Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur iragarri duenez, Emergentziak ESIaren egitura aldatuko dute, datozen hiru hilabeteetan garatuko duten plan funtzional baten bitartez. Osasun arretaren kalitatea hobetzea eta arreta eskaini arteko denbora murriztea dira berregituraketaren arrazoi nagusiak, sailburuak azaldu duenez, «herritarren osasuna babesteko garaian segurtasun handiagoa izan dadin». Aldaketa esanguratsu bat hau da: anbulantziak kudeatzeko zentro birtual bakar bat izango du Osakidetzak. Gaur egun, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak zentro bana dute, eta guztiak bilduko dituen bakarra osatzea da Osasun Sailaren asmoa. Horrela, hiru minutu azkarrago eman ahalko dute osasun arreta anbulantziek. Hiru minutu horiek «erabakigarriak» dira, sailburuaren arabera.
Erlazionatuta
Zentro horietatik koordinatzen dituzte anbulantziak. Egoerarik larrienetan, bizi euskarri aurreratuak erabiltzen dituzte; medikalizatuak edo erizaindunak izan daitezke. Medikua duten gehienak publikoak dira. Izan ere, gaur egun, Tolosakoa, Elgoibarkoa (Gipuzkoa) eta Donostiakoa ez dira publikoak, baina haiek publifikatzeko asmoa du Osasun Sailak. Anbulantzia erizaindunak, berriz, enpresek kudeatzen dituzte. Enpresa berek kudeatzen dituzte oinarrizko bizi euskarriak –gidaria eta teknikaria daude bertan– eta anbulantzia programatuak. Sailburuak aditzera eman duenez, anbulantzia medikalizatuek gehienetan 15 minutu behar izaten zituzten iaz arreta eskaintzeko, eta gainerako gehienetan, 13 minutu.
Euskal Autonomia Erkidegoa lurralde unitate bakar gisa hartuta, herritarrei osasun arreta «modu eraginkorrago batean» emango diete, Martinezek gaur Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean azaldu duenez. Ondoan izan du Pablo Busca, Emergentziak ESIko koordinatzailea. Postu hori bera ere berritasun bat da, eta gobernantza berri baten beharra nabarmendu du Osasun sailburuak. Kudeaketa eta asistentzia funtzioak konbinatuko dituen egitura horizontalagoa lortu nahi dutela azaldu du.
Teknologiari ere erreparatu diote horretarako. Anbulantziak non dauden jakiteko diseinurik onena zein den aztertuko dute. Ildo horretatik, «flotak kontrolatzeko teknologiarik aurreratuenak eta eraginkorrenak barne hartzeko prozesuan aurrera egitea» ere lehentasuntzat dauka Osasun Sailak. Mahai gainean jarri dute, gainera, Osakidetzaren helikoptero medikalizatua Iurretan (Bizkaia) edukitzeko aukera.
Oinarrizko Bizi Euskarrietako txandak «eskariari egokitzea» ere erabaki dute, eta langileak lan zamaren arabera «orekatzea edo dimentsionatzea». Horretarako, kudeaketari lotutako lana murriztuko diete, azaldu dutenez. Anbulantzietako eta egoitzako lana konbinatzen dituzten kontratu mistoen aukera aztertu eta baloratuko dute, gainera.
Protokoloak ere berrikusiko dituzte, «zorroztasun osoz» zerbitzuaren kalitatea eta arretaren segurtasuna berma daitezen.