun

Lan baldintza negargarriak. Baliabide falta. Anbulantziak egoera txarrean. Prestakuntza hartzeko aukerarik ez. Arabako eta Bizkaiko anbulantzia zerbitzua kudeatzen duen La Pau enpresaren sindikatuetako ordezkariak Eusko Legebiltzarrean izan dira gaur, eta langileak «lur jota» daudela ohartarazi dute. Azken enpresarekin egoerak okerrera egin duen arren, argi utzi dute egoera ez dela berria. Hortaz, zerbitzua publikoa izan dadin exijitu dute, «lehenbailehen».

EH Bilduk eskatuta egin dute agerraldia, eta hitza hartu dute LSB-USO, ELA, UGT, LAB, ESK eta CCOO sindikatuetako ordezkariek. «Zerbitzua publiko egiteari uko egiteaz gain, Eusko Jaurlaritzak uko egiten dio auzi hori eztabaidatzeari ere, eta hori da lantaldearen aldarrikapen nagusia», nabarmendu du LSB-USOko Axlor Riezuk. Eta Samanta Rubio ELAko ordezkariak erantsi du: «Pribatizazio eta azpikontratazio ereduak porrot egin du; bada garaia anbulantzia zerbitzua beste modu batera kudeatzeko». Izan ere, ELAren iritziz, azpikontratazioa garestiagoa da herritarrentzat, ez bakarrik kostu ekonomikoengatik, baizik eta eskaintzen den zerbitzuaren kalitatearengatik.

Azken urteotan, sindikatuek gogor jo dute La Pauren aurka, ugariak izan baitira enpresaren gorabeherak. Rubiok zehaztu duenez, langile bakoitzari 4.000 eta 6.000 euro bitartean zor dizkiete. Hain justu, hilaren 30ean etengo dute kontratua. Gaurko agerraldian, baina, sindikatuek argi utzi dute arazoak ez dituztela bakarrik La Paurekin izan. ESK-ko Asier Muñozek, adibidez, gogorarazi du Larrialdiak enpresak «egun batetik bestera» alde egin zuela, langileei batez beste 5.000 euroko zorra utziz: «Zor hori ia lau urte beranduago kobratu dugu».

«Pribatizazio eta azpikontratazio ereduak porrot egin du; bada garaia anbulantzia zerbitzua beste modu batera kudeatzeko»

SAMANTA RUBIOELA sindikatuko ordezkaria

Muñozen iritziz, hainbat arrazoi daude zerbitzuaren egungo egoera azaltzeko: «Zerbitzua kalitatezkoa izan dadin, beharrezkoak diren kontrolak ez dituzte egin, zerbitzuari eusten dioten langileak ez dituzte zaindu, eta ez dute zerbitzu hau EAEko gainerako osasun zerbitzuekin integratu nahi izan». Hori dela eta, zerbitzua publiko egitea aldarrikatu du.

Nominen ordainketan atzerapenak izateaz harago, beharginek «lan baldintza negargarriak» dituzte, CCOO sindikatuko Nerea Urquijok salatu duenez. Are, Riezuk esan du lantaldea «akituta» dagoela, «fisikoki, emozionalki zein mentalki». Lan kargak gora egiten du, baina baliabideak eta langile kopurua bere horretan mantentzen dituzte. Hortaz, langile kopuru berdinak lan karga handiago bati egin behar dio aurre. «Inoiz ikusi ez» dituzten «baja kopuruak» eragin ditu horrek.

Enpresaren mehatxuak

Riezuk ohartarazi du langileek enpresaren presioa, tratu txarrak eta utzikeria pairatzen dituztela. «Enpresak beti egin dio uko negoziatzeari; urtebete baino gehiago egon da batzordearekin bildu gabe, eta ez da inoiz elkartu greba batzordeekin», azaldu du. Antzera mintzatu da UGT sindikatuko Gaizka Uriarte, eta gehitu du langileek mehatxuak jasotzen dituztela. «Prentsan agertu dira gu hiltzaile deituz, eta kontzentrazioetara istiluen kontrako polizia bidali dute beti». Euren lanaldia bukatzean, ordu gehiago lan egiteko «ikaratzen» dituzte, honako hau esanez: «Ez gaudenean zerbait gertatzen baldin bada, esaten digute ondorioei aurre egin beharko diegula».

Uriartek argi azaldu du: «Enpresa horiek ez dute arazorik langileen baldintzak urratzeko». Legearen arabera ospitalean dagoen senide bat zaintzeko bost egun dituzten arren, enpresak bat eta erdi besterik ez die ematen. Horrez gain, ez dute aukerarik formaziorako. «Gure lanbidea eguneratuz doa, baina enpresak ez digu prestakuntzarik eskaintzen», esan du UGTeko ordezkariak. Euren kabuz lortu behar dute formazioa, beraz: «Oso garestia da, ez digute ordaintzen, eta ez digute ordurik ematen prestakuntza hartu ahal izateko». Bazkaltzeko tarterik ez dutela jakinarazi du, ezta deskantsua hartzeko ere: «Lantaldea lur jota dago».

Erabiltzaileek ere pairatzen dute zerbitzuaren egungo egoera. «Programatutako zerbitzuan, herritarrak lau edo sei ordu egon daitezke anbulantziaren zain», azaldu du Rubiok. «Gertatu izan da herritar bat errehabilitazioa egitera joatea, eta sei ordu itxaron behar izatea etxera itzultzeko», gehitu du LABeko Oskar Rabadanek.

«Presio egiten digute erabilera bakarreko gailuak garbitu eta berriro erabiltzeko, esate baterako, lepokoak»

ASIER MUÑOZESK sindikatuko ordezkaria

Baliabideei dagokienez, anbulantziak «egoera okerrean» daudela salatu du Urquijok, baita «baseak» ere, eta inork ez duela egoera kontrolatzen. Izan ere, Riezuk esan du azken hilabeteotan anbulantzia batzuk 48 ordu egon direla zerbitzuz kanpo, eta gurpilen eta balazta pastillen mantentze lanak besterik ez dituztela egiten. «Gainerakoan, zorte on». Materiala ere «urria» da, ESK-ko ordezkariaren arabera. Eta adibide argia jarri du: «Presio egiten digute erabilera bakarreko gailuak garbitu eta berriro erabiltzeko, esate baterako, lepokoak». Material falta badute, ospitaleetan lapurtzeko ere esaten diete.

Egoeraren jakitun izatea eta «beste toki batera begiratzea» leporatu dio LABeko kideak Osasun Sailari, eta «konplize» deitu. Rubiok, berriz, Osasun Sailari exijitu dio zerbitzuaren kudeaketa bere gain har dezan, eta publiko egin dezan. «Osasunarekin lotutako funtsezko zerbitzu bat ezin da enpresa pribatuen esku utzi, eta ezin da negozioaren xede izan; zerbitzua publikoa izan behar da, egungo lantaldea errespetatuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.