Anbulantziak geldi, eta langileak ibilian

Hasi da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako anbulantzietako langileen greba mugagabea. Sindikatuek «arrakastatsutzat» jo dute, gutxieneko zerbitzuez kexu diren arren.

Anbulantzietako langileen greba
Osasun garraioko langileak protestan, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2024ko otsailaren 19a
17:15
Entzun

Bi anbulantzia iritsi dira Basurtuko ospitaleko inguruetara (Bizkaia), eta, han, protestan ari diren osasun garraioko langileekin egin dute topo. Anbulantziek abiada moteldu dute, sirena jotzen hasi dira, eta gidarietako batek ukabila altxatuz agurtu ditu lankideak. Pankartaren atzetik txaloka hartu dute gidariaren keinua. Izan ere, greba mugagabea hasi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun garraioko langileek, eta gaurkoa izan dute lehenengo eguna.

Urritik hona, beste 23 greba egun egin dituzte anbulantzietako langileek, erosahalmena berreskuratzea eta lan baldintzak arlo publikoko langileen baldintzekin parekatzea galdegiteko, eta negoziazioak fruiturik ematen ez zuela ikusita, oraingoz amaiera datarik ez duen protestari ekin diote. Haserre daude anbulantzietako langileak, eta, aldi berean, borrokaldia azken bururaino eramateko prest.

Anbulantziak borrokan leloa idatzita daukan pankarta zabaldu dute Basurtuko erietxearen aurrean. Sindikatu guztiek sinatzen dute pankarta: ELA, LAB, LSB-USO, UGT, CCOO eta ESK elkar hartuta daude gatazka honetan. «Ostiralean enpresek beste eskaintza bat egin ziguten, baina, funtsean, orain arteko eskaintza berdintsua da: atal batean igoera txiki bat egiten dute, eta beste atal batetik kentzen dute. Hau txantxa bat da. Patronala gotortuta dago, eta Eusko Jaurlaritzak ez du ezer egiten», azaldu du Endika Garcia ELAko ordezkariak.

«Herritarrak ordaintzen ari dira jasotzen ez duten zerbitzu batengatik, eta guk zerbitzu duin bat eskaini nahi dugu».

SANDRA BURGOSOsasun garraioko langilea

Grebalarietako bat presoz mozorrotuta dago, eta eskuburdinak jarrita dauzka eskumuturretan. Izan ere, langileek salatu dute «kriminalizazio kanpaina bat» dagoela beren kontra: «Joan den astean, Ertzaintzaren patruilak lanpostuetara bidali zituzten, eta hamabost bat langileri jakinarazi zieten ikertuak izaten ari direla. Zenbait kasutan, akusazioa da anbulantzietan pegatinak itsastea», esan du LABeko David Rivasek. Langile batek eskuko telefonoa atera, eta enpresak pazienteei bidalitako oharra erakutsi du: han, enpresak jakinarazten die zerbitzuaren erabiltzaileei atzerapenak egon daitezkeela «piketeen ondorioz».

Gutxieneko zerbitzuak

Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak izaten ari dira gatazka honetako hizpide nagusietako bat. Sindikatuek esan dutenez, lehen greba eguna «oso arrakastatsua» izan da, eta «greba egiterik zeukaten ia guztiek» bat egin dute protestarekin, baina salatu dute gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» begitantzen zaizkiela –zenbait kasutan, %90ekoak dira– eta enpresek egun arrunt batean ez dutela neurri horretako zerbitzurik eskaintzen: «Beharbada, grebari esker, pazienteek egun arrunt batean baino gutxiago itxaron beharko dute», esan du Sandra Burgos langileak.

Baina, gainera, «antolaketa eskasa» egon dela diote: gutxieneko zerbitzuak larunbat goizean argitaratu ziren, baina zenbait langileri igande iluntzean jakinarazi zioten SMS bidez biharamunean 06:00etan lanera joan behar zuten ala ez. Diotenez, horrek urratzen du enpresek berek ezarritako protokoloa deskonexio digitalerako eskubidea arautzeko. Horren ondorioz, zenbait lekutan gutxieneko zerbitzuak ez dira bete: Bizkaian, adibidez, 80 anbulantzia atera behar ziren, eta 52 baino ez dira lanean aritu.

Josu Prieto ere osasun garraioko langilea da: «Jaurlaritzak kontrataturik dauzkan enpresetan langile falta ikaragarria da, eta ondorioa da lan zama handia. Pazienteak oso nahigabeturik daude zerbitzuarekin: berez, oso ataka zailean daude, eta honekin, enpresek, haien egoera arindu beharrean, larriagotu baino ez dute egiten. Langileoi antsietate handia eragiten digu, gure asmoa baita pertsona horiei ahalik eta zerbitzurik onena ematea».

Burgosek berretsi du Prietok adierazitakoa: «Gaur bertan ibilgailu bat geldiarazi dute IAT ibilgailuen azterketa teknikoa eguneraturik ez zeukalako. Material eskasia dugu, ez daukagu intzidentziak jasotzeko agiririk, nominak gaizki egiten dituzte, langile batzuei berandu ordaintzen diete eta abar. Susmopean eta presionaturik sentitzen gara. Baina borroka hau ez da bakarrik gure interesen aldekoa: herritarrak ordaintzen ari dira jasotzen ez duten zerbitzu batengatik, eta guk zerbitzu duin bat eskaini nahi dugu, jendeak anbulantzia bat izateko hamabi orduz itxaron behar ez dezan».

Enpresek argudiatu dute ez dutela baliabide nahikorik langileen eskakizunak bete ahal izateko. Prieto ez dator bat horrekin: «Jaurlaritzak %30 handitu du enpresei ematen dien dirua. Guk erosahalmenaren %17 galdu dugu azken bi urte hauetan, eta enpresek %3ko egoera eskaintzen digute; baina enpresa horiek, herritarren diruarekin, Badalonan [Katalunia] dituzten zuzendaritzako kideei urtean 114.000 euroko soldatak ematen dizkiete, etekinak alde batera utzita. Lehendakariak baino gehiago kobratzen dute, zerbitzu negargarria ematen duten bitartean».

«Jaurlaritzak kontrataturik dauzkan enpresetan langile falta ikaragarria da, eta ondorioa da lan zama handia».

JOSU PRIETOOsasun garraioko langilea

Grebalariak ordu erdiz egon dira Basurtuko erietxearen aurrean, eta, ondoren, manifestazioa egin dute Montevideo etorbidean barrena. Autonomia kalera iritsi direnean, taxi eta autobusentzat gordetako bidetik joan behar izan dute, autoen joan-etorria ez oztopatzeko, eta gero, Areiltza Doktorearen zumarkalea eta Poza kalea atzean utzita, Osasun Sailaren ordezkaritzara iritsi dira. Lehen txaloak, orain atxiloketak; Anbulantziak borrokan, eta Jaurlaritzaren esku hartzea eta Gotzone Sagardui sailburuaren dimisioa eskatzeko oihuak egin dituzte. Bi orduz Bilboko kaleak zeharkatu ostean, manifestazioa Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean amaitu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.